Egunean zehar jasotzen dugun mezu kopurua konta ezina dela esatea ez da ezer berria. Telebistan, egunkarian, sare sozialetan… biltzen den edukia mugagabea da. Iristen zaigun informazio guztia prozesatzeko gai ez garen puntu batera iritsi gara eta selektiboak izaten ikasi dugu. Hala, gizarte hiperinformatu honetan, esaten denak baino, esateko moduak, mezuaren formak hartu du protagonismoa.

Talde feminista bateko kide naizen aldetik, ikuspegi positiboa eta eraikitzailea izan dira beti gure mezuen ardatz. Milaka buelta eman izan dizkiogu transmititu, azaldu edota aldarrikatu nahi genuenari, gure ekintzak gure kontra etor ez zitezen, “feminazi” kontzeptuaren mamua hedatu ez zedin. Baina badirudi ez dela nahikoa. Beti egongo da gordintasuna eta zintzotasuna oldarkortasunarekin nahastuko duen norbait. Jaiotzetik abantaila egoeran egon izana zalantzan jartzearekin deseroso sentitu eta zapalduta daudenen aldarriak oztopatuko dituen norbait. Salaketa eta borroka “histeria” kontzeptuaren gutxietsiko dituen norbait. Egongo da norbait begien aurrean duena ikusi nahi ezean, hura ukatu eta “konplikaziorik gabe” biziko dena. Azken finean, hori baita patriarkatuaren meriturik handiena: oharkabean gizartearen sustraietan tinko txertatu izana.

Hala ere, eta egungo egoerak kontrakoa pentsatzera bultzatzen gaituen arren, diskurtso pesimista horren atzean bada esperantza, bada borrokan jarraitzeko grina, indarra. Rosa Luxemburgok zioen mugitzen ez denak ez dituela bere kateen hotsak entzuten. Bada, azkenaldian giro zaratatsuan murgildurik nago. Zarata horren erritmora mugitzen ikasten dihardut. Geroz eta erosoago sentitzen naiz. Eta ez nago bakarrik, geroz eta gehiago gara feminismoei zilegitasuna kentzen saiatzen direnen aurrean altxatzen garenak. Geroz eta gehiago dira egunerokoan agertzen zaizkigun zapalketei aurre egin eta martxan jartzen diren ahotsak, eskuak, buruak, bihotzak.

Elena Egino
Elena Egino

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *