Durangoko gertakarien ondotik bertako plataforma feministaren oharra
klitto! 2015-12-23

Lehenik eta behin, eskerrik asko hemen batu zareten guztioi Durangoko Plataforma Feministaren izenean. Jaso dugun berotasuna ezinbestekoa izan da azken egunotako lana aurrera ateratzeko.

Izan ere, egun gogorrak izan dira. Gure kide bati inongo funtsik eta frogarik gabe jarritako salaketaren berri izan genuenetik ez dugu atsedenik hartu.

Frogarik gabeko akusazio horrek, mugimendu feministako kidea, gaur, epailearen aurrera deklaratzera eraman du. Paul Abasolok berak eta beste inork ikusi ez duen arren, kide honek margoketak egin dituelakoan salaketa jarri du. Argi eta garbi pertsekuzio basati baten aurrean gaude. Zergatik salatu frogarik gabe, izen abizen propio baten kontra?

Mugimendu feminista beldurtzeko ahalegina besterik ez dago horren atzetik. Hori da, Plataformatik egiten dugun irakurketa. Kide baten kontra jo arren, mugimendu osoak gure aurkako erasotzat hartzen dugu. Ez dugu halakorik onartzen.

Ez dugu onartzen, herri honetan lasaitasunez bizi den kondenatutako eta, ondoren, partzialki indultatutako bortxatzaile honen inpunitatea.

Ez dugu onartzen, horrelako historiala duen pertsona bat gure kaleetatik ibiltzea. Herri honetako emakume guztiontzat mehatxua delako.

Ez dugu onartzen, Paul Abasolo Amantegik mugimendu oso bat kriminalizatzeko sentitzen duen zilegitasuna.

Honen aurrean, suminduta gaude eta lanean jarraitzeko inoiz baino indar eta gogo handiagoz.

Plataforma feministatik, argi utzi nahi dugu, orain arte egin bezala, eraso sexista bakoitza eta erasotzaileen inpunitatea salatzen jarraituko dugula.

Emakumeok kalean zutik jarraituko dugula!

Mugimendu feminista kriminalizatzeko saiakera honen aurrean, agerian geratzen da ez gaudela bakarrik. Injustizia hau salatzeko zenbat batu garen ikustea besterik ez dago. Horrez gain, 5 egunetan milaka atxikimendu jaso ditugu. Era berean, aipatu nahi dugu Durangoko udalak atzo arratsaldean irakurritako adierazpen instituzionala. Babes honek guztiak gure haserrea nolabait gozotu du. Horregatik, milesker atxikimenduak lortzen lagundu, atxikimendua eman, lagunari sinatzeko eskatu, zein mezua zabaldu duzuen guztioi. 

GORA BORROKA FEMINISTA!

(Argazkia: Topatu)
(Argazkia: Topatu)
 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *