Autodefentsa feministaz armatuta gaude!
 klitto! 2017-08-19

Indarkeria matxistaren aurka, manifestazioa deitu du Bilboko AFAk (Autodefentsa Feminista Asablada)Uztailaren 25ean. Su artifizialen ostean hasiko da Azaroak25eko plazatik (Algara konpartsaren atzekaldean). Buruberokiekin eta beltzez jantzita azaltzeko deia luzatu dute.

Hona hemen AFAko kidea den Gouiri Mendez Otaegiri egindako elkarrizketa. Jaiak nola gozatu eta autodefentsaz armatzeko klabe eta gogoeta batzuk konpartitu dizkigu.

 

  • Zeintzuk dira Bilboko Aste Nagusian erasoen aurre-lanketari dagokionez identifikatzen dituzun klabeak?

Mugimendu feminista saretzen eta berriztatzen ari da etengabean. Hori esango nuke dela erasoen aurre-lanketari dagokionez daukagun tresnarik polit eta eraginkorrena: gure artean sortzen ditugun aliantzak.

Duela bi urte hasi ginen Bilboko Aste Nagusiari begira antolatzen. Iruñeko Farrukasek eginiko lehen gaueko manifestazioak erasoen aurrean antolatu eta autodefentsa feministaren inguruan lan egiteko gogoak ekarri zituen Bilbora, eta hala biltzen hasi ginen AFAren (Autodefentsa Feminista Asanblea) inguruan. Nolabait erantzun kolektibo eta aktibo baten egarriz, gogo eta behar desberdinen elkartrukatzean bide berri hau hasi genuen.

Bilboko Aste Nagusia bezalako jai batzuk prestatzeko urte osoan zehar lanean dagoen Bilboko Konpartsekin aliantza sortzea sarean lan egitearen klabe garrantzitsu bat da baita ere. Protokoloez eta aurrelanketaz hitz egiten dugunean guk geuk sortzen ditugun jai eremuei erreparatzen diegu batez ere, izan ere arriskua kanpotik datorrenaren ustea dagoan arren, jarrera matxistak oso ohikoak dira gure artean eta jaiak antolatzen ditugun kolektiboak ez gaude errealitate horretatik kanpo.

  • Nola bizi duzu aurre-lanketa prozesua? Protokoloa adostea, zuen arteko eztabaidak…

Aurre-lanketa luzea, dinamikoa eta eraldaketa asko dituen prozesu bat izaten da. Balorazioei erreparatuz errealitateari eta gogoei egokitutako ekimenak antolatzen saiatzen gara eta jaiei begira lan egin eta inguruan ditugun kolektiboekin ideiak elkarbanatuz hauek osatzen eta diseinatzen joaten gara.

Gure artean gauzak proposatzea, eztabaidatzea eta adostea askotan korapilatsua izaten da; hare gehiago erabaki hauek kolektibizatzen saiatzen zarenean. Aldaketa sakonak planteatzen direnean, kontrakotasunak eta inertzia zaharrak agertu egiten dira. Baita ideologikoki hurbil dauden esparruetan ere. Gainera, fenomeno bitxi bat agertu egiten da gauzak adosterako orduan: sistema heteropatriarkala elementu arrotz baten gisara irudikatzen dute askok. Horren arabera, kanpoan, hor nonbait, dagoen munstro zehaztugabe bat da matxismoa, eta horren aurrean gu gaude: kontzientziatuak, arduratsuak, beste maila batean gaudenak.

Erasoen aurrean era aktibo eta ardura politikoz jokatzeak desadostasunak ekarri egiten ditu protokoloak adosterako orduan. Oro har, emakumeok* urrats bat aurrera egin nahi badugu, beste batzuek urrats bat atzera egin beharko lukete. Eta zenbait pertsona ez daude pauso hori emateko prest.

Hala ere nabarmena da gaiari eusteko borondate eta gogoa gero eta presenteago dagoela jaien antolakuntzan parte hartzen duten agenteen artean. Eta hau mugimendu feministari esker gertatzen ari den zeozer dela uste dugu: urteetan zehar egin den lanaz lortzen ari garen zeozer delako.

  • Aste Nagusian nolakoa izaten da erasoen erantzuna eta kudeaketa? Zein baliabide erabiltzen dituzue?

Protokoloaren aktibazioa Bilboko Konpartsetan adostu egiten da, eta erabaki horren arabera irten egiten da mugimendu feminista kalera, batak bestea elikatzen baitu. Udaletxeko berdintasun sailarekin kontaktua mantenduz edota konpartsakideok emandako berrien arabera aktibatu egiten da konpartsa guztien partehartzea behar duen protokoloa. Halaber, autodefentsa asanbladak badu bere protokolo propioa, jaietako gainontzeko agenteekin elkarbanatuta dagoena.

Kaleari eta jai eremuan presentzia izateari berebiziko arreta jartzen zaio. Gu jaiak gara baita ere eta HEMEN GAUDE ozen bat oihukatzen dugu: hemen gaude txupinazoan, hemen gaude kalean erne, hemen gaude jaiak antolatzen, hemen gaude erantzuteko prest, hemen gaude jaiak gozatzen…bagara eta saretuta gaude.

Horretarako hamaika dira planteatzen ditugun ekimenak: gaueko brigadak, beltzez jantzitako manifestazioa edota iruditegi feminista sortuz.

  • Uste duzu Bilboko Aste Nagusian jaiak gozatzea eta plazerez bizitzea posible dela?

“Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira, errealitatearen adierazle kondentsatuak. Jaietan jendartean dauden gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak erreproduzitzen dira. Baina ez dezagun ahaztu ordena irauli eta disidentziarako baliatu ditzakegula ikuspegi eraldatzailea txertatuz gero.” Horrela adierazten du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Tamalez hogeita lau orduz erasotua izan zaitezkeenaren edota erasotua zarenaren ideiak gorputz eta burua zipriztindu egiten duenean, gehienetan erne egotera eta honen inguruan antolatzera eramaten gaitu antolatutako jaien gozamena askotan baztertu egiten duzularik.

Azken urteetan indarra hartu dute sexu erasoen aurkako kanpainek, protokoloek eta mobilizazioek, eta argi dago behar-beharrezkoak direla, jaietan are gehiago nabaritzen baitugu indarkeria sexistaren oldarraldia: emakumeen* kontrako irainak, eraso fisikoak, bortxaketak eta hilketak sistematikoak dira. Aurrekoa esanda, eta indarkeria matxistaren aurkako egitasmoak ezinbestekoak diren arren, irudi oker bat zabaltzeko arriskua dakartela antzematen dugu. Hala, hedabideetan nahiz jendearen iruditegi kolektiboan, andreak biktimekin parekatzeko joera dago. Ondorioz, emakumeok* gero eta beldur handiagoz bizi ditugu festak, gaueko giroa eta kalea bera.

Festaren bazterrean egotea egokitu zaigun subjektuontzat, gozamena oso arma indartsua eta eraginkorra izan daiteke. Ahalduntzeko tresna da. Askotan, ahaztu egiten dugu plazerak duen garrantzia, eta jaiek berebiziko aukera eskaintzen digute horretarako. Denon gozamena bermatu nahi badugu, ordea, planteamendua aldatu beharko dugu, eta geure buruari zenbait galdera egin.

Hala ere, urteotako mugimendu feministaren lanak baditu bere lorpen txikiak eta gozamenerako saretuta gauden konpartserak gero indar gehiagoz eusten diogu gure arteko aliantzari: konpartsa barruan gure artean bilduz, jaietan elkarri eutsiz eta konpartsa lanetan present egonez.

“Jaiak bai, borroka era bai” leloaren erritmo frenetikoan gozamena aintzat hartzea ahaztu egiten zaigu.Bilgune Feministak adierazi egin duen bezala, “Dantza dezagun edo bestela hau ez da gure iraultza izango. Eta iraultzen ez badugu, ez delako gure dantza izango.”

 

Gouiri Mendez Otaegi.

AFAko kidea

Bilbon, 2017ko abuztuaren 19an.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *