Bakea ez da existitzen, feminismoa bai (II)

Hemen duzue lehen zatia: “Bakea ez da existitzen, feminismoa bai (I)”

Bakea eta normalizazioa demokrazian

“Berdintasuna ez da ‘gertatzen’, inposatu egiten da (esklabotza ez da gertatzen, inposatu egiten da, eta esklabotzaren amaiera ere ez da gertatzen, inposatu egiten da).

(NEO)Liberalismoaren arabera, jabetzaren eta merkatu librearen bidez lortzen da berdintasuna. Haien iritziz, berdintasunaren fenomenoa askatasunean gertatzen da, eta jabetzak eta arrazoiak ematen dizute askatasuna. Hortaz, emakumeok, ahaztu askatasunaz, emakumeek ez baitaukate jabetzarik, haiek dira jabetza. Eta denok dakigu arrazoirik ere ez dutela, hain zuzen ere, horrexegatik ez dute jabetzarik eduki. Ez dute arrazoirik, horrexegatik ez dute eduki, orain dela gutxi arte, bozkatzeko eskubiderik, ezta ere, dibortziatzeko, abortatzeko, profesiorik izateko, pertsona izateko eskubiderik.

Berdintasunak berezko baldintzak ditu, askatasunak bezalaxe: baliabideak, diskurtso eta hegemonia zehatzak behar ditu. Ahalmen politiko indartsua behar du berdintasunak, alegia, berdintasun sozio-ekonomikorik gabe ez dago berdintasun politikorik, eta alderantziz. Eta gizon-emakume dikotomia ez da diferentzia, klase politiko eta sozio-ekonomikoen arteko esplotazioa da. Wittigek dion moduan, emakumea ez da diferentea, esplotatua baizik. Momentu honetan bake eta normalizazio androzentrista ari gara irudikatzen, baina emakumeak bake eta normalizazio horren subjektu bilakatzeko egiturez eta sozio-ekonomiaz hitz egin behar da, ez horrenbeste elkarbizitzaz, egiaz eta adiskidetzeaz. Horiek liberalismo kristauaren kontzeptuak dira, ez materialismo historikoarenak.

Gizarte demokratikoak segurtasunean oinarritzen dira, alegia, bigilantzia publikoan. Ez dezagun ahaztu: bigilantzia beti egon da. Lehen patriarkak, familiak, komunitateak edo subjektu pribatuek egiten zuten, ez erakunde publikoek: horixe da demokratizazioaren ezaugarri nagusia. Beste ezaugarri nagusia, aurrekoari estu-estu lotuta, honako hau da: herritarrak gobernatze prozesuan sartzen direla. Hori da demokratizazio ororen helburua. Gure etorkizuneko Euskal Herri baketsu eta normalizatu hori demokratikoa izatea nahi dugunez, argi izan behar dugu ezinezkoa izango zailgula bake eta norma patriarkaletik ihes egitea salbu eta emakume eta gizonek baliabide eta aukera berdinak badauzkate GOBERNATZEKO, hala euren buruak nola herria gobernatzeko.

Emakumean ez badira ESPAZIO PUBLIKOAN barneratzen, emakumeek ez badute botere publikoa bereganatzen, bakea ez da emakumeena izango, hau da, NORMA eta NORMALITATEA ez dira emakumeenak izango. Gizonenak baizik. Horrek ez du esan nahi gizonek biolentzia pairatu eta gatazka bizi ez dutenik, HAUXE DA ALDEA: beraiek gobernatzen dute biolentzia eta gatazka. Emakumeok ez dugu ezer gobernatzen.

HORREGATIK, “GOBERNATU” KONTZEPTUA GAKOA da.

Eta horrek beharko luke Euskal Herriko emakumeon helburua: biolentzia eta gatazka (ere) gobernatzea – ez bere klase politikoa historikoki menderatu duen bake patriarkal baten bila aritzea.

Neoliberalismoak dio estatua dela biolentzia ezartzen duen entitate arriskutsuena eta horregatik nahi dute estatua txikitu edo murriztu. Oso antzekoak diren diskurtsoak entzuten dira hemendik ere, ez bakarrik estatua txarra dela berez, liberalek defendatu bezala, are gehiago, ulertzen da gatazka politikoa estatuarekin egiten dela, eta beraz, bakea ere. Hau da, estatuekin dugun arazoa konpondu eta gero bakean biziko garela. Baina estatuekin dugun arazoa eguneroko arazo berbera da, gizartea bezain patriarkala baita estatua bera.

Indarrak jarri beharko genituzke honako gai honetan: NORMAk zer izan behar duen adosten, eta NORMA HORREK dakarren BIOLENTZIA BIDERATZEN, ez horrenbeste BAKEA nolakoa izan behar duen pentsatzen.

Bakea (patriarkala), emakumearen kontrako biolentziaren normalizazioa baita.

Estatuek ikaragarrizko baliabideak dituzte, hala biolentzia nola berdintasuna gauzatzeko. Beraz, estatuaren ezaugarria ez da biolentzia, baizik eta zer eraginkorra den biolentzia gauzatzen duenean. Eta berdina gertatzen da NORMArekin ere. Estatuak dauka NORMA birsortzeko eta inposatzeko ahalmenik handiena. Estatu demokratikoak, berezkoak dituen mekanismoen bidez (eskola, osasungintza, justizia sistema, sistema fiskala eta produktiboa), diferentzia edo berdintasuna birsortzen ditu: klase sozio-ekonomikoak eta sozio-politikoak (emakume-gizon “sexua”, zuria-beltza “arraza”, etab.). Emakumeek ez badituzte mekanismo horiek emakumeen beren esku edukitzen, NORMA-litate edo bake patriarkala baino ezingo da ezarri.

EMAKUMEOK EZ DUGU ESTATURIK, EZ DUGU BANKURIK, ez dirurik, ez dugu multinazionalik, ez gaude IBEX35ean, ezta Wall Streeteko burtsan, EMAKUMEOK EZ DUGU egiturarik, ez baliabiderik; horrexegatik, EZ DUGU BOTERE POLITIKORIK/PUBLIKORIK.

Horri buruz hitz egin behar dugu emakumeok gatazkaz eta bakeaz ari garenean.

Diferentzia eta berdintasuna eraikuntza prozesuak dira, mobilizazioaren bidez sortzen dira, baina egituren bidez birsortu. Diferentzia sistemikoek normalizazioa dakarte, norma-arau (multzo) baten arabera birsortzen diren diferentzia formalizatuak dira gizarte demokratikoaren oinarrizko diferentziak.

Demokratizazioaren helburua, ikuspuntu feministatik, zer da? Komunitateak berak erabakitzea zer diferentziek eta, beraz, NORMAK, osatuko duen komunitatea, eta ez, aitzitik, ez nazioarteko enpresek, familia multzo batek, edo gizonek, orain gertatzen den moduan.

Biztanleria erregulatuak eskola eta osasun sistema publikoa erabiltzen ditu, zerbitzu sozialak jasotzen, Lanbidera joaten da lanik gabe geratzen denean edo lana lortu nahi duenean, formazio graduak jasotzen ditu; egunero dutxatzen den eta umeei, sistematikoki, txertoak ematen dizkiena da biztanleria normalizatu eta erregulatua, biztanleria demokratikoa. Pentsatzen dut etorkizuneko BAKEA irudikatzerakoan horrelako gizarte bat etortzen zaizuela burura, eta ez txaparroak janzten dituzten jendeen landa gizarte komunal bat, edo gizarte teknologiko bat. Hori adostuta, gizarte mota horretan irudikatu behar da feminismoa (edo “bakea” deitzen dena), eta ez existitzen ez den gizarte batean. Gizarte horretan Estatua ez da biolentzia gauzatzen duen erakunde multzo bakarra, ezta bortitzena ere. Familia eta komunitateak gauzatu dute historikoki biolentzia gehien; hala ere, biolentzia horrek komunitatea deusezta ez dezan, kooperazioa ezinbestekoa da, eta hori da, hain zuzen ere, biolentzia sinbolikoaren oinarria, eta NORMA-ARAUAK egoteko eta horiek mendeetan zehar irauteko arrazoi existentziala: komunitateak kooperazioa bezain beste behar du biolentzia, eta kooperazioa, sarritan, biolentzia sinbolikoan oinarritzen da.

Ondorioak

Patriarkatuaren funtzionamendu baketsuari esaten zaio NORMALITATEA.

Demokratizazio prozesuetan ongizatea estatalizazioarekin batera doa, eta behin baino gehiagotan esan dugu estatalizazio patriarkalak kontrol mota zehatz bat dakarrela, diziplinan eta normalizazioan oinarritua, NON GIZONEZKOEK emakumeak GOBERNATZEN BAITITUZTE. Horregatik, ikuspuntu feminista batetik, gakoa ez da nola deuseztatu estatua; kontrara, gakoa da nola erdietsi estatua.

Gurea ez da adiskidetzearen, kontsentsu arrazionalaren eta egiaren, laburbildz, bakearen diskurtsoa. Zergatik? Bakea emakumearen kontrako biolentzia normalizatua delako.

Horregatik BAKEA EZ DA EXISTITZEN, FEMINISMOA BAI.

 

 

 

Jule Goikoetxea
Jule Goikoetxea