Emakume gazteak: influentziak, presioak, esperientziak
Sara Zendoia 2015-10-28

Urriaren 17an Young Women’s Conference izeneko jardunaldia ospatu zen Glasgowko Grosvenor Hilton hotelean. Scottish Women’s Conventionek antolatu zuen eguna, eta batez ere 16-30 urte bitarteko emakume eskoziarrei zuzendutako eguna izan arren, eskoziarrak ez ginenak ere dezente izan ginen. Baita 30 urtetik gorakoak ere.

Ekitaldiari hasiera formala eman aurretik, ongi-etorriko kafe artean izotza apurtzeko eta elkar ezagutzeko aukera izan genuen.  Agnes Tolmie izan zen konferentziari hasiera formala eman ziona. Scottish Women Conventioneko burua da bera, Eskozian ezaguna azken 30 urteetan emakumeen mugimenduan egindako lanagatik, besteak beste. Tolmiek bere ezkerraldean eserita zeuden hiru emakume gazte aurkeztu zizkigun gero: Aileen Campbell politikaria, Jillian Merchant abokatua eta Kirstie Steele aktorea. Bakoitza mundu batean murgilduta bere influentzia, presio eta esperientziekin.

 

Aileen Campbell: politikaria

Aileen Campbell izan zen hitz egiten lehena Scottish National Party independentistako kide dena. 2011tik ume eta gazteen ministro gisa dihardu lanean. Entzun behar izan omen du umeen politikaren karguan dagoen ume bat besterik ez dela, emakumea eta gaztea izateagatik soilik.

Campellen arabera, gizartearen eta mendebaldeko kulturaren  parte bilakatu da emakumeak bere buruarengan konfiantza gutxi izatea. Honen arrazoia egunerokotasunean presente dagoen presio sorta da. Zerbait egiten duten emakumeak beti salbuespen gisa ulertzen dira. Eta azkenean zerbait hori egitea txarto ikusten da gizartean, esaterako hizkuntza mespretxu arma gisa baliatuz (“emakume batek bezala” korrika egin edo gidatzen baduzu). Eta hizkuntza ez denean begiradez edo keinuz, baina beti ezarritako arauetik kanpo dagoen kontu gisa erakutsiz, arrotz. Politikari bezala, hori aldatu behar dela aldarrikatu zuen hainbatetan Campbellek. Ildo honetatik, parlamentuak gizartea islatu behar duela zioen, emakume gehiagorekin, gazte gehiagorekin eta beraz, emakume gazte gehiagoren presentziarekin.

Ama bezala, etxetik eragin behar dela ere aipatu zuen gero, feminismoaren praktika benetan aktiboa ziurtatzeko eremu sozial txikienean ere.

 

Jillian Merchant: abokatua

Jillian Merchant abokatua da eta batez ere emakumeek jasaten dituzten diskriminazioen inguruan eta hauei aurre egiteko defentsa feministen prozesuan jakituna da.

Emakume askok egiten du lan zaharrak zaintzen edota ume txikiekin haurtzaindegietan. Oso erantzukizun handiko lanak izan arren, hori ez da beraien soldatetan islatzen eta askotan gutxietsiak ere badira gizartean. Emakume hauekin egin du lan sarritan Merchantek eta argi zioen “profesionalak dira”. Zoritxarrez Merchanten hitzetan “lan gogorra eta dedikazioa ez dira nahiko, gizartearen begi parean”. Gainera, Merchantek ezagututako kasu gehienetan, emakumeei diruari buruz hitz egiteko eskubidea kentze aldera egiten dute lan nagusiek. Hori beraien kontua ez balitz bezala.

Honen ostean, aitatasun-bajaren inguruan aritu zen. Teorian existitzen den arren, gizonek honen aurrean jarrera harkorra landu behar dutela zioen. Izan ere, badirudi aitatasun-baja hartzea erabakitzen duten gizonek nolabaiteko feminizatze prozesu bat jasaten dutela, gizartean oso naturala kontsideratzen ez dena. Pentsamolde hori aldatu egin behar dela aldarrikatu zuen Merchantek.

Paradoxa birekin bukatu zuen bere diskurtsoa. Alde batetik, emakumeen presentzia handiagoa da unibertsitatean, baina zergatik da hain ez-ohikoa emakume nagusien figura? Bestalde, lan-elkarrizketen kontua dago. Ama izan nahi ote duzun galdetzen dizutenean, edota hilekoa duzunean ze sintoma izaten dituzun. “Beti profesional izateko eskatzen eta gero bizitza pertsonala ere zaku berdinera” zioen Merchantek. Sarri gainera, emakume bati  agintzen omen diote gisa honetako entrebistak egiteko, onargarriagoa izan dadin. Hilekoari buruz galderak. Imajinatu.

 

Kirstie Steele: aktorea

Konferentziari amaiera Kirstie Steele aktoreak eman zion. Telebistan hainbat rol positibo bateratzen dituzten emakumeak daudela esanez hasi zuen bere hizketaldia. Zoritxarrez baina, ez zaie behar bezalako atentziorik ematen. “Beti neska inuzenteen eta tuntunen figura gailentzen da, hala komeni delako”.

Glasgowko neskak izeneko telesail batean protagonista lanak egin zituen Steelek. Hasiera batean, telesailaren izenburua esan orduko jende guztiak uste omen zuen neska gazte mozkorti batzuen inguruko telesaila izango zela. Baina ez, benetako istorioa kontatzen zuen telesaila zen. Izan ere, neska horiek beraien ikaskideen deportazioa galarazi nahi zuten, politikariei aurre eginez. Hitz hauekin borobildu zuen aurretik esandakoa: “Aurreiritzi horiek ezabatzea beharrezkoa da, ez dugu nahi printzesa gehiago maitasun perfektua eskainiko dion printzearen esperoan”.

Azkenik, gazteentzako aldizkariek aurkezten dituzten ganorabako gaien inguruan mintzatu zen aktorea. Bere ustetan, hau galdutako aukera bat baino ez da. Adibidez, protagonistek dituzten arazo, bizipen edota jarrerak aztertu beharrean, “beti hauen itxura fisikoari erreparatzen zaio eta protagonista bakoitzari horren araberako etiketa jartzen zaio: polita, itsusia, lodia edo dena-delakoa” .

 

Bazkalostean, tailerrak

Bapo-bapo bazkaldu ostean, tailerren ordua iritsi zen. Gai desberdinak lantzeko aukera zegoen tailerretan eta norberak bere interesen araberakoa hautatu zezakeen. Honako hauek izan ziren landutako gaiak: emakumeen irudiaren sexualizazioa prentsan, sare sozialak eta emakume gazteak, emakume gazteak eta lana, eta emakume gazteen ahotsa.

 

 

Parte-hartzaile bezala, plazera izan zen hainbat emakumerekin esperientziak partekatzea, haietaz ikastea eta, batez ere, mahai gainera atera ziren influentzia eta presio horiei haginak erakustea.

Scottish Women Conventioneko emakume zoragarriek egiten duten lanaren berri izateko:

http://www.scottishwomensconvention.org/

Twitter: @SWCwomen

 

Merchant eta Steele Tailerrak1 Scottish Women Convention

Sara Zendoia
Sara Zendoia

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *