“Jazarpena demostratu ezean, gezurti presuntzioa gailentzen da”
klitto! 2015-11-25

Eneritzek mutil lagunarekin harremana moztea erabaki zuenean, mezu iraingarriak, mehatxuak, jazarpena… jasaten hasi zen haren eskutik. Egoeraren larritasuna kontuan hartuta eta ikusiz fisikoki ere eraso egin ziezaiokeela, lagun batek 016 zenbakia aipatu zion, eta salaketa jarri zuen ondoren. Eneritz, fikziozko izena da, noski. Baina Eneritzen irudia du gure elkarrizketatuak: emakumea da, zuria, euskalduna, gaztea, unibertsitate ikasketak ditu, eta Euskal Herriko herri txiki batean bizi da. Prozesuaren nondik norakoak ezagutu nahi izan ditugu.

Zergatik erabaki zenuen larrialdi zerbitzuetara jotzea?

Nik harreman batean ez dut edozer gauza onartzen eta ez nuen niri gertatzerik espero. Lagunekin joan nahi badut, lagunekin joaten naiz, ez ditut jarrera zitalak onartzen, ez dut zertan. Horregatik utzi nuen harremana, eta juxtu orduan egiten zidan eraso.

Zertan zetzan indarkeriak?

Mezuak bidaltzen zizkidan: goizeko hirurak; goizeko hirurak eta bost, hirurak eta hamar, hiruak eta hogeita bost, laurak, laurak eta laurden… azkenean, iritsi zen momentu bat non ez nekien benetako mezu bat ote zen, edo ametsetan ari nintzen. Informazio konprometituekin eta pertsonalekin, eta argazki pribatuekin mehatxatu ninduen, argitaratu egingo zituela esaten zidan. Beste modu batzuetara ere kontrolatzen ninduen, ez dakit nola. Norbaitekin irteten nintzenean edo lagun batekin kafetegi batera joaten nintzenean edo beste herri batera, kasualitatez, mezua bidaltzen zidan. Azkenean, lagun batek 016 zenbakia eman zidan. Nik ez nekien horra deitu behar zenik.

Azalean markarik uzten ez duen indarkeria, beraz.

Ostia psikologikoa ematea posible da, irainen bidez, begiradekin. Hori ere bortxatzeko modu bat da. Baita, esaterako, argazki pribatuekin egiten duen erabilera ere. Azkenean, zure gorputza, zure baimenik gabe erakutsia izatea da: momentu horretan, zu ez zara zure gorputzaren jabe. Gainera, erasoa fisikoa bada ostikada bat eman eta gainetik kendu dezaket; bultza egin diezaioket… defenditu naiteke; baina interneten, argazki hori hor dago, eta edonork elkarbanatu dezake. Zure gorputzarekin nahi duena egin du. Publikoki bortxatu nau azkenean.

016ra deitu zenuen. Zein izan zen jasotako erantzuna?

Ez dakit Madrilera edo nora deitu nuen. Noski, gazteleraz. Esan zidaten deitzeko Bilboko BLZ-ra (Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza) –Eneritzek SAV esaten dio, Servicio de Atención a las Víctimas, gazteleraz atenditu baitzuten soilik–. Joan nintzen, baina Bilbora ere heldu egin behar da lehengo. EAEko hiriburuetan dago bakarrik zerbitzua, Bizkaian, Barakaldon ere bai; baina besterik ez. Horrek esan nahi du herri batean bizi denarentzat ez dela eskuragarria. Kontuan hartu behar da baita ere bikoteak kontrolatu zaitzakela. Horrez gain, SAV zerbitzura joateko, zita hartu behar da. Asteburuetan itxita dago. Sartu, eta zita eman zidaten hamar egunera edo. Eta egun horietan guztietan, bueltaka ibili nintzen zer egin pentsatzen.

016ra deia egin eta hamar egun igarota, atenditu zintuzten, beraz.

SAV zerbitzura joan nintzen, eta inork ez zekien euskaraz. Gizarte hezitzailea, gizona eta espainolez: “que yo euskera no sé”. Salaketa ipintzeko esan zidan eta, babes neurri moduan, ez irteteko nire herritik zehar -herri txikia-, irteteko beste leku batzuetatik. Zer egin behar nuen nik nire sare sozial guztia zakutik hartzera bidali?

Horrez gain, panfletoak, salaketako orriak… eman zizkidaten. Bertan esan zidaten salaketa jartzeko. Iraupenari buruz inork ez zidan hitz egin, baina ni bi urte eta erdi inguru egon naiz prozesuan. Bizitza mozten dizute.

Eta orduan joan zinen komisaldegira salaketa jartzera. Nolakoa izan zen zure esperientzia komisaldegian?

Komisaldegira heltzean, gizon bat topatu nuen, bi bider bi, kristoren autoritatea dauka zure gainetik, eta armak daramatza. Gela berak itxi du. Mila kamera daude. Tentsio askoko egoera da.

Nik salaketa ipini nuenean, abokatu batekin ere egon gabe ipini nuen. Komisaldegian etengabe jartzen dute zalantzan zuk esandakoa: nik badakit [mutil lagun ohiak] kontrolatzen ninduela. Ezin dut demostratu. Hori da gauza. Uste dut mugikor bidez kontrolatzen ninduela. Eta ezin baduzu jazarpena demostratu, “gezurti presuntzioa”, beste guztiaren gainetik.

Gadeketarik komisaldegian?

Galdeketa bat, eta latza. Nik ez nuen espero horrela tratatzerik. Neurri batean maltratatu egin ninduten. Sekulako galdeketa egiten dizute, presio ikaragarria. Ez dakit zer erantzuten nuen momentu batzuetan. Eta sentsazioa neukan, argi eta garbi, erruduna neu nintzela. Zuk demostratu behar duzu egia diozula, bitartean, gezurti presuntzioa.

Komisaldegian dena zen galdetu, galdetu, galdetu, galdetu… hiru ordu inguru egon nintzen. Gazteleraz. Ertzainak, denak gizonak. Eta azkenean, buruak ez zidan ematen. Ezin nuen pentsatu, modu automatiko batean erantzuten nuen. Erantzun konkretu baten bila galdetzen dizute, baina zuk egia kontatu nahi duzu, eta ez entzun nahi dutena. Oso gaizki pasatu nuen. Egiten dizkizuten galderek zeure buruan zalantzak sortzen dizkizute. Dudatu egiten duzu. Desorientatuta uzten zaituzte.

Momentuan bertan, nolabaiteko babesik eman zizuten?

Pare bat egunetara, nire herriko komisaldegitik deitu zidaten, joateko. Eta “Bortxa” mugikorra eman zidaten. Komisaldegian, noski, gizonak. Akosatuta sentitu izan naiz ertzainekin. Eta horrela da: maltratatuta eta akosatuta, kriston galdeketa egin zidaten berriro.

“Bortxa” mugikorra, ertzainen aparailua da. Kontrolatu egiten zaituzte. Erdiko tekla dauka larrialdian bazaude deitzeko. Hori sakatuz gero, aktibatzen da kamera, GPSa, grabagailua… baina erabili izan dudanean, desastre.

Ez da tresna baliagarria?

Behin deitu nuen, nire mutil lagun ohia Facebook bidez jazartzen hasi zitzaidala salatzeko, eta hau izan zen erantzun zidaten lehenengo gauza: “eso es competencia de Foral”. Bestela ere erasoa gertatu arte ez dute neurririk hartzen: “hasta que pase algo, no podemos intervernir”, esan zidan ertzainak.

Ez duzu sentitzen “Bortxa” mugikorra zure babeserako denik?

Zergatik ipintzen digute kontrola emakumeoi? Zergatik jakin behar dute ni orain hemen nagoela? Erasotzaileei ez diete jartzen kontrol tresnarik. Nik hau eramaten dut eta, batzuetan, kaletik noala, iparrorratz moduko ikono bat agertzen da, eta mapa bat.

Azkenean, eurek jakin dezakete ni orain hemen nagoela. Iparrorratz eta mapa hori, aurreko urteko Hatortxu Rocketik agertzen zait. Mugikor bat da, beste edozeinen antzekoa, baina batzuetan bakarrik egiten ditu gauzak. Eta jakina, oso kontrolatua sentitzen naiz. Beste modu batzuk egongo dira, ezta? Emakumeak kontrolatu gabe babesteko.

Prozesu guztian zehar mantendu duzu “Bortxa” mugikorra?

Bi urteren ondoren, bat batean esan zidaten kentzeko [“Bortxa” mugikorra], beste emakume batzuei uzteko: “beste emakume batzuek ere behar dute, eta denentzako ez dago”. Gero Eusko Jaurlaritzatik esango dute kristoren zerbitzua dela. Erasoak saihesteko ipintzea erabaki duten baliabidea ez da heltzen denontzako.

Itzul gaitezen salaketa ipini zenuen unera. Zer gertatu zen judizialki horren ondoren?

Hurrengo egunean, epaiketa azkarra. Urruntze agindua eskatu nuen. Badakit fisikoki ez dudala arazorik, edonori ostia bat emateko. Eta beti esaten dut: kartzelatik irtengo naiz, hilobitik ez. Abokatuak galdetu zidan, ea zergatik eskatu nuen urruntze agindua; eta berak defendatu behar ninduen.

Urruntze agindua ez zidaten eman. Antza denez, ez zen nahikoa. Noski, epaileak mezuen erdiak ez zituen irakurri, ez zekien eta euskaraz.

Bai epailearen galderak, eta bai bestearen abokatuarenak, komisaldegian egindakoen antzekoak izan ziren. Gainera, gazteleraz…

Hizkuntza eskubideak bermatzen dira prozesuan zehar?

Nire kasuan, mezu bidez mehatxatu ninduen. Mezu asko erderaz neuzkan, baina euskaraz ere bai. Ertzainek, epaileak, abokatuek, ez zekiten euskaraz, eta mezu asko, beraz, irakurri ere ez zituzten egiten.

Hiru abokatu eduki ditut (ofiziozkoak guztiak); lehenengo biek ez zekiten euskaraz, hirugarrenak bai, eta lan bikaina egin du. Epaileak erabaki zuen urruntze agindu bat, edo neurri batzuk jarri ala ez, euskaraz jakin barik. Mezuak irakurri barik. Ni horrela tratatzen banaute: emakume euskalduna, zuria, klinika pribatuan jaioa… emakume etorkin bat bada?

Erabaki ona izan al zen salaketa jartzea?

Salaketa kentzea planteatu nuen. Batetik, iraupenagatik; sekulako desgaste mentala izan da, eta emakumeon osasun mentala ez da kontutan hartzen, eta bestetik, kontrola. Ni oso kontrolatuta sentitu naiz prozesuak iraun duen bi urte eta erdian. Gaia gizartean tabua da gainera, eta horrek gauzak zailtzen ditu. Zergatik lotsatu behar naiz hori kontatzeaz? Nire bizitzaren parte da.

Salaketa bai, jarri behar da. Baina behar bada beste tresna batzuk ere garatu behar ditugu emakumeak babesteko. Sistema heteropatriarkalak berak ez dizkigu emango erramintak bere aurka joateko. Horregatik, nik uste dut saretu egin behar garela emakumeon artean, geure buruak babestu eta sistema honi aurre egiteko.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *