Biharamunak eta maskarak
Udane Barinagarrementeria Laka 2019-03-15

Geratzeko momentu egokiak dira niretzat biharamunak. Atzokoari beste leku batetik begiratzeko. Begiradaren lausotasunak eta buruko behe-lainoak bide berriak zabaltzen dizkidate. Lausotasunean ezkutatzeko aukera, kanpotik ondo ikusten ez nautenaren intimitatea. Barruan, pentsatu eta egiten ditudanak inork ikusiko ez dituenaren segurtasuna. Eta oihartzun batek gogorarazten dit behe-lainotan alferrik direla maskarak.

Buruko minaren konpainian errepasatzen ditut gertakizunen errenkadak, ahal bezala. Ikusten dut neure burua momentu horietan, pelikuletan bezala. Elkarrizketak, panoramikak, aurpegi-keinuak. Maskarak, zergatik eta noiz aldatzen ditudan jakin ez arren, identifikatzen ditut.

Martxoaren 10a. Biharamun ofizialaren biharamuna. Behe-laino artean, atzoko irudiak etortzen zaizkit. Gorpuzkerak eta sentsazioak.

Kaletik ezagun batekin gurutzatu naiz.

– Zer moduz atzokoa, itzela ezta?

– Bai, brutala! Pilak kargatuta urte osorako!

Taberna barruan entzuten dut gizon bat ondokoari esaten:

-Andra hauek…. nahi dutena, boterea da. Horixe falta zitzaigun…!!!

-[…]

Laguntasunaren periferietan kokatzen diren horietako batekin, kalean aurrerago.

– Ei, zorionak! Zer, nolako balorazioa?

– Jo, ba oso ona. Baina… gaur ezin dut baloraziorik egin, paliza bat jaso banu bezala daukat gorputza. Bihartik aurrera balorazioak…

Kafe usainaren konpainian, konpainia gozoan.

– Nola zaude, atzokoaren ostean?

– Uf. Historia egin genuen, badakit. Pozik egon behar nuke. Baina… Baina mundua egun batez geratzeko nire mundua geratu behar izan dut hainbat egunez. Zaintza erdigunean jartzeko aldarrikatzen nengoen era berean, konturatzen nintzen, prozesu guztian zehar nire buruaren zaintza alde batera utzi nuela, erabat. Eta ez dakit… ez dakit nola nagoen.

Indartsu, zaurgarri, maltzur, ahaldundu, maitakor, haserre, ahul. Eskerrak, praktika feministak norbere maskara guztiak identifikatzeko eta onartzeko (ere) balio duen.

Zorionak, maskaradun jendea. Historia gu geu idazten ari gara-eta! Gora borroka feminista!

Udane Barinagarrementeria Laka
Udane Barinagarrementeria Laka

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *