Ederki ulertu zuen zer den heteropatriarkatu kapitalista

-Zeri planto? –galdetu zidan duela egun batzuk grebaz hitz egiten ari ginela andre batek. 

-He-te-ro-pa-tri-ar-ka-tu ka-pi-ta-lis-ta-ri,– erantzun nion. 

Harriduraz begiratu ninduen supercalifragilisticoespialidoso esan banio bezala. 

-He-te-ro-pa-tri-ar-ka-tu ka-pi-ta-lis-ta-ri –bota nion berriz. 

-Bai, entzun egin dizut, ulertu ez.

Saiatu nintzen azaltzen mundua gelditu nahi genuela egun batez. Emakumeok* egunerokoan sistematikoki bizi ditugun zapalkuntzak salatzeko eta egunerokoan egiten dugun lana bistaratzeko. Bestalde, azaldu nion emakume* esaten dugunean, emakume, trans eta bollerei egiten diogula erreferentzi –azaldu egin behar izan nion bollera esatean lesbianez ari nintzela– ulertzen dugulako denok zapaltzen gaituela sistema patriarkalak.

– Baina nik nola egingo dut greba? ez dut inoiz lanik egin eta! Nire bost seme-alabak eta etxea zaintzeaz arduratu naiz bizitza guztian. 

– Eta ez duzula inoiz lanik egin diozu? –bota nion harrituta.

Azaldu nion soldatapeko zein doako lanak egiteari utzi eta kaleak hartzea zela helburua. Bizitza bizigarriak eduki nahi ditugula eta horretarako ezinbestekoa dela bizitza bera erdigunean jartzea.

Soldatapeko lanik ezean zaintza eta kontsumo greba egitea iradoki nion, zaintzaren pisua emakumeongan geratzen dela ikusarazteko eta salatzeko. Barrez begiratu ninduen eta honela bota zidan:

– Zaintza greba? Nire gizonak ez ditu galtzontziloak inoiz garbitu, ez luke jakingo zer egin ni gabe.

-Horregatik egin behar duzu greba, – esan nion.

Pentsakor geratu zen une batez, eta honela erantzun zidan: 

– Ohitu egiten zara. Zu gaztea zara oraindik, baina nik gauza gogorrak bizi izan ditut; ez nuen apenas ikasi eta gazte joan nintzen neskame; gazte ezkondu nintzen eta haurrak izan nituen berehala. Alaba zintzoa izatetik emazte zintzoa izatera pasa nintzen, eta geroztik, ama zintzoa naiz. Dena den, zortea eduki dut. Orain telebistan etengabe hiltzen eta bortxatzen dituzte neska gaztetxoak eta guri ez zaigu halakorik gertatu. Ez dakit orain gehiago gertatzen ote den, baina gure garaian ez zen hainbeste entzuten. 

Hitzak arrapaladan botaz azaldu nion guzti horregatik eskegi behar zuela amantala, etxeko eta zaintza lanak beste norbaiten ardurapean utzi behar zituela, eta kalera irten behar zela gurekin batera; bazela ordua bizi guztian zehar jasan dituen zapalkuntzak ozen salatzeko. 

– Zuek gazteak arduratu mundua geratzeaz, nik elkarretaratzera iristearekin egingo dut nire iraultza. Zuek heteropatri… deitzen diozuen horrek indar guztiak kendu dizkit eta.

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *