“Bizitza ezarri behar da prozesu ekonomikoen printzipio eta helburu bezala”

Feministaldiaren lehen mahai inguruan, generoa eta ekonomiaren arteko harremana izan dute hizpide. Hausnartzen, Lorena Cabnal eta Magdanela Leon pentsalariak. Nola oinarritzen dira egungo ekonomia eta jendarte sistemak generoari dagozkien botere harremanetan? 12345653_1034969729878800_1282777649425247691_n

Magdalena Leon ekonomialari feministak “Bizitza ona” izan du ardatz; berak esandakoak bildu ditugu. Latinoamerikan izandako esperientziari helduta aritu da Leon, hortik hausnarketa zabalerako bidea irekiz. Ekonomia interpretatzeko moduak azaldu ditu aurrena:

Feminismoak lanaren ikuspuntutik interpretatzen du ekonomia (ez inbertsiotik, neoliberalismoak egiten duen bezala). Produkzio eta erreprodukzioaren arteko harreman apurtezina plazaratzen du feminismoak. Ordainketa ikuspuntutik aztertu da orain arte, zeinaren arabera lanaren zati bat (produkzioa) ordaindua den, eta beste bat (erreprodukzioa), ez.

Ekonomialariaren aburuz, feminismoak egindako bi ekarpen garrantzitsu daude: batetik, ekonomiaren analisi osoa. Gauza eta zerbitzuen sortze prozesu guztiak, aberastasunaren sortzea, logika aniztasunarekin irakurtzea, alegia; lan modu ezberdinekin. Garrantzitsua da feminismoak irakurketa hori egin duelako biziraupena bermatzeko sometimenturik gabe birdefinituz helburuak, lehentasunak, ekonomia antolatzeko moduak. Eta gainera, feminismoak hori egin du “krisiak” estrukturazko ezberdintasunak agerian utzi aurretik. Bestetik, feminismoak bizitzaren jasangarritasuna lehenetsi du: erreprodukzioa eta bizitzaren zaintza, ardatz.

Latinoamerikako esperientziari dagokionez, neoliberalismoa eta merkataritza librearen aurkako erresistentzian aldarrikatutakoak aipatu zituen Leonek: merkatu askeei ihesi, publikoaren aldeko defentsan, galdera egin zuen gizarteak: zer eragin izango du merkataritza askeak sektoreengan, eragileengan, eskualdeengan, langileengan, emakumeengan…? Agenda feminista definitu zen orduan: emakumeen ekarpenei ikusgarritasuna ematea, bizitzaren merkantilizazioaren aurka. Ostean, beste ekonomia baten printzipioak sortu ziren: elkarreragina, solidaritatea, elkar osatzea. Eta horren ondoren sortu ziren eremu mistoak, aliantzak, publikoa defendatzen zuten haien eta feministen arteko agenda partekatuak.

“Emakumeok identifikatu genuen zenbaterainoko eragina zuen ekonomiak pertsonon bizitzan. Ez bakarrik lan arloan, baizik eta hortik kanpo: harremanetan, planetan, bizitza bizitzeko moduan…. eta horri aurre egin behar zela aldarrikatu genuen: Emakumeeen Mundu Martxako aldarrikapen bat izan zen urte hartan” dio Leonek. Eta logika horren baitan, ateratako ondorioa: “ekonomia kapitalistaren barnean alternatibarik sortzea ezinezkoa zela ikusi genuen. Ikusi genuen beste ekonomia bat zela beharrezkoa”.

Patriarkatuaren analisia ere egin du, noski: “kategoria historiko bezala, patriarkatuak badu hasiera bat, sortu egiten da eta garatu, amaiera ere izango du: baldintza batzuen baitan ematen da, ez da intrinsekoki existitzen den zerbait” dio. “Autoritatea eta gizonezkoen kontrola ditu ardatz: bai gizonezkoen apropiazio materiala, zein sinbolikoa (emakumezkoen ikusezintasuna, ez lehenestea, dependentzia)” eta azaldu du, feminismo marxistak irakurtzen dituela kapitalismoa eta patriarkatua, elkarrekin harremanetan dauden sistemak bezala.

Pentsalariaren diskurtsoa da “Bizitza ona” eta neoliberalismoaren ondorengo alternatibak ere plazaratzen ditu:

Harreman armonioso eta orekatuen artekan oinarritutako bizitza osoa lortzea, gizaki eta bizitza duen izaki ororekin elkarlanean eta elkar osatuz lortzen dena; gizakiak naturaren parte bezala ikustea, beraren menpeko eta elkarren menpeko bezela; bizikidetzan errotiko aldaketak eskatzen ditu “bizitza ona”k, baina baita balore eta printzipio batzuen errekuperazio eta indartzea, batez ere presente daudenak emakumeek protagonizatutako gizarte, ekonomia eta kultura dinamiketan. Horrek, dio Leonek, feminismoari dei egiten dio zuzenean.

Ekonomia eta bizitza onari dagokionez, pentsalariak iritzi du bizitza ezarri behar dela prozesu ekonomikoen printzipio eta helburu bezala. Horren erronka da ekonomia eta gizartea birrantolatzea, bizitzaren erreprodukzio zabala bermatzeko eta ez, orain arte bezala, kapitalaren erreprodukzioa bermatzeko.

Feminismoa eta bizitza onari dagokionez, ikuspuntu osoa eskaintzen dute biek ere: produkzio-erreprodukzioa harremana, boterea eta politika, kultura eta eguneroko bizitza… bizitzaren orekak (merkatu kapitalistarenetik ezberdinak), jarraikortasunak eta aldaketak bermatzea, ez badira konpatibleak ekonomiaren justizia eta bizitzaren jasangarritasunarekin. Era berean, zaintza azpimarratu du bizitza onaren funtsezko oinarri bezala; hortaz, zaintza plazaratzen da bizitza modu guztien prozesu berezko bezala.

Azkenik, jakintzak ere aztertu ditu: “jakintzak hartu behar dira ondare komun bezala” eta galdera plazaratu du: “posible da emakumeen esperientzia subalternotik ekonomikoki esanguratsuak diren jakintzak ateratzea? Badute proiekzio garaikiderik?” erantzuna ere bai: “jakintzek merkatu proiekzioa dutenean, aitortza ematen zaie. Zaintza proiekzioa dutenean, ez”.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *