Bazterraren bazterretan, lur emankor bila
Danele Sarriugarte 2015-10-20

(Irudian: Julie Doucet-en bineta bat)

Bazterraren bazterretan dagoenaz jarduteko, alegia, komikigintzaz eta emakumeen presentziaz hitz egiteko batu ziren, mahaiaren inguruan, Ainara Azpiazu “Axpi” eta Irene Borda komikigileak eta Yurre Ugarte idazle eta gidoigilea. Joan zen larunbat eguerdian zuten hitzordua, 3 Zangotako Komiki Solasaldiak ekimenaren barruan, eta Dani Fano komigilea aritu zen moderatzaile-lanetan. Koldo Mitxelenako Komikigunean izan zen hitzordua; bide batez esanda, komikigintzari buruz gehiago jakiteko toki paregabea da hori ere. Kronika honetan bildu ditugu bertan esandakoak.

Zergatien bila hasi eta egoera orokorragoan jarri zuten hizlariek arreta. Alegia, Fanoren galderari, ea zergatik ari diren hain emakume gutxi komikigintzan, adibidez, ilustrazioan dabiltzanen kopuruarekin alderatuta, gizartearen beraren egitura patriarkala eta arte-hezkuntza eskasa aipatu zituzten hizlariek. Ugartek esan zuenez, gainera, hortxe daude emakumeok komigintzatik jaso ditugun ereduak, Hego Euskal Herrian behintzat Marvel-en super-heroien gisakoak izan baitira asko, eta bertan agertzen diren genero-estereotipoak (gizon gihartsuak eta andre sentsualak) ez dira bereziki erakargarriak suertatzen. Irene Bordak gehitu zuen, bestalde, komikigile izatea, lanbide gisa, ez dela bideratzeko errazena, eta hein horretan ere, emakumeak are gutxiago animatzen direla langintzari heltzera.

Bere bizipenetatik abiatu zen Axpi. Arte-hezkuntzaz ari garela, hain zuzen, marrazten ikasi nahi zuelako hurbildu ei zen bera Arte Ederretara, eta, halaber, gizartearekin komunikatzeko grina zeukalako. Hala ere, fakultatean behintzat, arte establezituaren zirkuituan, hautsia dago harreman hori. Komunikaziorako tresna gisa ikusten du batik bat komikia Axpik, eta, ikuspegi horretatik, ez litzateke hainbesteko mugarik egon behar, artista neska edo mutil izan. Hala ere, ondotxo daki kontua ez dela hain sinplea, eta, aurrez aipatutakoaren ildotik, kutsatuta iristen zaigula komikia, estereotipoz josita. Horrez gain, ilustrazioaren adibideari helduta, Axpik uste du, batetik, erreferente gehiago daudela Euskal Herrian, emakume ilustratzaile gehiago: bidea urratua beti da lagungarri. Bestetik, gizarte patriarkalak irakatsitako baloreen zamak ere badu eraginik adierazpen baten ala bestearen aukeraketan; izan ere, rol kontenplatiboa erantsi izan zaigu tradizionalki, zain egotekoa, eta horren ondorioz, narrazio-mota motelagoa hobetsi izan dute emakume artistek, ilustrazioarena, kasu, komikiaren abiadaren aldean.

Raquel Alzateren hausnarketa bat makulu, erotismoaren gaia ekarri zuen hizpidera Fanok, esan nahi baita, erotismoa jorratzen duten komikiek zer motatako irudiak sortzen dituzten, eta zer sortzen dien horrek, era berean, komikigile izan litezkeen andreei. Amua adituta, Milo Manara eta Robert Crumb etorri zitzaizkion Ugarteri gogora. Manarak gogaitzen du, eta Crumben kasuan, aldiz, kontraesana agertu zuen: emakumeen errepresentazioa gustatu ez arren, istorioak erakargarri zitzaizkiola. Axpik, bestetik, argi utzi zuen: komikigile horien estetikak atzerantz bultzatzen du. Izan ere, garrantzia handia ematen dio komikigileak sortzen duen mundu estetikoari, plastikoari, bide horrexetatik sartzen baita bera istoriora, eta ezin banatuzkoak zaizkio biak. Bestalde, emakume oso estereotipatuak dauden komikietan, gizonak ere ez zaizkio sobera gustatzen, klixeak abiapuntu eraikitzen baitira pertsonaia guztiak, eta feminitate-eredu zehatz hori gustuko ez duen hein berean gogaitzen du horren alboan joan ohi den maskulinitateak ere.

Hariari tira eta tira, gizartearekin berarekin batera datozen bestelako mugak ekarri zituzten hizlariek, Bordak aipatutako adibide argigarria, kasu. Komikigintzan hastean, askotariko bilkura edo ekitaldiak egin, eta sarri marrazkilariak gonbidatzen zituzten antolatzaileek, plazan aritu zitezen, zuzenean marrazten. Exhibizio horretan ez zen eroso sentitzen Borda, nahiago izaten baitu etxean lan egin, bere txokoan, eta gero erakutsi marrazkiak. Bide publiko horretatik etorri zaie, besteak beste, lana eta zabalkundea beste komikigile batzuei, eta alde horretatik, kaltea izan da Bordarentzat, horrelakoetan ez ibiltzea. H28 aldizkarian jardutea, aldiz, aukera ezinhobea da berarentzat.

Pertsonaletik kontatu arren, azkar asko ikusten dugu “lotsa”-k edo etxean bakarka lan egin nahi izate horrek heziketan ere badituela erroak, pribaturako hezi gaituzten heinean. Axpiren beraren esanetan, plazan egotea bera beti da estreserako koska bat gehiago, horixe esaten dute emakume bertsolariek ere.

Publikotasunarekin jarraituta, hartzaileengana zuzendu zuen Axpik begirada. Hain justu, plazetan zeudenak, komikien hartzaile potentzialak, mezu eta estetika batzuekin daude ohituta, eta gizonezkoak izaten dira, oro har. Ondorioz, bestelako gauzak egin nahi dituenak, bidea urratu beharra dauka (beste langintzetan ere gertatu bezala, literaturan, bertsolaritzan, zientzia-ikerketan, arotz jardunda…). Bestalde, estetika zakarragoek zilegitasun handiagoa izan ohi dute, trazo biribilagoen kaltetan.

Umoreari heldu zioten hurrengo, gai potoloa inondik ere, Fanok akuilatuta. Egunkarietako zintetan-eta, umorea edo zirtoak baliatzen dira sarri, albiste eta abarrei azpimarra egiteko. Hizlariek esandakoari heldu aurretik, hona kronikagilearen uzta: gatazkatsua da umorearen kontua, mahai-inguru bat edo bi osorik eskaintzeko modukoa. Idemtitateak saioan jorratu zuten gaia, Leire Palaciosek ere sarritan hartu du ahotan, Berriako Ekografiak zutabean, eta argi dago, umorea, zer den barregarria, kontu politikoa da, eraikia. Gainera, emakumeei ezarri zaizkien rolek ez dute gehiegi laguntzen suelto aritzeko orduan. Antzeko ertzetatik abiatu ziren gure hizlariak, eta zaintza aipatu zuten, adibidez, zenbateraino daukagun txertatua zaintzaile izan behar dugulako mandatua. Horrek mugatzen du umorerako sena, hain justu ere, zartakoa etorri badatorrelako, baina gero geure burua neurtzen dugulako, ebaluatzen dugulako ea ez ote den halako ala besteko minduko guk zerbait esatekotan. Bi bider pentsatu gabe esatekoak dira zirto asko, eta etengabe neurritsu, egoki eta zaintzaile ibili beharrak ez du mesede egiten. Fanok artera ekarri zuen gogoeta, orokorrago: artea sortzea, komikia sortzea, askatzea da, libre uztea gogoa, eta ez, aitzitik, egoki jardutea, burura etorritako horri mugak ipintzea. Bestalde, zaintzara itzulita, hausnarketa mamitsua ekarri zuten hizlariek komikira: zaintzailearen rola hain txertatuta edukita, arrunta da heziketara jotzea, eta heziketa asko egiten da, narrazioen arloan, ilustrazioaren bidez. Gainera, zirtoka hastean, parez pare jartzen dira emakume eta gizonak, eta zenbait gizonek ez dute jakiten nola erreakzionatu. Beren ohiko kodea ere moldatu beharra dute horrelako egoeretan, handia bota eta aurrean duten andreak are handiagorekin erantzuten dienean.

Alde onik ere bada, noski. Batetik, Axpik hizpidera ekarri zituen Mireia Pérez komikigilearen hitzak. Haren ustez, aukera gisa ikusi beharrekoa da emakumeen presentzia eskasa, hain zuzen, emakume artistek oraindik mundu oso bat daukatelako aurrean, esploratzeko gertu. Gainera, Ugarteren arabera, hautsi ere hautsi behar da pixka bat emakumerik ez dagoelako uste hori, egon badaudenak are ikusezinago bilakatzeak ez digu-eta mesederik egingo, egon baitaude; adibide batera, Julie Doucet, Crumbena bezain estetika zakarrarekin hitz egiten duena hilekoaz, babosoei erantzuteko moduez eta abarrez. Kronikagileak ere biziki maite du Doucet, eta beste gomendio bat gehitu nahi luke, Alison Bechdel ezinbestekoa, noski.

Aurrera begira eta amaitze aldera, egoera aldatu ote den eta zer egin asmo duten galdetu zien Fanok gure hizlariei. Bordaren iritziz, asko hobetu da komiki-aukera. Iparraldean aberatsagoa da komikigintzaren tradizioa, eta Bordak esan zuen, adibidez, nerabeentzako komikien artean asko direla neska protagonistak, pertsonaia landu eta sakonekin, gainera. Horrez gain, kalitatea handitu eta estetikak ugaritu dira, eta, maiz, zaila izaten da esaten ea komiki bat andre batek ala gizon batek egin duen. Komikigintza berriro serio hartzea du Bordak helburu, utzia izan baitu, lana eta seme-alaben heziketa tarteko. Claire Bretécher komikigilearen esana ekarri zuen gogora, hain zuzen, berdin marraz dezaketela emakume zein gizonek, eskuekin marrazten baita, eta ez barrabilekin. Egiten jarraitzea da, baita ere, Axpiren helburuetako bat, eta egon badaudenak ikusaraztea. Bere ikastaroetan horixe egiten du, askotariko erreferentziak eman, gazte eta helduak animatzeko. Seme-alabak aipatu zituen Bordak, eta Ugartek kontziliazioaren eremuan ikusten du erronka nagusietako bat, ezin baitugu jarraitu amatasuna eta sorkuntza kontrajartzen. Ugarteren esanetan, borrokatu, eraldatu, goitik behera jarri eta deuseztatzekoa da gaur egun nagusi den eredua, egiturak berak bultzatzen baikaitu geure ibilbide profesionala bazter uztera, baldin eta umeak ekarri nahi baditugu.

Bazterrak ez dira beti samurrak baina sarri izaten dira interesgarriak, eta, are, askatzeko eremu. Komiki-irakurle hasiberriok ere mundu oso bat daukagu, oraindik, deskubritzeke .

Danele Sarriugarte
Danele Sarriugarte

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *