Bakoitzari bere izenez
Ana Iruretagoyena 2017-09-08

Arazoaz jabetuta nengoen lehendik ere, urtero-urtero errepikatzen den istorio tamalgarria delako, baina gaur arte, inoiz izan gabea nintzen Hondarribiako egun handian. “Ikaragarria” izango zela espero nuen, beste urte batzuetan beste kazetari batzuei hala irakurri diedalako, eta oraindik harridura gainetik kendu ezinda nabil. Arrotza. Hala sentitu naiz Hondarribiara heldu eta nire burua “betiko” alardeko –alarde matxistako, alegia- gizonez inguratuta ikusi dudanean. Haiek ikustera joana zen jendea ere bazen kalean, barra-barra. Eta plastiko beltzak prest, askok. Konpainien ibilbideaz, irteera orduaz… galdetu diegu lankide batek eta biok herritarrei, eta sumatu dugu Jaizkibelen aurkako nolabaiteko boikot ahalegina: tabu moduko bat zen askoren ahotan, haserre erantzun digute beste batzuek konpainia parekidearen ibilbidea galdetzean. Bost leku ezberdinetara bidali gaituzte, eta beste horrenbeste irteera ordu esan dizkigute, eta ugari izan dira “ez dakit” erantzunak.

Jaizkibel konpainiarekin bat eginda, kale nagusira heltzean ulertu dut noraino heltzen den bullying-a. Arku baten atzean, aldapa gora egiten den bide estua da kale nagusia. Desfile arrunten antzera, bi alboetan hori ikustera doan jendea egon beharrean, ordea, alde banatan plastiko beltzez osatutako korridorea zegoen. Atzean, gehien bat neska gazteak –alarde matxistan kantinera ateratzeko puntuak irabazteko egiten omen dute-, “Betiko alardea” zioten kartel beltzak eskuan, aurpegia estaliz komunikabideen aurrean. Aldapan gora, beraz –eta gero behera-, bizkar ematen dieten herritarrez osatutako tunel beltz batean zehar egiten dute Jaizkibelgoek. Soilik udaletxean (erakundeetako ordezkariak zeuden puntuan) eta plastiko beltzen aurrean jarri den talde feministaren batekin sortzen ziren argi gune txikiak pasillo ilunean zehar.

Adorez, animoz, gogoz, aldarrikapenez eta jaiak guztiok gozatzeko indarrez egin dute bidea beste behin, konpainia parekidean. Eurei babesa adierazteko jarrita zegoen pankarta bat udaltzaingoak gero nola kentzen zuen ere ikusi behar izan dute gainera, alarde matxistakoak ez mintzeko edo.

Gizartearen gehiengoak aldarrikapenen bandera soinean ez eramatea erabakitzen badu ere, ulergaitza zait Hondarribia eta Irunetik kanpo politikoki zuzena argi eta garbi den hori –parekidetasuna defendatzea, alegia- gutxiengoaren apustua izatea Euskal Herriko herriren batean. Nola da posible bertan sortzen den giroak parekidetasuna bilakatzea tabu?

Adierazpenak egin dituzte ondoren batzuek eta besteek. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak herritarrei eta udaleko alderdi politiko guztiei egin die dei, elkarrizketaren bitartez arazoa konpontzeko: “Tradizioak gizarte kohesiorako tresna inportantea dira, baina une historiko konkretu batean sortzen dira, eta eguneratu egin behar dira” esan du. Emakumeen eskubideak arlo guztietan defendatu behar direla, jai giroan ere bai, azaldu du Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. Maddalen Iriarte, EH Bilduko legebiltzarkideak berriz, ausentziei erreparatu die: “Hondarribiako udal gobernuko ordezkariak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Lehendakariak berak bertan behar lukete”.

Oihana Etxebarrieta izan da aurten Jaizkibel konpainiako kapitaina. Urduri zegoela aitortu du abiatzean, baina ez du irribarrea galdu desfile osoan: “Plastiko beltzak hor egon dira, irudi iluna erakutsi nahi dute, baina badugu argia: 20 urtetan zehar aurrera urrats asko eman dira, eta gero eta gehiago gara Jaizkibelen alde” esan du. Hori zuten urteurren borobila aurten konpainia parekidean. Bi hamarkada daramatzate jaien inguruko parekidetasunaren alde lanean eta, oraindik izugarria bada ere, dudarik gabe, egoera asko aldatu da. Kalean, eurek ikusi ahal izan dute garapena; erakunde eta alderdi politiko batzuek urtero agertzen diete babesa; eta aurten, zenbait hedabide handitan irakurri eta entzun dugun aldaketa: orain arte “alarde tradizional” zen hori, “alarde baztertzaile” izendatu dute. Bada garaia, erakunde eta alderdi politiko guztiak inplikatzeko eta bada garaia, bakoitzari bere izenez deitzeko.

 

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *