Biluzteaz
Udane Barinagarrementeria Laka 2019-01-07

etorri eta kenduizkidazu arropak,

kenduizkidazu dudak

biluztu nazazu…

Pentsa liteke arropak kentzea, gure maskarak kentzea dela; jendaurrean eta ispiluaren aurrean eraikitzen dugun horri azala kentzea. Eta pentsa liteke arropak jaztea, zauriak estaltzeko autodefentsa mekanismoa dela. Agian horregatik egiten zaigu h-a-i-n zaila ispilu aurrean biluztea. Are zailago ispilua beste norbait denean, eta zer esanik ez beste norbait hori kolektiboa denean. Nudismo emozionalak lekurik ez du gure hondartzetan…

hitz egin dezagun ezin esan daitekeen hortaz

begi biluziz begiratu elkar

Badakigu nora heltzen garen maskaratik maskarara begiratuz. Imajina dezagun noraino helduko ginatekeen biluztasunetik biluztasunera begiratuta. Imajina dezagun ahul agertzen direnei, seguru eta indartsu agertzen direnei besteko zilegitasuna ematen diegula. Ulertzen dugula gure beldur eta minak, gure poz eta ametsak besteko garrantzitsuak direla; horiek denak behar ditugula gu izateko. Eta bihar, beldurrarekiko konnotazio negatiborik gabe esnatuko bagina?

esaten duzun hori dena baino gehiago

zure atzean nor ezkutatzen den

jakin nahi nuke

 Norbaiten indarra neurtzeko, behatu itzazu bere zauriak. Ikusiko duzu nola aldatu duten, noraino heldu den haiei esker. Zenbat gogortu duen beldurrak. Zenbat ahuldu, hauskor ez agertzeko etengabeko borrokak.

bide ezezagunak, beti urrunago eraman gaitu

nahiz beldur itzela diogun…

Noizbehinka, biluztu gaitezen, eta hitz egin dezagun zauriez. Geure buruekin, lagunekin, familian, militantzian, lanean. Utz diezaiogun, indarraren eta segurtasunaren diktadura honetan, geure buruari zaurgarri agertzen. Minari behar duen lekua eta denbora aitortzen. Funtsean, zaurgarritasuna politikoki kokatu eta ematen digun potentzialtasunari heltzen.

Eskerrak ahulak garen

erantzi ta jaten uzten garen,

bestela…

Udane Barinagarrementeria Laka
Udane Barinagarrementeria Laka

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *