Blusak, feministak, epaiketak eta kriminalizazioa
Gasteizko Ekintzaile feministak 2016-02-02

Zuriñe Rodríguez eta Montse Parra.

 

Pasa den astelehenean Blusen eta Nesken batzordeak agerraldi publikoa egin zuen Gasteizen. Bertan 2015eko jaietatik aurrera jasandako errespetu falta adierazteaz gain, komunikabide desberdinetan argitaratu diren hainbat iritzi artikulutan, beraiei buruz esandako gezurrak, eta azken hilabeteotan entzun behar izan dituzten irainak salatu zituzten. Zeharka eta paradoxikoki, mugimendu feministako bi nesken kontrako epaiketa bati buruzko informazioa eman zuten. Blusen eta Nesken batzordeko ordezkariak, Luis Izagak, jazarpenagatik salaketa jarri zuen epaitegian bi kide feministen aurka. Hipokresiaz, epaiketa hau ez burutzearen alde azaldu ziren arren, epaitegietara joateko beharra plazaratu zuten. Aldiz, ez zuten salaketa kentzeko inongo asmorik adierazi; eurak baitira salaketa ipini duten bakarrak.

Emakumeok jaietako espazioetan emakume izateagatik sistematikoki pairatzen ditugun erasoak salatzeko asmoarekin, pasa den abuztuaren 8an emakume talde bat Blusen eta Nesken “paseilloan” sartu zen. Jai parekideak aldarrikatzeko egin zen ekintza hori. Sinbolikoki jai guztietan pairatzen ditugun egoera bortitzak salatzea zuen helburu bakarra. Eta helburu hori guztiz politikoa da; ekintza politiko bat izan zen, besterik ez. Ez zen Blusen eta Nesken kuadrilen kontrako eraso bat; inola ere! Ez zen kontu indibiduala, kolektiboa eta politikoa baizik. Baina orain epaiketa bat dago aurreikusita horren harira, eta benetako eztabaida alde batera utzi da. Ez da gatazkaz hitz egiten ari, ezta hirian sortu den haustura sozialaren ondorioez ere. Erasoaz, jaiaz, gauaz …horretaz ez dute orain ezer esaten!

Azkeneko hilabeteotan, mugimendu feministaren kontrako etengabeko kriminalizazioa sufritzen ari gara eta ez gaude hau jasateko prest. Duela hilabete batzuk Durangon ikusi genuen, Sevillako prozesioan “alu intsumisoa” ateratzeagatik feministei jarritako salaketan, emakume politikarien kontra erabiltzen diren irainetan “feas, malfolladas:..”   feminista batek bere iritzi politikoak sare sozialetan plazaratzen dituen bakoitzean “feminazi “ edo “histeriko” bezalako irainak jasaten ditu.

Orain, gure hirian, Gasteizen, feminista hauen kontrako epaiketarekin ere gauza bera gertatzen ari da. Hala ere, ez da lehenengo aldia. Orain dela pare bat urte Blusen eta Nesken batzordeko ordezkariak egindako adierazpen publiko matxistak plazara ekartzeko beharra ikusi dugu. Argi eta lasai esaten zuen: “pegatinak jarri eta titiak ikutu ditut bizitza osoan zehar, horregatik zaplastekorik jaso gabe” ( Gasteiz Hoy, 22.07.2014)

índiceEspazio publikoan ez egoteko hezi gaituzte emakumeok, eta espazio hauek okupatzen ditugunean kriminalizatzen gaituzte. Heteroarauak ezarritako menpekotasun espazioan egotearekin ados agertzen ez garen emakumeok, arau hauek hausten ditugunok, justua ez den jendarte batekin ados agertzen ez dena, eta jendarte honek sortzen dituen desberdintasun eskubideak plazaratzen dituen oro, kriminalizatu egiten dute. Kriminalizazioa emakumeak erasotzeko heteropatriarkatuak duen beste mekanismo bat besterik ez da. Sinplea da: jendarte batean menpekotasun posizioak egoteko, botere posizioak egon behar dira beti. Hauek –botere posizioa duetenek- sistema hau eraldatzeko ardura beren gain hartu ordez, kriminalizazioa erabiltzen dute biktimatzat hartuz beren burua.

Feministok, jaietan inplikaturiko beste eragile bat garen heinean, jai ereduari buruz zer esateko asko daukagu, eta argi esan nahi dugu ez garela arazoen eragileak! Guk ez ditugu tetatinak ipintzen! Beraz, ez gaituzte kriminalizatuko eta analisi sinplistetan ez dugu parte hartuko. Gertatutakoa Blusen eta Feministen arteko borroka bat besterik ez balitz bezala saldu digute. Baina ez, askoz korapilatsuagoa da, eta ez dugu onartuko hain modu sinplista batean ulertua izatea. Eztabaida honetan non dago nesken ahotsa, instituzio publikoen inplikazioa eta eragile sozialen salaketa?

Epaiketa hau burutzeak ez dauka inolako zentzurik, ez gaitu inora eramango eta ez litzateke burutu beharko. Jendarte osoari dei egiten dion gatazka sozial baten aurrean gaude. Zoritxarrez ez da lehena Euskal Herrian; gogoratu Alardeak.

Badirudi 2015eko abuztuaren 8a baino lehen hirian “bakea”n ospatzen zirela jaiak. Eta ez da egia! Gatazkan bizi gara. Baina uda honetan gertatutakoa da soilik otsailaren 4-an epaitu nahi dutena. Bi emakumeen kontrako epaiketa honekin, mugimendu feministak bere osotasunean egindako lana eta egindako ibilbide politikoa epaitu nahi dute. Eta hori biziki larria da! Jasanezina!

Ez dira berriak ez tetatinak, ezta paseilloetako erasoak ere. Ez dira berriak irainak eta ez da berria kalean lasai ibiltzeko ezintasuna paseilloa igarotzen ari den bitartean (2 aldiz egunero, 5 egunetan zehar). Guzti horretaz hitz egin nahi dugu: biolentziak dituen forma anitzez, autodefentsaz, arduraz, gauaz, plazeraz eta erasotzaileek biolentzia justifikatzeko erabiltzen dituzten mekanismo kamuflatzaileez. Biolentzia ezin da “hezkuntza faltarekin” inolaz ere nahastu. Erasoak ez dira zakarkeriak, ezta baldarkeriak ere. Horrela kalifikatu baitzituen Luis Izagak jaietan egindako erasoak.

Epaiketa hau ez da egin behar! Ez dugu mugimendu feminista kriminalizatu dezaten utziko! Eta, argi dago, bada garaia Gasteizko jaiei buruz hitz egiteko.

*Artikulu hau honako hauek sinatzen dute: Eli Etxebarria, Arantza Vázquez, Maider Domínguez, Elena Ruíz, Txiki,Andere Arriolabengoa, Naike Bengoa,Gladys Giraldo, Bea Luz, Paca Robles, Marta Torres, MªJosé Saínz, Sara Bujanda.

Avatar
Gasteizko Ekintzaile feministak

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *