Baloreak eta helburuak

Feminismoa. Feministak gara. Klitto! atari digitalaren helburua ez da bakarrik feminismoa gai bezala lantzea, baizik eta baita errealitate anitzak ikuspuntu feministatik aztertzea ere. Feminismoari eta mugimendu feministei ikusgarritasuna emateko sortu da Klitto!, hori da, beraz, bere izateko arrazoi, bide eta helburu.

Talde gutxituak. Sozialki zapaldua den kolektibo bat (emakumeak) indartzeko bide moduan ulertzen dugu feminismoa; bada, genero dikotomiak sortutako ezberdintasunak ezabatzeko bide moduan. Horregatik, kolektibo zapaldu batetik gatozelako, gizarteak sortu dituen gainontzeko talde gutxitu, zapaldu, alboratuen lagun gara, eta gure nahia da talde horiei guztiei ikusgarritasuna emango dien espazioa eskaintzea Klitto! atari digitalean.

Aniztasuna. Feminismoak errealitate anitzak barne hartzen dituela uste dugu. Horregatik, interes konkretu bakar batzuetatik urrun, aniztasun hori Klitto! atari digitalean islatzea nahi dugu. Instituzionalismotik aldendu eta eduki propioak sortzea da gure helburua, hain zuzen aniztasun sozial horri ateak zabaldu eta orotariko istorioak ezagutzera emateko.

Askatasuna (anti-abolizionismoa). Jarrera paternalista eta moralistak gogaitzen gaitu. Pertsona bakoitzak mundua interpretatu eta bizitzeko arrazoi propioak eta norberarentzat balio dutenak ditu eta hori errespetatzen dugu guztiz. Arrazoi horrengatik, ez zaigu gustatzen egia unibertsalez eta absolutoz hitz egiten duten horien jarrera. Era berean, askatasun pertsonaletan sinesten dugu, norberak bere baloreak eraiki eta garatu ditzan. Klitto! atari digitalean, besteenganako errespetuz arituko diren ahotsak izango dira ongi etorriak.

Euskara. Euskal Herritarrak eta euskaldunak gara. Feminismoaren inguruko kazetaritza espezializatua eskaintzen duten atariak ugari dira, baina guztiak ere gaztelaniaz. Gure hizkuntza, ordea, euskara da eta, gure herrian mugimendu feministek duten dinamismoa aprobetxatuz, zein nazioartetik interesgarriak iruditzen zaizkigun gaiak gurera ekarriz, euskara hutsean argitaratuko duen aldizkaria izateko sortu da Klitto! atari digitala.

Protagonisten ahotsak. Ezagutarazi nahi ditugun errealitate horien istorioak inork ez ditu ezagutzen euren protagonistek bezain ongi. Kalitatezko kazetaritzaren izenean, bozgorailu bat eskaini nahi diogu zer kontatu duen orori. Guk sortutako lanetan, errealitate horien berri eman nahi dugu, protagonisten eskutik. Horregatik, ahots horiek bilatu, ezagutarazi, errespetatu, eta kontatutakoa zintzo islatzea da gure helburua, protagonismoa eurei eskainiz, beti ere.

Independentzia. Kalitatezko kazetaritzaren oinarria dela uste dugu, ekonomikoki independienteak izatea eta kanpoko eragileen interesei men ez egitea. Gaur-gaurkoz, ez dugu inolako irabazi ekonomikorik, ez eta inongo diru sarrerarik ere. Egiten dugun lana borondatez egiten dugu zeharo; bai guk, bai gure kolaboratzaileek.

Creative Commons. Ezagutzak eta kulturak publikoa eta eskuragarria izan behar duela sinesten dugu. Horregatik, Klitto! atari digitaleko argitalpenen lizentzia librea izango da, egilearen aitortza izanik baldintza soila. “Creative Commons – By” lizentziapean argitaratuko ditugu guk sortutako lan guztiak. Bestalde, kolaboratzaileen lanei dagokienez, norberaren esku uzten dugu bere argitalpenetan lizentzia pribatiboagoa ezartzea; kasu horretan, argitalpen bakoitzean esplizituki azaldu beharko du zein baldintzetan argitaratu duen. Hortaz, Klitto! atari digitaleko edukiak Jabetza Intelektualaren Legeak babesten ditu.