Borroka feminista klase-borroka da

Urtero bezala, iritsi da martxoaren 8a, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna, II. Internazionalak 1910ean Copenhaguen-en finkatutako borroka-eguna.

Eta Nazio Batuek 1975ean egun hau Emakumearen Nazioarteko Egun izendatu bazuten ere, garrantzitsua da langile erreferentzia gehitzea, emakume gehienok ez baitakagu gure lanaren fruitua beste baliabiderik, eta «gure eskuak gure kapitala» aldarrikapenak emakumeon artean du zentzurik handiena, Munduko Bankuaren datuen arabera, munduko aberastasunaren %1en jabe baikara, eskulanaren %40 emakumezkoa izan arren.

Hortaz, argi dago emakumeok ez gaudela lan-mundutik kanpo, han gaude, bai, baina sektore feminizatuetan (idazkari, etxeko langile, saltzaile, azafata), sexualizatuetan (prostituta) eta prekarizatuetan, edota asistentziari nahiz amatasunari lotutako lanbideetan (erizain, gizarte-langile, Lehen Hezkuntzako andereño); sexuen arabera banatutako lanak egiten; soldata, kualifikazio eta errekonozimendu apaleneko lanpostuetan; eta aldi baterako kontratuek, lanaldi zatituek, txandakako lanaldiek eta soldatapeko pobreziak eragin handiena duten sektoreetan. Banaketa horren ondorioz, emakumeok gutxiago kotizatzen dugu eta prestazio gutxiagorako eskubidea daukagu.

Hori guztia gutxi izan ez, eta lanaldi bikoitza inposatzen zaigu, gehienbat emakumeok egiten dugun lan erreproduktiboa gehitu behar baitzaio lan produktiboari. Lan horrek ordain ekonomikorik edo errekonozimendu sozialik ez badu ere, eraikuntza sozialaren funtzionamendua bermatzen duen lana da, Silvia Federicik azpimarratzen duenez, «etxeko lana baita lan-indarra ekoizten duena». Historikoki emakumeok geure gain hartu dugun lan-zama hori areagotu egin da krisiaren eta austeritate-politiken ondorioz, gizarte-zerbitzuetan, hezkuntzan, osasunean eta mendekotasun-laguntzetan egindako murrizketak etxera itzultzera behartu baititu emakume asko, lehenago instituzioek beren gain hartuak zituzten zaintza-lan asko egitera. Zaintza-lanak erakundeetatik kanporatzeak ez baitakar zaintza horien beharra, mirakuluz bezala, desagertzea.

Emakumeok dohainik egindako zaintza-lan horiek guztiak gabe, sistema kapitalistak —bi oinarri nagusi dituena: soldatari lotutako esklabotza eta emakumeen lan ez ordainduaren desjabetzea ahalbidetzen duen lanaren banaketa sexuala— ez luke inolako bideragarritasunik izango. Banaketa sexual horren oinarrian dago sexu-genero sistema, sexu bakoitzari genero bat eta rol, zeregin eta estatus jakin batzuk esleitzen dizkiona eta, logika patriarkalaren barruan, emakumeak subalternitate-egoeran uzten dituena. Kapitalismoak eta patriarkatuak, txanpon bereko bi aldeen modura, osatzen duten batasun banandu ezina ikusarazi eta politizatu beharra dago, beraz, gauza bat argi uzteko: klaseen arabera banatutako gizarte batean arazoa ez dela gizonak jaun eta jabe izatea gizarte horretan, baizik nagusitasun hori ahalbidetzen duten klase-egituren mende egotea gizartea.

Hemen behar duguna, horrenbestez, ez dira emantzipaziorako ahalmen zalantzagarria duten burutapen sofistikatuak edota identitate-kontuen inguruan filosofatzen jarraitzea, egungo zapalkuntza- eta esplotazio-sistema modu argi eta garbian auzitan jartzen duen konkrezio politiko bat baizik, emakumeon bizi-baldintza materialen hobekuntza eta biziaren erreprodukzioa militantzia feministaren erdigunean jartzen duen konkrezio bat. Izan ere, Marx parafraseatuz, feminismoak egin behar duena ez da mundua interpretatzea mundua eraldatzea baizik, eta, beraz, disziplina eta ikerketa-gai gisa neutralizatua egoteari utzi eta, bere borroka-izaera berreskuratu behar du feminismoak, eraldaketa erradikalerako tresna gisa indartzearekin batera.

Ildo horretan, unibertsitate eta instituzioetako bulego aratzetatik eta akademika, genero-aditu eta berdintasun-teknikarien eskuetatik erreskatatu, eta lokaztu egin behar dugu feminismoa, fabrikan eta ikasgelan, merkatuan eta callcenterrean, sukaldean eta batzarrean haren aplikazio praktikoa egitetik sortutako kontraesanekin. Premia handiena duena ez baita beirazko sabaia txikitzea, emakume gehiago goratu daitezen eskala sozialean, esplotazioa, bazterketa eta zapalkuntza sortzen duen eskala eta hierarkia oro lehertaraztea baizik. Sistemak bereganatu ezineko feminismoa behar dugu, eta ez emakumeon berezitasunaren errekonozimendua bilatzen duena, berezitasun hori zapalkuntzaren eufemismo bat besterik ez den aldetik; behar duguna patriarkatuaren kausak politizatu eta azaltzen dituen feminismo bat da, patriarkatua sistema ekonomiko kapitalistari guztiz funtzionala gertatzen zaiola azalarazten duen feminismo bat.

Bestalde, gure feminismoak ezin du hain aratz eta sofistikatua izan, baztertu egin behar du kaleko emakume gehienei ulertezina zaion neohizkera postmodernoa, lohitu egin behar du benetako emakumeen benetako bizitzetako izerdi-odol-jariakinekin, utzi egin behar dio hain txuria eta hain mendebaldetarra izateari, eta barneratu egin behar ditu feminismo beltzen irakaspenak, hastapenetatik ohartarazi baiginduten emakume langileen agendak emakume burges txurien klase-interesen mende gelditzeko arriskuaz; barneratu behar ditu, halaber, lanaren nazioarteko banaketak beren herrialdeetatik kanporatu dituzten eta orain klase ertainek externalizatu ditzaketen zaintza-lanak egitera gure artera etorri direnemakumeen ahotsak.

Gureak klase-feminismoa izan behar du, beraz, ez kontzertaziokoa, konfrontaziokoa baizik, eta emakume langileen bizi-baldintzak hobetzea izan behar du helburutzat, langile hori sekula ahaztu gabe, bestela nagusi den klaseko, alegia, klase burgeseko emakumeen beharretara makurtzeko arriskua baitago. Maxine Molyneux soziologo pakistandarrak ederki azaltzen digunez, «esplizituki antikapitalista ez den aliantza interklasista orotan, klase ertaineko eta goi-klaseko emakumeen pribilegio ekonomikoek langile klaseko emakumeei traizio egitera eramango dituzte emakume burgesak ezinbestean». Horregatik borrokatu behar dugu feminismo burgesa, langile-klasearen esplotazioaren lepotik bere klase bereko gizonek dauzkaten pribilegioak berdintasunez eskuratzea baita haren helburua, ez pribilegio horiek suntsitzea. Laburbilduz, «Kapitala edo bizia», «Feminismo sozialista edo hondamendia».

Hemen Katalanez.

Maria Colera
Maria Colera

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *