Beste inor ez dute bilakatuko numero

Arazoak hogeita bost

izan ditzake pertsonak,

badakizu, andrazkook,

gure odol ta hormonak…

baina ez, nik badut zerbait

erretzen tripako hormak

loak hartu ezinda nabil,

jaten nau ezinegonak…

kexatu ordez, galdetzeko

esan didanez gizonak

hemen naukazu, mediku,

jantzita kulero onak

ea ezagunak egiten

zaizkizun nire sintomak

 

Begira, nire eskuen

maniei erreparatu

nola ohi dituzten giltzak

ehun metro aurretik hartu

erantzuna jakin eta

altxatzera ez ausartu

besteek adina egin

eta berdin ez kobratu…

nahiz eta zenbaiten erruz

hatzak malkotan beratu

berriz sinatzen dituzte

milaka bake tratatu

euren aurrean ez dadin

beste eskurik altxatu

 

 

Ta zer diozu mediku,

nire hankak ikusita?

denen aurrean nahi dute

azal leuna, polita

norbaitek agintzen die

nola joan eserita

noiz itxi ta noiz ireki,

zeinentzako belaunika

kontu handiz ibiltzeko

esan diete beti ta

etorkizunerantz egin

nahi dutenean korrika

iruditzen zaie norbait

dutela eurei segika

 

 

Ahoaren arazoaz

hitz egingo dut bestela

nola baztertzen dituen

galletak eta pastela

behin bilakatu zenetik

kalorien zentinela

ta, mediku, normala al da

bat-bateko hitz totela?

uste dut komunikatzen

arazoak dituela

nahiz eta pentsatzen nuen

jendeak bazekiela

sei aldiz esan behar du

ezetza, ezetza dela

 

 

Nabari dut ikusmena

hasi zaidala kamusten

kaleetan begiradak

sumatzean ni biluzten,

usaintzean nola legez

kontrolatu nahi gaituzten,

pentsatzean ez didala

nahi dudana janzten uzten

goiz guztietan, mediku,

kafe katilua husten

irakurtzean beste lau

andre nola hil dituzten

nik kasu isolatuak

baino ez ditut ikusten

 

Larru kontuak aipatzen

nahiz eta lotsagorritu

nire bulbatik ezin da

tabu gehiago erditu

plazera sentiarazi

baina errua sentitu

betirako printze urdina

ez duelako aurkitu

sexu falta tristea da,

gehiegizkoa, delitu

puntu horien artean

baino ez du nahi mugitu

esadazu ze itxura

hartzen diozun, mediku

 

 

Oso ondo egin duzu

kontsultara etortzean

epidemi hau gurekin

baita denbora luzean

kale, taberna , lantoki,

epaitegi nahiz etxean

birusa indartuz doa

etengabe mutatzean

ez da gugan sortzen baina

gu gaitu helburu, funtsean

biolentzi matxista da,

bere bigarren fasean

eta hil egin zaitzake

bizkor tratatu ezean

 

Instituzio handien

botikarik ez espero

paparreko lazotxoa

baita beraien plazebo

hobe kementerapia

ta feminismozko suero

gorputzeko autodefentsak

indartu itzazu gero

biolentziaren formak

identifikatuz gero

gerra erdi gaindituta

dugulako honezkero

ta beste inor ez dute

bilakatuko numero

Nerea Ibarzabal
Nerea Ibarzabal

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *