Bidean ikasi eta bukaera hasi
Itsaso B 2016-11-30

Beharbada kobazulo batean bizi naiz, baina Arantxa Urretabizkaiarekin irratian lanean egongo nintzela esan zidatenean, nik ez nituen Euskaltzaindiako partaide den eta makina bat sari irabazi dituen kazetari eta idazle euskaldunaren aurpegia, izena edo abizena ezagutzen. Zergatik? Euskara eta Literatura liburuetan ez delako agertzen, Zergatik Panpox edo Maitasunaren magalean idazlearen argazkia. Eta argazkia akaso gehiegi balitz, izena letra lodiz ere ez dut aurkitu. Ezta ohar txikirik ere liburu askoren atzealdean. Zergatik den hau, galdetuko didazue zeuen begi niniak lerro hauetan finkatuz… ba betikoa, neskak: kasualitatea, zoritxarra, zenbakiak, portzentaiak, teknizismoak, ez dramatizatu, hau, bestea, histerika hutsak zarete, lasaitu behar zarete, jarera aldatu behako zenukete… hots, gure jendartean oraindik bizi dugun matxismo milenarista burugogorra. Baina hau ez da gaur partekatu nahi nuen afera, gaur liburu batek utzi didan lilura konpartitzea dut helburu.

Bidean Ikasia (1993-2016), Arantxa Urretabizkaiak idatzi eta Pamielak argitaratutako liburuak 12 euro baino ez ditu balio. Ez dut gezurrik esango. Gauden garaian egonda, eta poltsikoan armiarma sareak baino ez ditugunean, egia da 12 eurok pintxopote batean parranda erdia ordaintzen digula eta gure hamaikamila arazoez ahazteko aukera galtzeak urduritu egiten gaitu. BAINA, eta fijatu zaitezte BAINA hau letra larriz idatzi dudala, pintxopote horretan zaudetela, erositako eta irakurritako liburua pasio gordinarekarekin komentatzeak… ez du preziorik. Eta hori guztiok dakigu.

Eskurtartean daukagun liburu honek 135 orrialdetan Hondarribiako alardea du aztergai. Hala ere, kontuz laborategizaleak zaretenak, aztergai diodanean, ez dudalako esan nahi hainbeste urduritzen nauten taulak, grafikoak, formulak eta portzentaiak aurkituko dituzuenik. Badago inkesta baten emaitza, hori bai, eta zehaztasuna maite duzuenontzat, zenbait data ere agertzen dira. Horretarako tresna izan ahalko balitz ere, analisi eder honek, ez digu ikerketa demografiko-soziologiko-antropologiko bat aurkezten, baizik eta hauek bezain fidagarri eta objektiboak diren testigantzak. Gainera, idazleak lehenengo orrialdean begi-bistakoa dena esplizituki adierazten digu Alaine Tourainen esaldi batekin: “Hurbiletik eragiten digunari buruz, ezin neutraltasunez jardun”. Eta orduan esango diezue zeuen buruei eskuarekin kopeta laztantzen duzuelarik: testigantzak, neutraltasun saiakera eta alardea idatzi berean: ai ama, liburu hori erosi beharra daukat!!

Idazlanak “Historia pittin bat[ekin]” irekitzen du gaia eta behar bada beste hasiera batzuk baino garrantzitsuagoa ez den “Hasiera bat[ekin]” jarraitzen du. Ondoren, aurrekoak zuen estatus berarekin, beste hiru hasiera berri. Hirugarren eta lehenego pertsonak tartekatzen dira pasarteetan eta, estruktura oso dinamikoa eta entretenigarria denez, irakurketa ikaragarri atsegina egingo zaizu. Danborrek eta txiribirutek eskutik eramango zaituzte, hitzak, esaldiak, lerroak, ahapaldiak, orrialde osoak konturatu gabe pasio geldiezin batekin bata bestearen ostean begiekin jaten dituzun bitartean. Eta momentu horretan zeneuzkan kezka horiek… bost axola! Konturatu gabe, Hondarribian zaude, aldapan behera, aldapan gora, harri indartsuz sorturiko eraikinez inguratua bizi diren bertako biztanleak zulotxo batetik ikusteko gai zarela sentitzen.

Ez dut informazio gehiegirik eman nahi. Spoilerrik ez egitea zaila da. Beraz, zeuek nik atzo hiru ordu eta erdian gozatu nuen moduan gozatu dezazuen, gomendatu dezakedan gauza bakarra irakur dezazuela da. Barrezka, negarrez eta agian eskua ahoa estaltzen duzuela irakurriko duzue. Nik gaiari buruz ez nekien ia ezer eta liburua bukatu bezain laster, bertara txangoa planifikatzen hasia naiz. Noski, esan gabe ulertzen da, hurrengo Alardean (lanak aukera ematen badit), espaloian edukiko nautela txaloka eta oihuka Jaizkibel taldekoez ezin harroago. Informazio gabezia asko dago gai askoren inguruan eta liburu honek era dotore eta xamurrean, diskurtsoa konplikatu gabe, ederki azaltzen du azaldu beharrekoa. Kronologikoki eta deskribapen bikainekin, azkenengo hogei urteetan bertan gertatu denaz jabetzeko aukera paregabe hau nola galdu? Emakumeok pairatzen dugun ikusezintasunari dagokionez, ea benetan bukaera hastea lortzen dugun. Eta guztiok ikus dezagula.

Itsaso B
Itsaso B

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *