Atzeguardiatik
Udane Barinagarrementeria Laka 2020-04-02
Uxue Bereziartuaren (Berexi) ilustrazioa.

Konfinamenduko hamabostaldia igarota, tripetatik letretara salto egiteko beharra dabilkit gaur. Izango da letrek tripak ordenatzen laguntzen didatelako, edo, tripetakoa izendatzeko daukadan arma bakarra direlako. Bigarren hau ziurrago.

Maitasunaren absinentziara kondenatu gaitu pandemia honek. Horrekin nahikoa ez, eta hiztegi belikoa inposatuz, geure gorputzekin gerran gaudela sinesteraino heldu gara. Kapitalaren soldadu eta barruko poliziaren esklabu. Eta tripetan mugitzen zaizkit hitzak: zaintza, maitasuna, beldurra, sarea, heriotza, bizitza. Hauek ordenatzen saiatzean, hizki-zopa batean bezala, zaurgarritasuna agertzen zait, hitz solte denak josten. Berba potolo honek dakarren bertigo eta guzti.

Zaurgarri. Zauritzeko gai garela onartzea. Geure gorputzok elkarrekiko dependienteak direla ulertzea eta praktikara eramatea. Hori guztia eta hori besterik ez.

Zaugarritasuna orekaren prekarizazioa bada, oreka hori bilatzen eta mantentzen laguntzen zuen sarea hari fin izatera kondenatu zutenetik, gorputzen hauskortasuna azaleratu zaigu. Horregatik, kapitala vs bizitza genioen, eta gaur inoiz baino ozenago eta konbentzituago diogu.

Gure atzeguardiatik, zaintzaren definizioa handitzen, osatzen, konplexutzen den leku horretatik; sareak eusten, josten, indartzen jarraitzen ditugun harremanetatik; maitasunaren abstinentzia garaietan inoiz baino gehiago droga horren beharra dugun gorputz alienatu hauetatik; bizitzak sostengatzen dituzten berbetatik.

Abangoardia gara.

Eta bagara, zaurgarriak garela ulertzen eta onartzen dugulako. Gorputz hauskorrak maitatzen ikasi dugulako. Hau guztia kolektiboki egin dugulako, eta hain zuzen horregatik, kolektiboki soilik salbatuko eta sostengatuko garela badakigulako.

Gure gerra non dagoen badakigu.

Lubaki zaharraren ondoan berriak eraikitzen goaz. Oraingoan etxeetatik: arduratik eta beldurretik. Zaintza eta bizitza defendatzen dituen lubakia, zaurgarritasunarekin elkarbizitzan egiten delako. Eta amaigabea delako.

 

Udane Barinagarrementeria Laka
Udane Barinagarrementeria Laka

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *