Ez zen haren auzuneko plazara ateratzen zen lehen aldia. Aita eta osaba plaza-gizonak zituen, pandero-joleak ziren eta ondorioz, azokara maiz joaten ziren. Ama Madalena Artola zuen eta harekin bestelako lanak egitera ohitu behar izan zuen, behinola ohi zen bezala, emakumeei soilik egokitutakoak.

Egun horretan, ordea, bera izan zen oholtzara igo zena. Lehen aldia zuen. Aurretik bertsotan aritzen zen familia-giroan eta senideei esker panderoa astintzeko aukera izan zuen behin edo behin. Baina egun hori berezia zen; taula gainera igo zelako, eta horrekin batera, Euskal Herriko tauletan, iraultza txiki bat abiatu zuelako.

Maurizia Aldeiturriaga Artola musikari garrantzitsua izan zen. Akaso historiak ez dio behar adina osperik eman, baina haren naturaltasunak zein berezko ahots indartsu, sendo eta grabeak idatzi dituzte gure plazetako hamaika orri. Askok abesteko biluztu egiten zela zioten, ere eta erruz kantatzeko zuen ohitura horrek garai bateko punkirik punkiena izendatzera eraman gaitu.

Baina ez horrek bakarrik. Eta hona hemen berak bultzatutako iraultza txiki haren beste adierazle bat. Bere burua animatzeko, Aupa, Maurizia! edota Aupa, herriko neska gazteak! oihukatzen zuen, ondoan ez baitzuen inor animatzen zuenik, eta gehiengoa osatzen ez zuten herriko neskatilak lehen lerroan ikusteak, ziurrenik, berotasuna ematen ziolako.

Andra indartsu koplari

Amona irrintzilari

Horra pandero gainean

Gure erraiak kantari

Iraganaren ate eta

Geroaren atari

Horixe kantatu zioten Zeberion, hil zeneko omenaldian. Ez alferrik, Mauriziaren istorioak oholtza gainera igo garen askoren historia harilkatzen baitu. Erreferentzia askorik gabe taularatu garen emakumeona eta ahots goxo, liluragarri, fin edota orekaturik gabe kantatu dugunona.

Oraindik orain, zaila da agertokia geure sentitzea eta gure buruak bertara jauzi egiteko adorez jokatzea; edozein musika-tresna hartu eta, formazio gehiegi gabe, kantuak sortzeari ekitea. Orain arte musika-eszenan ezagutu dugun guztia hankaz gora jartzea dakarkigu: jokalekua berasmatzea, denontzat espazio eroso eta seguruak sortzea, sarritan dauden botere-harremanak gainditzea.

Mauriziak lez, larruazalean bizi nahi dugu plaza, gure buru estimarako /burua baieztatzeko ariketa gisa. Dagokiguna hartu nahi dugu eta betiko. Errebeldiaren marrua gara, elkarren artean dantza egitera gatozenak, feminismoaren akordeek bustita kantatzera gatozenak. Aupa, herriko neska gazteak! Eta ez hain gazteak, noski.

Miren Aranguren
Miren Aranguren

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *