Doinua: Bizkorra ez naiz baina badaukat
Izengoitia: Akaso

Abuztuaren 8 hartako
ama baten erdimina
geroa bitan erdibitzen da,
ez da denontzat berdina;
zer izango da mutil indartsu
edota neskatxa fina,
zer dagokio piraten edo
Loti ederraren ipuina,
baloia edo panpina?
“Ongi etorri mundura, ttiki”
ausartu da emagina…
Mundu berean bi mundu daude:
arrosa edo urdina.

Noski, arrosa izan zen nire
eskolaratze bidaia.
Batzuentzako erdigunea
fokua, hizketagaia,
besteentzako periferia,
erdirantz heltzeko nahia;
urdinentzako ziurtasuna,
arrosentzako ezbaia…
Futbol- ez, gudu-zelaia
Eneko erdi-erdian, bazter
batetik begira Nahia;
gizartearen maketatxo bat
delako jolas-garaia.

Jolas-garaitik berriro ere
gelaraino nindoala
mutilek barrez aipatzen zuten
gogortutako azala
zakila gora, zakila behera
guztia zen hain normala…
Niri, ordea, erdi ezkutuan
poliki laztandu ahala
hankarteko arrakala
“Zikinkeriarik ez zazu egin”
esaten zidaten hala,
lurrean zeuden txikle arrosak
desitsastean bezala.

Beraz, izena eta izana
debekatu eta gero,
hamabi urte bete berritan
nahiz ta ez nuen espero,
ziklo batean elkartu ziren
obario ta utero:
“Usain txarra du”, “mingarria da”
“bihurtuko zaitu ero”…
Odoldutako kulero
zuri buruzko gezur zerrenda
sinestuta honezkero
orain zurekin adiskidetzen
ahalegintzen naiz hilero.

Hamaseirekin musu goxo bat
lapurtu nion Haritzi
pelikuletan ikusi gisa
betiko zela iritzi.
Bertso kantari sortu nituen
horrenbeste harribitxi
eskolarteko txapela lortuz
geratu nintzen lehenbizi
agurrean bizi-bizi
bizitza zer zen deskubritzera
ez nintzenean iritsi;
mikrofonotik kantatu nion
“ezin dut zu gabe bizi”.

Orduz geroztik egunean bi
alditan naiz maitemintzen
betiko diren konpromezuek
ez naute biziberritzen.
Besteak nola zaindu neroni
zaintzeko gai ez banintzen?
Oraindik bizi ez den puntu bat
ez duenez inork hiltzen
politiko nahiz apaizen
errosarioek ez dute nire
obarioetan agintzen
behin abortatu egin nuen ta
ez naiz errudun sentitzen.

Ikusi nahi ez duenarentzat
alferrik delako lupa
oholtza gainean ere sentitu
izan naiz abortatuta
Itziar Ziga izan nahi nuen
ez Teresa de Kalkuta.
Gizonentzako mundu batean
neska bati lausenguka,
beste behin ere deituta
antolatzaile maiteak ez du
bere asmoa ezkuta;
“saio hontarako deitu nahi nizun
neska bat behar dugu ta”.

Mila adibide daude kalean
edota bertsolaritzan…
gure amonaren amonari su
eman zioten elizan
urdina eta arrosa berdin
bilakatzen dira gris han
gaur egun beste modu batera
jarraitzen da sorgin ehizan.
Borrokatzen dut bizitzan
agian noizbait hautatuz gero
ama nahi dudala izan,
alabak mila mundu ezberdin
aukeran eduki ditzan.

Ane Labaka
Ane Labaka

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *