Istorio bakarraren arriskuari buruzko hitzaldi baten bidez ezagutu nuen Chimamanda Ngozi Adichie idazle nigeriarra, eta bi urtetik gora igaro diren honetan hartu dut estreinako aldiz bere liburu bat osorik irakurtzeko beta. Azkenengoa irakurri diot, eleberri mardul bat: Americanah.

Aipatu hastapeneko hitzaldia ikusi ez ezik lan pixka bat ere egin nuen hori zenbaiten artean zabal zedin, Adichiek ingelesez hitz egin baitzien ikus-entzuleei TED erakundeak antolatutako mintzaldian eta Garazi Arrula kideak eta biok euskarara ekartzeko moduko zerbait zela erabaki baikenuen. Neuk hartu nuen itzulpenaren ardura.

Adichiek zioenarekin bat nentorren hainbat tokitatik. Istorio bakarraren arriskua, azken batean, estereotipoen aurkako kontakizun bat zen, autoreak hainbat pasadizo harilkatzen zituen, arrazakeriak bere bizitzan izandako eraginaren erakusgarri. Istorioen ahozko kontaketan paregabe den afrikar tradizioan jaiotako haur batek, gauzak horrela, Nigeria indarrez hartu zutenen literatura zuen ikasgai eskolan, eta, horrenbestez, umetan idatzitako lehen literatur saioetan sagarrak jaten irudikatzen zituen haurrak, begiak urdin eta azala zurbil, eguzkia noiz aterako ote zain. Nigerian.

Bataren normaltasunak eraikitzen duela bestearen anormaltasuna, funtsean. Eta hori ezin ezagunago zitzaidan, andre euskaldun bezala.

Ulertu nuen Adichieren hizkuntza, beraz, garai hartan, eta atzera ulertu dut bere eleberria irakurri dudan beste honetan. Bion artean badira aldeak, ez pentsa. Neuk hizkuntza gutxituan dihardut, berak munduko lingua franca garaikidean. Biok gara andre identifikatuak, bera beltza ni zuria, bera Afrikakoa ni europarra. Bera unibertsitate-irakasleen alaba, Nigeriako unibertsitateko campuseko etxe batean hezia, herrikide zituen gehienak baino egoera oparoagoan. Ni garai bateko klase ertaineko gurasoen alaba, zortzi abizen euskaldundun aita ikasiaren eta Moncalvillo de Huetetik Eibarrera nerabetan lanera etorritako amaren kumea. Bera ile kixkurduna ni Pantenen iragarki batean parte hartzeko moduko adats liso luzeduna, argalago banengo.

Ileei heldu nahi diet, baiki, ileapaindegi batean abiatzen baita Americanah nobela. Amerikako Estatu Batuetan hamarkada pasa egin duen Ifemelu protagonista nigeriarrak Boston inguruko ile-apantzaile batengana jotzen du, sorterrira betirako itzuli aurretik trentzekin orraz diezaion burua. Bidea ez da makala izan horra iritsi arte. Ifemeluk, AEBetan egindako hamahiru urteetan bere burua ahaldundu du errealitate berri baten argitan. Friboloa dirudien orrazkera politikarako eremu bihurtzen da bat-batean. Mendebaldeko edertasun-eredu inperialista zapaltzailea dela argudiatzen hastean dimentsio berri bat etortzen zait burura. Ifemelu bezalako hainbat andrek bereak eta bi egiten dituztelako nirearen moduko mataza bat antzezteko, polita hori dela inposatu digutelako. Michelle Obamak, bestela, zer darama buruan? Angela Davisek, bestela, zergatik aldarrikatzen du kizkurra?

Kurioski, nire kokalekuarekin berez zerikusirik ez lukeen zerbaitek konektatu ninduen erabat Ifemelurekin, eginarazi zidan klak engranaje guztietan. Protagonistak, AEBetara iritsi eta tarte batera blog bat jartzen du martxan, izugarri arrakastatsua, arrazaren arazoa hizpide. Beltzen arazoarena, bistan dena. Idazki deserosoak plazaratzen ditu, bere bizipenak abiapuntu, eta AEBetako beltzen eta beltz ez-estatubatuarren arteko talken berri ere ematen du. Bidenabar esateko, Ifemeluk harreman afektibo bat dauka beltz estatubatuar batekin, eskubide zibilen mugimenduan erabat barneratua.

Eta banator konexio-puntura. Nigeriara bueltatu ostean aldizkari arroxa batean hasten da geure pertsonaia beharrean. Dagoeneko senargai ohi den estatubatuarrak behin galdetzen dio ea zergatik sartu den horrelako lan batean, ea zergatik ez duen AEBetan abiatutako blogarekin aurrera jarraitzen, seguru izango dituela Nigerian arrazari buruzko kontuak aipatzeko. Ifemeluk, ordea, ihardesten dio bera AEBetan baino ez zela beltza, #kontzeptugisa, izan: hara iristean bihurtu zuen indarrez, estatuko egiturazko bazterketak; Nigeriara bueltatzean utzi zion izateari.

Larruak, ezin, bere bakardadean, ez Ifemelu ez beste inor beltz egin.

 

Danele Sarriugarte
Danele Sarriugarte

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *