“Denon esku dago denek ondo pasatzeko espazioak sortzea”

Donostiako Piratak mugimenduko genero lan-taldea da Talaia. Piratetan parekidetasunaren inguruko kontzientzia sortzeaz gain, dauden aukeren baitan, horren inguruko jarrera kritikoa bultzatzeaz eta baliabideak errazteaz arduratzen da taldea. Aste Nagusia ate joka dutela, Klitto!-ra ekarri nahi izan ditugu euren lanerako era zein den ikusi, eta dituzten helburuak zeintzuk diren jakin asmoz.

FullSizeRender

Noiz sortu zenuten Talaia lan taldea?

“Edozer dugu posible” (2014 uztaila) egunerako mugimenduko bi kidek eraso sexisten aurkako protokoloa osatu zuten. Aste Nagusiari begira ere protokolo bat diseinatu zen eta hau aurrera eraman ahal izateko kofradia desberdinetako kideek osatutako talde bat osatu genuen. Protokoloaren barruan eraso sexistak salatzeko telefono bat jarri genuen martxan eta mugikorra izatearen ardura kofradia bakoitzeko kide batek hartu zuen Aste Nagusiaren egun bakoitzean (Parekidetasunaren lanketan aritzen den kofradia bat -Sardiñerak- egon arren, generoaren inguruan lanean aritzea GUZTION ardura zela ikusita, kofradia bakoitzetik arduradun bat egotea ezinbestekoa zela adostu genuen). Aste Nagusiko ebaluazio bileran, urtean zehar lan egiten jarraitzeko erabakia hartu genuen, eta horrela jarri genion Talaia izena sortu genuen taldeari.

Zein helburu edo asmo dituzue?

Piraten barruan generoaren hausnarketarako espazioa eskaintzea; Piratetan generoa lantzearen beharra azaleratzea; Festetan ematen diren indarkeria eta eraso sexistei erantzun sozialak pentsatu eta erabakitzea (protokoloa); Piratetan partaidetza parekideago bat lortzeko protokoloa lantzea…

Dena den, jaiak parekideak izatearen ardura EZ da soilik talaiarena.

Ingurutik jasotzen al duzue formazioa?

Eraso sexisten inguruko tailer bat antolatu genuen duela aste batzuk, Emagineko kide batek eskaini zigun. Emakumeen etxean antolatu zen autodefentsa feminista tailerra ere eskaini genuen piraten mugimenduko kideen artean. Momentuz hori da burutu duguna, eta mugimenduko kideak oso pozik geratu zirela ikusita tailer edota formazio saio gehiago burutzeko asmoa dugu.

Zenbat biltzen zarete bileretan? Zenbatero?

Bilgune feministako 3 kidek eta kofradia bakoitzeko kide batek osatzen dugu taldea. Hilabetean behin biltzen gara. Kideen lan karga dela eta biltzeko zailtasunak dauzkagu, beraz, hilabetean behin elkartzea adostu genuen hasiera batetik, helburu xumeak baina mugimendurako baliagarriak zehaztuz. Azkeneko hilabete hauetan maizago geratu gara, Aste nNgusirako prestatu nahi ditugun gauza guztiak lotu eta antolatu ahal izateko.

Eta, zein lan egin duzue?

  • Emakumea modu aktibo edota protagonista batean agertzen den musika lan-taldeen datu base bat osatzen ari gara, kofradiek tresnatzat eduki dezaten.
  • Piratontzako eraso sexisten inguruko hausnarketa eta formazio tailerra egin berri dugu.
  • 2015eko aste nagusirako hainbat gauza antolatu ditugu

Momentuz hau da burutu duguna, eta beste hamaika ideia dauzkagu buruan!

Aste Nagusira begira, zein lanketa egin duzue?

Hainbat gauza dauzkagu abian: mural bat margotuko dugu Urgullera bidean dagoen harresi batean, bertso poteo feminista berezi bat ere antolatu dugu, tabernetan banatzeko musika bilketa bat egin dugu, poltsa bat diseinatu dugu…Eraso sexisten aurkako protokoloa kofradia guztietan azaldu dugu, baita argibide batzuk eman ere.

Aste Nagusi bezperarako ere (gaurko) ekintzak antolatu dituzue, beraz.

Poteoa jaien aurretik egitea ikusi dugu egokien, denok gozatzeko jaiak egitea eta sortzea denon ardura delako eta horretarako gure arteko harremanak zaindu eta elkarrekin gozatzeko tartea eskaini nahi izan dugulako. Nola harremantzen gara gure artean? Nola ligatzen dugu jaietan? Guzti honen inguruan modu ludiko batean hausnartzeko tartea egongo da bertsoen bitartez. Elkarri zuzentzen dizkiogun mezuak nolakoak dira? Asko dugu berrasmatzeko eta horretarako poteoan zehar parte hartu nahi dutenen artean piropo lehiaketa bat egingo dugu parte hartzaileen artean. Amaia Agirre eta Alaia Martin bertsolariek lagunduko digute Parte Zaharrean zehar egingo dugun poteoan. 19:00etan hasiko da poteoa, murala margotuko dugun tokitik, Urgullerako igoeran dauden eskailera ondoan hain zuzen ere.

Eta Aste Nagusiaren ostean, zer?

Lanean jarraitzeko asmoa dugu. Gogotsu gaude, gauza ugari ditugu buruan!

Gehitzeko ezer?

Denon esku dago denek ondo pasatzeko espazioak sortzea. Edonor ongi etorria izango da! Talaiatik ere argi diogu, EDOZER DUGU POSIBLE DONOSTIA PIRATAN!

Irati Urkiola
Irati Urkiola Klitto!

“Euskal Ikasketetan Graduatua” hitzen atzean eraiki da egun naizena: donostiar exiliatua Bartzelonan, jakin gabe noiztik, jakin gabe noiz arte. Euskara irakasle Hizkuntza Eskolan, eta hamaika konturen ikasle kale bazterrean.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *