“Emakumeen amaitu gabeko bizitzen kontakizun eza da feminizidioa”
klitto! 2015-11-23
Graciela Atencio feminicidio.net atariko zuzendaria da. Donostiako Emakumeen Etxean Indarkeria Matxistaren Normalizazioa topaketen baitan, hizlari aritu da, feminizidioaz, Espainiar Estatuko feminizidioaz, eta oro har, gizarteak, komunikabideek eta estatuak ematen dioten trataeraz.

 

Feminizidio kontzeptuari berari buruz jardunez ekin zion Atenciok: feminizidio hitzez definituko lirateke “genero arrazoiengatik egindako emakumeen erailketak”. Marcela Lagarde antropologo, ikerlari eta feminista mexikarra da hitzaren sortzaile, eta ez da berria Latinoamerikan: 2015ean, Latinoamerikako 15 herrialdetan arautzen du kode penalak “feminizidio”a. Feminizidio eta femizidio bien artean eztabaida egon zen hasieran; gaur, parekotzat erabiltzen dira.

Atencioren ikerketara itzulita, bere ustez, Espainiar Estatuan “feminizidioa bertako gizarteari ez dagokion zerbait bezala ikusten da, kanpoko zerbait, urrutikoa; hegoaldean gertatzen den gauza bat… Latinoamerikan eta Afrikan”. Ez da egia eta datuek hala berresten dute, gainera; “aurreiritzi kolonialista bat da hori”, bere esanetan.

Bigarren aurreiritzia da herrialde batzuetan ez dela feminizidiorik existitzen. Gezurra da hori, Atenciok azaltzen duenez: kontua da ez dagoela daturik. Gizarte guztietan erailtzen dira ordea, emakumeak. “Feminizidioa beharrezkoa da kontrol sozialerako. Ez gaituzte guztiok akabatu nahi. Batzuk bakarrik, gainontzekoak kontrolatuta mantendu ahal izateko” dio Atenciok. Gizarte bakoitzean, feminizidioak bere berezitasunak ditu, baina guztietan errepikatzen da feminizidio mota bat, “feminizidio guztien erdia baino gehiago direna, gainera: bikotekideek edo bikotekide ohiek egindakoak; feminizidio intimo deritze”.

Kritika gogorra egiten dio Espainiar Estatuko gizarteari, komunikabideei eta legeari, feminizidioari ematen zaion trataerarengatik. Atencioren hitzetan, Espainiar Estatuan feminizidioa honela defini daiteke: “emakumeen amaitu gabeko bizitzen kontakizun eza”.

“Ez da gauza bera eraila izatea zuria bazara, ala beltza eta paperik gabea bazara. Komunikabideetan eskaintzen zaien espazioa, hala luzera nola arloa, ezberdinak dira”. Horregatik, prentsa eta, oro har, komunikabideak erregulatu egin behar dira Atencioren iritziz. Isunen bitartez, esaterako. “Feminizidio eta genero indarkeriari dagokionez, etengabe bortxatzen dituzte oinarrizko kode deontologikoak: emakumeak gauza bihurtzen dituzte, biktimizatu egiten dituzte, eta genero indarkeria naturalizatu egiten dute. Horren ondorio zuzena da iritzi kolektiboan sakon sartu dela ekidin ezinekoa dela emakumeak erailtzea”.

Legearen gabezien ondorioz, gainera, asko dira estatistika ofizialen barruan sartzen ez diren feminizidioak: Espainiako genero indarkeriaren legeak ez ditu kontutan hartzen, esaterako, gau bateko harreman [sexual-afektibo]-en ostean egindako erasoak. Harreman eredu tradizionalen (heterosexual-monogamo-epe luzekoak) barruan eragindako erasoak aurreikusten ditu soilik. “Alegia, gau bateko txortaldiaren ondoren gizonezko batek emakumea erailtzen badu, ez da genero indarkeriaz eraildako emakumeen estatistiken barruan sartuko; prostituta bat erailtzen duen gizonezkoa ez dute epaituko genero indarkeriagatik”.

Gizonezkoek edozein rol eta posiziotatik erailtzen dituzte emakumeak. Horregatik, beste eztabaida bat ere plazaratu nahi du Atenciok: “amak erailtzen dituzten semeena. Hori ez baitu espainiako legeak genero indarkeria bezala jasotzen baina, kasualitatez, inoiz ez dituzte aitak erailtzen semeek, ezta alabek erailtzen amak ere”.

Espainiar Estatuan, zazpi orduro salatzen du emakume batek sexu erasoa. Argi dago estatuaren erramintek ez dutela balio. “Ezin dugu guztia estatuaren esku utzi”, dio Atenciok. “Ikusi behar dugu nola erantzuten dugun gizarte bezala feminizidioaren aurrean, estatuak huts egiten duenean. Esaterako, biktimak gizatiartuz eta dolu publikoaz”.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *