Emakumezkoen sexu-organoen mutilazioak debekatu ditu Afrikar Batasuneko Parlamentuak
Ana Iruretagoyena 2016-08-08

Afrikako 54 estatuk, kontinenteko guztiek, Maroko salbu, osatzen dute Batasun Afrikarra eta, horrenbestez, aurrerantzean, Afrikako gainontzeko herrialde bakar batean ere ez da baimenduta egongo ablazioaren moduko ankerkeriarik egitea emakumeei.

Egun, Afrikako 26 herrialdeetan burutzen da; gehien, Somalian, emakumeen %98ri egiten diete genitalen ebaketa. Munduan, 200 milioi emakumek jasan dute.

Nazio Batuen Erakundeak berak salatu duenez, praktika honek ez du inongo onurarik sortzen: hemorragia larriak, gernu arazoak, kisteak, infekzioak eta haurdunaldian arazoak baino. Horrez gain, erabiltzen den tresneriaren egokitasun ezagatik, GIBa hedatzeko modua ere bada.

Aurrerapausua, beraz, emakumezkoen sexu-organoak mutilatzearen aurkako ekintza plana sinatu dute Afrikar Batasuneko Parlamentuko 250 diputatuek.

 

Emakumezkoen genitalen mutilazioaren aurkako borroka

Nazioartean, hainbat dira emakumezkoen genitalen mutilazioaren aurka diarduten gobernuz kanpoko erakundeak. Eskutik helduta, 1997az geroztik, Munduko Osasun Erakundea, UNICEF eta Nazio Batuen Biztanleria Funtsa. 2010az geroztik, osasungintzaren baitatik praktika hau ezabatzeko estrategia du martxan, esaterako, Munduko Osasun Erakundeak.

 

Emakumezkoen genitalen mutilazio mota ohikoenak:

  1. Klitoridektomia: klitoriaren erresekzio edo erauzte osoa edo partziala. Oso gutxitan mugatzen da erauztea prepuziora (klitoria inguratzen duen azala).
  2. Eszisioa: klitoriaren eta ezpain txikien erresekzio osoa edo partziala, ezpain handien erauzketarekin ala gabe.
  3. Infibulazioa: baginaren irekiera estutzea, ezpain txiki ala handiak ebaki eta birkokatuz, klitoriaren erauzketarekin ala gabe.

 

Osasunean dituen eraginak:

Emakumezkoen genitalen mutilazioak ez du inongo onurarik sortzen osasunarentzat. Erabat kontrakoa: sexu organoetan egindako erauzketa eta kalteek euren funtzionamendu egokia galarazten dute eta epe labur zein luzean, zailtasun ugari sortzen dituzte, esaterako:

  • Gernu eta besikula infekzioak maiz.
  • Kisteak.
  • Antzutasuna.
  • Erditzean sortzen diren zailtasunak areagotzea, eta jaioberria hiltzeko arrisku handiagoa.

Bagina atzera ere irekitzeko egin behar diren operazio kirurgikoek edonolako arriskuak areagotzen dituzte gainera. Batzuetan, erditu ostean ere, itxi egiten dute berriro baginako irekiera.

 

Arrazoiak: kultura, erlijioa, gizartea

Mutilazio honen errealitateak anitzak eta konplexuak dira, eta faktore ugarik eragiten dute: sexu-morala, erreprodukzioa, hezkuntza, egoera sozioekonomikoa…

Komunitate batzuetan sinesten dute emakumezkoen genitalen mutilazioa beharrezkoa dela neskatoen hezkuntzan, helduarorako eta ezkontzarako prestatzen dituela.

Beste batzuetan pentsatzen dute klitoria, erauzi ezean, zakil baten tamaina izatera arte hazten dela eta, horrela, haurra hil dezakeela erditzean eta gizonezkoa mindu, sexu harremanak izatean.

Zenbaitetan uste dute emakumezkoen genitalen mutilazioak euren libidoa txikitzen duela eta beraz, errazago izango dela “zilegi ez diren” sexu harremanak ekiditea.

Infibulazioaren kasuan, baginako irekiera ixteak fisikoki ekiditen du emakumezkoak sarketa praktikak edukitzea, ezkontzen den arte: ezkontzen denean, bagina berriro ere irekitzeko prozesu arriskutsu eta mingarria beharko du.

Faktore sozioekonomikoei dagokienez, familia askok egiten dute mutilazioaren aldeko hautua, neskek bazterketarik jasan ez dezaten gizartean; mutilatuta ez badaude, ezingo dira ezkondu eta, beraz, ezta haurrik eduki ere; horrek eramaten ditu bazteria, abandonu eta miseriara.

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *