Elkarrizketa bat arteaz eta feminismoaz
klitto! 2017-01-27

ANITA: Aber Pak, Klitton ekarpena egiteko eskatu digute… tipo artea, kultura eta saltsa guzti hauek begirada feminista batetik. Animatzen nirekin idaztera?

LEIRE: Bale, noizko da?

ANITA: Beti bezala, atzorako…

[Alboka taberna, azaroak 24]

A: Nola egingo dugu?

L: Ba goazen pentsatzera ze gai iruditzen zaizkigun garrantzitsuak arte eta feminismoaz ari garenean, adibidez. Agian horietako gai bat aukeratu eta testua horri buruz idatzi? Edo bestela, aukeratu genezake orain ikusgai dagoen erakusketa interesgarriren bat eta hortik aztertu. Orain badaude gauza batzuk, Sahatsak eta Izarok Bilboarten inauguratzen dute, Elbak bi ditu, bata MEM barruan eta bestea Baionan, Okelako Norak ere izan du bat duela gutxi, edo Pablo, Marion eta Aitorren erakusketa, hori ere interesgarria begirada hontatik planteatzea…

A: Bai…, aukera asko, bai. Adibidez, gaietan sartuz…, pila bat daude, baina, alde batetik, artea eta feminismoaren arteko harremana bera da gai bat ezta?. Nola batzuetan aliatuak diren eta beste batzuetan bizkarra ematen dioten elkarri. Hau da, feminismoak praktika artistikoa bultzatu ditzake baina batzuetan ‘enkargu’ gisa ulertzen ditu, artifizio gisa, mezu itxiak reklamatuz. Eta justu, arteak esanahiak irekitzen ditu. Kontrako norabidean, artetik feminismoan aritzeko interesa duten artista askok beraien burua feministatzat izendatzea muga bezala bizi dute. Seguruenik arte sistemak hori eraikitzen duelako, estruktura instituzionalak berak, alegia.

L: Bai, gai inportantea… Nik uste dut arte-feminista etiketei buruz hitz egin genezakeela testuan. Ze arte barruan etiketek askotan praktika bera katalogatu eta mugatzen du, artistarentzat arriskutsua izan daitekeelako bere lana ikuspegi horretatik soilik ikustea, edo beste askotan gertatzen den bezala, leku seguru edo, hobeto esanda, komodoa, bihurtu daiteke, egiteko-modu-ezagun eta ez-arriskatzaileak sortuz.

A: Klaro, eske hor beste gai potolo bat irekitzen da. Artelanak feministak izan daitezke edo artistak dira feministak direnak? Edo kanpotik irakurketa feminista bat egiten dugunean bihurtzen dugu praktika artistiko horiek feministak?

L: Bai, eta horrekin lotuta ere, uste dut beste gai garrantzitsu bat izan daitekeela arte instituzioetan ematen ari den feminismoarekiko bira. Museo batek bere bildumaren irakurketa feminista bat planteatzen duenean instituzio hori feminista dela esan genezake? Aurpegi zuriketa bat besterik ez denean, onartu behar ditugu jarrera horiek behintzat feminismoa demokratizatzen dutela pentsatuz?

A: Nosssssski. Ematen ari den bira-feminista puntu batean diskurtsiboa edo azalekoa besterik ez da, eta normalean ez da feminismoen praktiketan oinarritzen funtzionamendu instituzionalak eraldatzeko helburuarekin. Ze bestela, instituzioak berak bere harremantzeko-modu, ekoizpen-modu, erritmo etabarrak berrikusiko lituzke, beste eredu instituzional batzuk bilatzeko. Oraindik ere arte-sistemak gorputz prekarioak sortzen ditu. Eta botere-harremanak logika patriarkalari erantzuten dio: hezkuntza, garbiketa edo bestelako zerbitzuak bigarren maila batean daude kokatuak eta komisario-artista figurek balio sinboliko handiagoa dute.

L: Ya, klaro, bai. Baina hor ez genuke ahaztu behar artistaren figura oso bulnerablea dela ere. Eta lan ez-profesionalizatu bat dela. Eta noski, artista emakumea bigarren maila batean dagoela oraindik ere. Beste egunean komentatzen zen arte ederretako ikasleen artean %70a edo emakumeak direla baina artista emakume oso gutxi daudela. Honetaz hitz egitea ondo legoke ere. Edo, aztertu adibidez, arte sisteman emakumeek ze lanpostu betetzen ditugun. Ekoizpen intelektualetan aurkitzen ditugun izenak gehienetan gizonezkoenak dira.

A: Nik uste dut, horren atzean badagoela oraindik ere, artista genioaren mitoa bueltaka, oso presente dago, nahiz eta modernitatearen ikonoa izan eta berrikusketa kritiko asko egin zaion asuntuari. Oraindik ere jendartean artearekin harremantzeko Van Gogh edo Picasso-ak nahi ditugu. Zergatik ez dira ezagunak adibidez Ángeles Santos, Itziar Okariz edo Esther Ferrer-ak?

L: Ya, eske hori laostia da. Harrigarria da gaur egun Linda Nochlinen testuak, 72koa izanda, daukan bigentzia. Agian testu horri erreferentzia egin geniezaioke Klitto bezalako espazio batean, ez duzu uste? Edo Santosen La tertulia bezalako kuadro bati buruz hitz egin, ez da brutala?

A: Puf, bai. Oso ona. Tipa horren istorioa ere… Zabaltzeko modukoa, hain justu emakume artista askoren paradigma. Gai pilo bat ditugu ez? Korapilo asko dago hor. Hurrengo kedadarako bat aukeratu eta testua idatziko dugu, bale?

L: Benga, Garraxin datorren astean y finikitamos?

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *