“Emakumeen arrauna gorantz doa eta zaleek badute emakumeen lehia ikusteko gogoa”

Estropadak –eta arrauna, orokorrean- genero ikuspegitik; zein egoeratan gaude egun? Gai honetan aditu eta aritu ez garenez, bi emakume arraunlariren esanak ekarri ditugu gurera. Horietako bat da Estitxu Zabala (Loiola, Donostia, 1985) Hernaniko arraunlaria; bestea, Elene Lopetegi (Gros, Donostia, 1995) Hibaikako kidea. Lehenak hiru urte daramatza Hernani klubean, nahiz eta aurtengo udan egin duen debuta traineruetan; aurretik batelean eta trainerillan ibilitakoa da. Bigarrenak, berriz, zortzi urte daramatza arraun munduan, eta Ur Kirolak eta Santiagotarrak klubetan ere ibilitakoa da. Oro har, emakumezkoen estropaden arrakasta gorantz doala sentitzen dute biek, baina bizipen denak ez dira xamurrak izan.

Publikoaren harrera nolakoa izaten duzue estropadetan?

Estitxu Zabala: Gu aurten Gipuzkoako Traineru Ligan aritu gara, eta estropada gehienak gizonen KAE-1 ligarekin batera jokatu ditugu (gizonen bigarren maila dena). Beraz, TKE liga ez den arren, publikoa hurbildu da estropadetara. TKE ligakoekin batera bi estropada jokatu genituen, Euskotren Ligarako sailkatzekoak zirenak, eta askoz ere jarraitzaile gehiago mugitu ziren orduan, baina zaleek normalean talde guztiak animatzen dituzte.

Gipuzkoako Ligako traineruekin bakarrik jokatu genuen jardunaldi bat, Zumaian, errekan, eta oso giro polita egon zen bertan. Zaleak ibilbide guztian banatuak zeuden, emakumeen estropadak ikustera joan ziren, hori zen zegoena, eta talde guztiak gogor animatu zituzten, oso oroitzapen polita daukat.

Kontxako sailkatze estropadan ere ontzia uretatik atera genuen momentua oso polita izan zen. Sailkatu ez baginen ere, zaleek gogor animatu gintuzten, Hernanikoak, eta Hernanikoak ez zirenak, eta oso momentu hunkigarria izan zen. Denboraldia agurtzeko ezin hobea.

Elene Lopetegi: Estropadetan edukitzen dugun publikoaren harrera nahiko ona izaten da, baina gehienetan, gure estropadetako publikoa gure lagun eta familiek osatzen dute. Hala ere, pixkanaka, gure lagun edo familia ez den publikoa gero eta gehiago da. Baina, oraindik, ezin dugu alderatu gizonezko estropadek duten publikoarekin. Egia da talde gehiago direla, baina egia da ere, beraien estropadak gehiago iragartzen direla edota komunikabideek denbora eta tarte gehiago eskaintzen dietela.

Inoiz sentitu al zarete mendeko egoeretan? Gutxietsia?

E.Z: Egia esan ez. Uste dut emakumeen arrauna goruntz doala eta zaleek badutela emakumeen arteko lehia ikusteko gogoa. Gizonen ligekin batera aritzeak mesede egiten digu, agian bestela hurbilduko ez liratekeen zaleak bertan egoten baitira.

E.L: Bai, beste arlo askotan bezala aurrera pausoak eman ditugun arren, oraindik bide luzea dugu aurretik. Behin baino gehiagotan entzun behar izan eta izaten ditugu komentario desegokiak. Gainera komunikabideek ez dute asko laguntzen. Adibidez, telebistan estropaden errepikapenak botatzen dituztenean, gizonezkoena besterik ez dute botatzen, egunkarietan informazioaren ehuneko hamarra izan ohi da guri eskainia…eta horrelako adibide gehiago jarri ditzaket. Momentu horietan gure esfortzu eta lana ikusezin bihurtzen da. Bestalde, arraun federazioek ere egin dezaketena baino gutxiago egiten dutela iruditzen zait, interesak jartzen dira pertsonen aurretik. Ikuspegi ekonomikoari begiratu ezkero ere, argi ikus daiteke gure lana ez dela hain baloratua egoten; sariak gehienetan ez dira gizonezkoenaren erdira iristen, eta guk ez dugu soldata finkorik edukitzen. Udara bukaeran irabazitako saritxo ezberdinekin ditu kopuru bat jaso dezakegu, baina guk gizonezkoen esfortzu eta lan ordu berak sartzen ditugu, plazer eta dibertsio hutsagatik.

Arraunlari eta emakume izateagatik inoiz arraro egin zaizun pasarterik bizi izan al duzu?

E.L: Gogoan dut, aurreko urtean denboraldi aurreko neguko estropada bat irabazi eta bandera gizonezkoentzako besterik ez zegoela edota gizon heldu batek ea arraunlaria naizen galdetu eta honako hau esan: “emakumea eta arraunlaria? emakumea esku horiekin ibiltzea ere…”(eskuko babei erreferentzia eginez). Nik uste adibide horiek argi uzten duela parekidetasuna oraindik ere ze puntutan dagoen.

Momentu honetan ez dute beste pasarte zehatzik gogoan, baina egunerokotasunean ezkutuan pasatzen diren adibide ugari egon daitezke.

Gizonezko arraunlariekin harremana nolakoa da orokorrean?

E.Z: Ona! Argi dago askoz ibilbide motzagoa izan duela oraindik emakumeen arraunak, gizonezkoenarekin alderatuz, baina pixkanaka aurrera doa, eta esango nuke orokorrean gizonezko arraunlariak begi onekin ikusten gaituztela.

E.L: Orokorrean talde barruan nahiko harreman ona izaten dugu, gurean behintzat. Baina estropadetan ikusten ditugun gainontzeko arraunlariekin ez dugu harreman handirik izaten, pertsonalki ezagutzen ez baduzu behintzat. Gainontzeko esparruetan bezala beti dago noizbait komentarioren bat esaten dizun tontoren bat, edota sorbalda gainetik begiratzen dizun inor, baina, orokorrean ez dugu harreman handiegirik.

Kontxako bandera jokoan izan den honetan, zein bizipen izan dituzu?

E.L: Kontxako estropadak iristen doazen heinean, jendea gehiago kezkatzen da, galdera gehiago egiten dizkigute, apustuak egiten dituzte eta entrenamenduak ikustera ere etortzen dira. Komunikabideak ere, aste osoan zehar atzetik edukitzen ditugu, eta esan beharra dago, alde hori positiboa dela, eta Kontxako estropadak emakumeon arraunarentzat indar erakustaldi bat direla kanpora begira.

Jendea gure esistentziaz jabetzen da eta horrek aurrera begirako bidea egiten laguntzen du. Bestalde, gure bizipen pertsonalak ere ugariak izaten dira; urte osoan egindako lana erakusteko momentua izaten da eta urduritasun, emozio, ilusio, gogo eta indarrak nahasten zaizkigu barnean. Bizipen guzti horiek ere, talde harremanak indartzeko lagundu ohi dute.

Harrerari dagokionez, geroz eta jende gehiago ikusten dugu kaiko ranpan guri ongi etorria emateko prest, eta uretara atera baino lehen ere, bertan egoten dira. Herrietatik ere denak elkarrekin etortzeko kedadak egiten dira, eta hori oso pozgarria da guretzat.

Kontxako estropadetan arraunlari bezala ahaldunduta sentitzen gara.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *