“Badugu kantatzeko beste modu bat, bizipenak desberdinak direlako”
Maider Galardi 2019-04-08

Ibilbide luzea egina dute dagoeneko Maygred Bourricaudy eta Yanaysa Prieto Duo Jadeko musikariek. Euskal Herrian lehen aldiz 2009an izan ziren, eta berriz heldu dira orain. Musikari gisa hazi dira, baita andre gisa ahaldundu ere.

Ia hamabost urte daramate oholtza gainean Yanaysa Prietok eta Maygred Bourricaudyk Duo Jade taldearekin. Ordutik garatu da haien musika, eta baita diskurtso feminista ere. Emakume musikarien mugak zein diren jabetzen dira, baina horiek gainditzeko lanean dihardute, eta beren musika ezagutarazten, Kuban zein Euskal Herrian. Donostiako Aurresku tabernan eskaini zuten birako bigarren kontzertua. Biko formatuan ari dira orain, eta hala erantzun dituzte galderak ere: bi ahotsetara, baina doinu bakarrean.

2005ean hasi zenuten ibilbidea. Nola aldatu da proiektua?
Taldeak etapa diferenteak izan ditu. Bikote gisa hasi ginen, baina halako batean pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela talde formatua. Sorkuntzarako sekulakoa izan zen. Profesional handiak genituen gurekin eta garapen handia izan genuen. Egoeraren arabera aldatzen genuen formatua eta horrek aukera eman zigun testuinguruaren arabera egokitzen jakiteko. Orain duo gisa ari gara lanean, baina ez dugu hasierakora itzuli nahi, musikalki aldatu gara eta kolektiboan lan egiten ikasi dugu.

Jakina, bi emakume ginen taldeko liderrak, eta gainontzeko kideak gizonezkoak izanda, kutsu matxistako hainbat egoera bizi behar izan ditugu. Hori geure garapenerako baliagarria izan da: lider gisa erakutsi dugulako geure burua eta gizon musikariekin kudeatzen ikasi behar izan dugulako. Erabakitzeko gaitasuna dugula erakutsi eta geure irizpideak ezarri ditugu mahai gainean. Ahalduntzea izan da.

Handitu da, beraz, emakume trobadoreen presentzia Kuban zuek hasi zinetenetik?
Agian ez daude gehiago, baina duela urte batzuk baino ikusgaitasun handiagoa dute. Beti egon izan dira emakume abeslariak musika kubatar tradizionalean, baina ez ziren proiektuetako buruak. Orain ikusten dira gehiago, nahiz eta gutxiengoa garen.

Trova musika popularra da eta probintzietan badaude proiektuak emakume trobadoreak sustatzeko, halere, gutxiengoa gara oraindik, eta ikusgaitasun txikia dugu.

Horregatik egin zenuten emakume trobadoreei buruzko dokumentala?
Hasierako ideia beste bat zen, baina Euskal Herrira etortzen garenean giro feminista batean aritzen gara eta proposatu ziguten halako proiektu bat egiteko. Horrela erabaki genuen “gure gaiari” buruz hitz egitea. Irekita dagoen proiektu bat da oraindik. Guretzako ikasketa prozesu bat izan da andre horiek elkarrizketatzea.

Akaso horrela ohartuko zineten andre musikari izateak dituen mugaz…
Ohartu ginen ez zituztela beren bizipen guztiak kontatu nahi, polemikarik ez sortzeko. Baina hitz egiten hasterakoan, istorio horiek guztiak harilkatzen hasi eta ohartu gara problematika zehatz bat dagoela andre izateagatik. Festibaletan soilik gizonezkoak deitzen dituzte deitzeko, musikari gisa galdetzen digute ea soinu “indartsua eta solidoa” dugun soilik gauza delikatuak egin bagenitzake bezala… Hala kontzientzia hartzen segitzen dugu. Horretarako balio izan du dokumentalak: bizipenak jasotzen segitzeko eta kontzientziak pizteko.

Aipatu izan duzue emakume trobadoreek baduzuela modu berezi bat musika egiteko.
Uste dugu badagoela zerbait, baina ez du feminitatearekin zerikusirik. Maygredi esaten diote gitarra jotzeko modu “matxoa” duela, eta niri —Yanaysari—, berriz, inprobisatzerako unean gizonezkoak bezain ausarta naizela. Klixeak dira. Dioguna da badagoela kontatzeko modu diferente bat, akaso bizipenak ere ez direlako berdinak ikuspegi feminista batetik.

Emakumeok gai batzuekin gehiago biluzten gara. Guk, esate baterako, gai lesbikoa lantzen dugu kantuetan. Izan daiteke metaforen bidez, baina geure bizipenetatik lantzen dugu, eta mahai gainean jartzen dugu. Gizonezko sortzaileek, ordea, homosexualitatearen gaia ez dute ukitzen, eta horren inguruan abesten badute, hirugarren pertsonan hitz egiten dute.

Genero ikuspegia lantzen segitzen duzue. Orain gutxi “La Costurera” film laburreko soinu banda egin zenuten. Zein da gaia?
Haurrei egindako sexu abusuei buruzko film laburra da, eta abeste horrekin berarekin bideoklipa ere egin dugu. Abesti honen helburua izan da jendartea gaiaren inguruan sentsibilizatzea, kontzientzia harraraztea. Ederra da kantua, baita hunkigarria ere. Neskatoen sexu abusuen aurkako aldarria egin nahi dugu. Orain hemen [Euskal Herrian] ezagutarazi nahi dugu filma.

Horretaz gain, zer egingo duzue Euskal Herrian?
Egiten uzten diguten guztia egin nahi dugu. Euskal Herriko musikariekin partekatu nahi dugu egiten duguna, batik bat emakume musikariekin. Maiatzera arte izango gara hemen.

Maider Galardi
Maider Galardi

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *