Euskal Herri feminista eraikitzeko bidean: emakume* abertzaleen VII topaketa feministak
Kitto eta Topatu 2017-05-07

15 urteetako jardunaren errepasoa eginez ekin dio Miren Aranguren bilgunekideak topaketako mahai inguruari: feminismoa gorakadan dago orain, giro hori ez zegoen lehen, bere arabera. Boteretzeari dagokionean, boterea non nahi dagoen elementua dela azaldu du Arangurenek, harreman guztietan; “eta behar dugu elkarrekin aritzeko eta euskal herriaren  burujabetza prozesuan indar kolektiboa eraikitzeko”.

Boteretze feministaren ezaugarriei heldu die Marta Luxanek: “Boteretze kolektiboa ez da norbanakoen boteretze gehiketaz hitz egitea, beste gauza bat da: desberdintasunak desberdinkeria ez bilakatzea da helburua, eta pribilegioei buruz hitz egin beharko dugu, eta batzuei uko egin”. Hain zuzen, Amaia Zufiak indargune bezala ulertzen du mugimendu feministan subjektu eraldatzaileok elkarren beharra dugula ulertu izana. Kritika ere egin dio: “Indarra bai, baina gihar gutxi ikusten dut mugimendu feministan”. Haren ustez, “sakrifizioaren paradigmara hedonismoaren paradigmara pasa gara; eta horrek epe luzerako konpromisoak asko zailtzen ditu”. Jendarte gero eta indibidualizatuagoan bizi garela ikusita, elementu negatibo moduan ikusi ordez, baldintza horiek nola probestu ikusi behar dela iritzi dio Sandra Barrenetxeak: “Indibidualizazioarekin apurtzen dira kategoria homogeneoak. Identitateen aniztasuna integratzen edo artikulatzen ikasten dugu; proiektu politikoa modu globalagoan definitzeko aukera ematen digu; eremu pertsonalak beste protagonismo bat hartzen du; erdigunean kokatzen dira bazterrean egon diren hainbat eztabaida”.

Egungo eredu politiko eta sozioekonomikoaren zilegitasunaren krisiaren aurrean, alternatibak feminista izan beharko du benetako alternatiba izateko, Izaskun Gartzia Bordagaraien arabera: “Ezker independentismoari begira, oinarrian feminismoa izan behar du, alternatiba diseinatzean. Emakumeentzako proposamen politiko konkretuak garatu beharko ditu”. Borroka armatuaren konponbidean ere jarri du arreta: “Errelatoaren eraikuntzan, balio bat eman behar zaio [feminismoari]. Gatazka honetan emakumeek pairatu ditugun biolentzia anitzak aitortu behar dira”.

Hark hitza hartu arte, topaketan aipatu gabeko kontzeptuari erreparatu dio Graça Samok: antikolonialismoa. Aniztasunean pentsatzean, ikusten ez dugun hortan ere pentsatu behar dela nabarmendu du: “Nola eraiki dezakegu prozesu bat, gure begirada, gure entzuteko gaitasuna, sentitzekoa, deskolonizatuko duena? Nortzu geratu dira hemendik kanpo?” azaldu du. Mundua transnazionala dela ikasi behar dugu, haren esanetan; eta sortu behar ditugu espazioak, ulertuz, asko kanpoan geratzen direla: “Behar bada, euren bizitza aldatuko duen mugimendu baten behar handiena dutenak”. Ildo horretatik, Ainhoa Narbaizak gure arteko harremanez hitz egiteko espazioak bideratu behar direla azpimarratu du; herri mugimenduetan ere, “botere harremanak errazago identifikatzen baititugu taldearen kanpoan, barruan baino”. Mabel Cañadak kritikatu du, kolektibo feministetatik presioa eragin nahi denean, bazterkeriaren bitartez egiten dela: “Eraiki dezagun botere bat ‘zerbaiten alde’; ez, ‘zerbaiten aurka’ aldarrikatu du”.

Euskal feminismoaren iruditegiari buruz aritu da Arantza Santesteban. Problematikoa da bei iruditegia ehuntzea, ‘gutasun’ bat definitu behar delako: “Nor gara gu? Euskaradunak bakarrik? Militante aktiboak bakarrik? Euskalduntasun jakin batean hezi garenak? Hemengoak? Nor gara gu, eta nortzu ez gara?” Etengabe aldatuko den, baina erro sendoa duen iruditegi bat aldarrikatu du: “Eta iruditegia ez dadila soilik errepresentazioarena izan, baizik eta presentzia. Dikotomiak, kolonialismoak gaindituz. Euskalduntasuna gure burua modu askatzailean pentsatzeko modua izan daiteke”.

Gorputza, pertsonen bizi prozesuak, kontutan hartuko duen militantzia eredua aldarrikatu du Edur Epeldek. Haren hitzetan, “zauri eta orban asko utzi dizkigute, urteetan, zapalkuntza guzti hauek. Arreta jarri eta erritmo propioen arabera, sendatzen hasteko garaia da”. Iratxe Retolazak, berriz, ezagutzaren erritmoei erreparatu die: ‘kultura adituaren ohiturak’ mugimendu feministan hartu duen indarra gaitzetsi du, adituarekiko sortzen diren miresmen harremanak ere badirelako botere harremanak, azaldu duenez: “Mugimendu feministan, funtsezkoa zaigu bestelako zirkuitoak eraiki eta ikusgarri egitea, pertsonak baino gehiago. Izen abizenen kultura sustatu da eta zaildu egin die mugimendu feministei ahotsa hartzea. Asko produzitzea ere sistema honen funtsezko logika da, baina ezagutzak, kolektiboek, beste erritmo bat behar dute”.

Riosby Fernándezek eta Silvia Rugamasek  balioan jarri nahi izan dute emakume migratzaile izatea bera: “Betirako krisiaren alabak gara. Migratzeko erabakia indarrez eta ausardiaz betea dago; emigratzea bera, feminista da”. Eta agenda feministan emakume migratuek burutzen dituzten zaintza lanek espazioa edukitzea aldarrikatu dute: “Etxeko langileak garen emakume migratuok gara garapen industrialaren giltzarria. Egungo legea sexista eta arrazista da, eta neoesklabutza egoerak ahalbidetzen ditu. Feminismoak bazterkeria ikusten jakin behar du”.

Azkenik, Saioa Iraola bilgunekideak egindako bidea aitortu, eskertu eta berretsi du. Bi erronka nagusi aipatu ditu: “Euskal Herriko burujabetza feminista zer den definitzeko elkarrizketa soziala bultzatzen jarraitu behar dugu. Feminismoak eragiteko gaitasuna lortu behar du, inzidentzia politikoa lortu behar du.” Herritar guztientzako bizitza duinak definitzea ere balioan jarri du: “Zer den zaintza, familia, elkarbizitza, elikadura osasuntsua, ongi bizitzea”, eta arreta jarri du gatazka armatuaren konponbidean: “Bakearen eraikuntza kolektiboan urrats garrantzitsuak emateko unean gaude, Euskal Herriko testuinguru politiko eta sozialarengatik. Bakearen inguruko eraikuntza, elkarrekin eraiki beharreko prozesua da. Gizarte zibilaren osaketa kolektiboki birdefinitu behar da. Preso, iheslari eta deportatuak itzultzea oinarrizkoa da”. Autodefentsa feministaren aldarria eginez, Euskal Herriaren burujabetza feministak erakundetze prozesu bat ere eskatzen duela azaldu du: “Aztertu behar da zer erakundetze prozesu dauden, ze proposamen defendatuko dugun. Erabakitzeko eskubidearen, bakegintzaren eta estatugintzaren arloan eragin behar dugu”.

 

Kitto eta Topatu
Kitto eta Topatu

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *