Eraso osteko balantza orekatzeko, balantzeak

Esan diogu agur abuztuari eta agurtu ditugu, era berean, Euskal Herriko hiriburuetako festa nagusiak. Iruñeko San Ferminekin hasi eta Bilboko Aste Nagusira arte, udara osoan jai eta dantza ibiltzeko parada izan dugu, hamaika herritan ere ospatu dira eta.

Hiri nagusietan bizitakoaz, balantze ezin hobeak jaso ditugu agintarien (eta haien bozeramaileen) eskutik, bakoitza berean eskaini eta jazotakoaz ezin harroago, ezin alaiago. Iritzi komuna dute festei dagokienez gure hiriburuetako alkateek eta –a zer nolako kasualitatea-, baita ikuspuntu bera ere: gizonezkoak guztiak. Emakumeenganako erasoei dagokienez uda-jai-giro tamalgarria izan den honetan, balantzeetako goiburuan alaitasuna, elkartasuna, prestigioa eta lasaitasuna azpimarratu dituzte.

Iruñeko San Ferminekin ekin zitzaion udako jai nagusien segidari, eta baita sexu eraso eta eraso sexistenei ere. Jaiak hasi aurretik, manifestazio jendetsua egin zuten Nafarroako hiriburuan, halakoak ekidin eta gaitzesteko, baina egun gutxitara izan genuen eraso latz baten berri. Joseba Asiron alkateak aurten “alaitasuna eta normaltasuna” izan direla nagusi azpimarratu zuen. Klitto!-n salatu genuen unean bertan, tamalgarria dela sexu eraso bereziki larria jazotako festetan zer eta normaltasuna azpimarratzea.

Iparraldean, Baionako Bestek jarraitu zuten. Zazpi salaketa jarri zituzten festen testuinguruan, sexu erasoei lotuta. Balantze ofizialean, Samuel Vuelta fiskalak “gai aski labaina denez, ondorioak zehaztu aitzinetik zuhur jokatu” behar dela azpimarratu zuen, eta zazpi salaketa horietatik, lau, faltsuak zirela. “Jendetsuak eta jazoera oso larririk gabeak” izan dira aurtengo Bestak, Jean-Rene Etchegaray auzapezaren iritziz. Jazoeren artean, telefono mugikor eta diru-zorroen lapurretak nabarmentzea nahiago izan zuen balantzean.

Hegoaldera itzuliz, Gasteizko Andramari Zuriaren jaiek eraso sexista izurritea ekarri zuten. Eta ez soilik emakumeei zuzenean egindako erasoena, gainera. Iraintzaileak irainduta sentitu ziren Gasteizen, eta Bilgune Feministaren aurkako manifestazioan atera ziren ehunka pertsona, benetako erasotzaileak euren artean zeudela ahaztuta, nonbait. Balantzean, Gorka Urtaran alkateak, aurten jaiak ”errespetuan eta jai-giroan” joan direla azaldu zuen, eta gaitzespen bat ere egin zuen: Bilgune Feministaren eta Nesken eta Blusen Batzordearen artean piztutako “polemika”-rena. Erasotzaileak eta eskubideak aldarrikatzen dituztenak maila berean egongo bailiran, “aldeen artean bitartekari lanak” egiteko prest agertu zen, gainera, Urtaran. Balantze feministaren alde, Blusen eta Nesken kuadrilla batzuk deitutako kontra-manifestazioa: jai sano eta parekideen alde ere, elkartu zen jende andana Gasteizen.

Lekukoa hartu zion segituan Donostiako Aste Nagusiak. Beldurra aldez aldatuz ekin zioten, Bilgune Feministak deituta, Alde Zaharrean zehar egindako manifestazio jendetsuan. Donostian bai, badirudi beldurra aldatu zela aldez. Euskal Herriko hiriburu bakarra izan da aurten, sexu eraso edo eraso sexisten inguruko salaketarik jasan ez duena. Ernesto Gasco, Donostiako alkate-ordea, ez dago ekimen berritzaileen alde, dena den: balantze ofizialean, hiriko jaietara “prestigioa tradizioaren eskutik eta zezenketei esker” bueltatu dela azpimarratu zuen.

Amaitu berri da Bilboko Aste Nagusia, eta Marijaia bera libratu bada ere, hiru emakume izan dira eraso sexisten biktima, aurten. Beldurra aldez aldatu nahian ekin zioten Bizkaiko hiriburuan, baita ere, Aste Nagusiari, manifestazioan, baina ez da nahi bezain eraginkorra izan, dirudienez. Hiru eraso; hainbestetan, elkarretaratze eta txosnen isiltzeak. Balantzea ezagutaraztearen arduraduna, Itziar Urtasun, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaien Saileko zinegotzia: jai esparruko zonaldeetan gertatutako erasoak aipatuz ekin zion aurkezpenari; eta goiburu nagusia, Bilbok “dena eman du herritarren elkartasuna ezaugarri izan duen Aste Nagusian” izanda, elkartasunaren ideia distortsionatu xamarra ere plazaratu du.

Paregabeko balantzeak, paregabeko festetarako. Udara osoan zehar, astero-astero izan dugu gizarte matxistan oinarritutako erasoen berri. Euskal hiriburuetako udal gobernuek erabaki dute zein lekutan kokatzen dituzten: lehentasunik ez, biolentzia honi aurre egiteko. Euskal Herriko beste hamaika herritan, beste hamaika eraso ere izan dira, gainera.

Balantze ofizialen arabera, larritu behar ez bagenuke ere, festa giroa baliatuta egindako emakumeenganako erasoak eten arte oihukatuko dugu: SEXU ERASORIK GABEKO JAIAK NAHI DITUGU, ETA KLITTO!

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *