Armairuetan sartu ninduzuenekoa

Homofobiarik ez da Euskal Herrian. Gurean ez da homosexualik urkatzen, pertsona arruntak bezala odola emateko eskubidea dute, euren artean ezkondu ere egin daitezke. Eustatek badaki: 15-19 urte bitarteko gazteen artean, %87 genero berekoen ezkontzaren alde dago eta bizilagun homosexualak edukitzeak ez luke %86 gogaituko.

Duela pare bat urte hasi nintzen konturatzen homofobia neurtzeko indikatzaileetan pobre zebiltzala estatistika institutoak; noiz eta, urtebete atzerrian igaro ostean, armairu batean sartu nindutela konturatu nintzenean eta, klaustrofobiak jota edo, zoriontsu egiten ninduen deskubritu berriko mundu hori ezagutzera eman nahian edo, lau haizetara garrasi egiteko gogoa nuela etengabe, emakume bat gustatu zitzaidala eta, gustatu bakarrik ez, zoratu nintzela berarekin egun osoa irauten zuten elkarrizketetan, mundua ulertzeko zuen pasioan, gauean hasi eta egunsentira arte irauten zuten larru jotzeetan, eguerdian bere usaina zeukan burusiari esker bero-bero eta umel-umel esnatzean; eta hasi nintzen ateratzen barruan sartu izanaz konturatu gabe armairu guztietatik: estatistiken arabera, segurtasun guneak diren horietan aurrena, euskaldun eta gazte, 21 urteko neska kuadrilan alegia, eta hilabetetan zehar hoztutako harremanaren komunikazio disfuntzionalagatik izango zen, barizelaz gaixo nintzela aipatu banie bezala erantzun baitzidaten “baina… hori pasako zaizu, ezta?”, harridura eta inoiz jakin ez ditudan txutxumutxuen artean, noski, nola izango baitzen posible hainbeste mutilekin ibilitako alu hori orain zer eta zakilei uko egiten aritzea, momentuko beroaldia izan behar zuen, komedia estatubatuar merkeetako unibertsitate bizitza antzezteko nahia edo, besterik gabe, herrian atentzioa emateko, guztion hizpide eta solasaldietan protagonista izateko saiakera desesperatua.

Nire sorterrian egin nuen bigarren irteera epikoa, oharkabeago lotsagabe baino, herriko festetan lehen aipatutako neskarekin agertzean, artean herri goierritarreko biztanleek nola erantzungo zuten burutik ere pasa gabe, zeharo ahaztuta aberrian utzitako faunarentzat mutil laguna abandonatu eta bikote berria eskuratu soilik ez, eme batekin ordezkatu nuela eta, hori gutxi balitz, herrira bertara eraman nuela harro eta inongo lotsa edo zalantza edo beldurrik gabe, mutikoarentzat eta bere lagunentzat umiliazio publikoa areagotuz gaueko ordu txikitan tabernen erdian musukatzen ginenean. Lehenengo egunean bertan etorri zitzaigun umetatik lagun izandako mutil bat, erakargarri suertatzeko otu zitzaion baina nazkagarri baino erdeinagarriagoa zen tonu batekin galdetuz ea nolatan ez genion abisatu, egingo genuela eta hiruron artean txortaldi eder bat, bai baitakigu zakilik gabe emakumeon zuloak ez direla betetzen eta, hortaz, ezin direla asebete eta berak bazuela guri falta zitzaigun hori, Freuden oniritzi eta guzti. Biharamunean iritsi zitzaizkidan dozena bat mezu sakelekora, lagunenak guztiak, kazetari senari erantzunez, kontrastatu nahi baitzuten kuadrilakoaren anaiaren adiskidearen bizilagunak ikusi zuenaz kontatutakoa egia ote zen.

Heterosexualitate presuntzioaz lanean jabetu nintzen, nire aurreko harreman afektibo-sexualen inguruan arrastorik ez izanagatik ere, azkar asko iradoki zidaten eta lankide berriek erdi biluzik ageri ziren gizonezko kirolari batzuen argazkiak uholdeak sortuko zituela nire hankartean eta, gaitzerdi, nire gain eragindako biolentziaz jabetu ziren, “ez. Aukeran, nahiago emakumeak” sinple, motz, eraginkor erantzun eta berehala.

Lagun lesbianen esperientzian oinarrituta, bertatik lortuko nuen anekdotan itxaropentsu joan nintzen ginekologoarenera, ordura arte barrez leherrarazi nindutelako halakoek eta, ez zen gailurretik urrun geratu. Mutilekin harreman seguru eta errazak edukitzeko pilula antisorgailuak errezetatzeko zorian zegoen, harreman horiek emakumeekin edukitzen ditudala azaldu nionean eta oso ulerkor adierazi zidan zein garrantzitsua den sexu heziketa ona jasotzea institutuan, adibidez, sexu bidezko gaixotasunak ekiditeko. Halako hezkuntzarik sekula jaso gabea nintzela eta emakumeekin harreman seguruak izateko metodorik inoiz aipatu ere ez digutela egin azaldu nionean, mezu lasaigarria helarazi zidan: “baina zu lasai, ez zara eta hiesa duten emakumeekin oheratzen, ezta?” galdera erretorikoa bota zuen eta ipini nuen aurpegiak izututa, edo bere jakindurian konfiantza larregi gabe, ordenagailuan hasi zen arakatu eta arakatu, artatzen ari zen pazienteari behar bezalako arreta eman nahian: webgune zerrenda bat eman zidan inprimatuta, LGTB elkarteen helbideak gehienak, eta baita Eusko Jaurlaritzak nerabeentzako prestatutako sexu heziketa programa batena ere, besteak beste.

Bi urte eta lauzpabost emakume igarota erabaki nuen gurasoen armairutik irteteko garaia zela, ordura arte trantzea izango zela banekien hori ekiditen saiatu bainintzen etengabe, neure burua konbentzituz ez zela beharrezkoa gurasoentzat prentsaurrekoa egitea, harreman serio, finko eta luzaroan jarraituko zuena eduki arte, eta orduan konturatu bainintzen litekeena dela halako harremanik sekula ez edukitzea. Guraso direnez, euren desioetan desioa alaba zoriontsu ikustea denez, babesa adierazi zidaten: aitak epe luzerako planak buruan “hemendik bost edo hamar urtera, heldua zarenean, lesbiana zarela esaten jarraitzen baduzu, gure babesa izango duzu, zalantzarik gabe”, eta amak, azalpen arrazionala “nik uste dut gizonekiko duzun ezinikusi hori harremanetan porrot asko jasan dituzulako dela, mutiletan gazteegi hasi zinelako”, eta ondoren etorri zen bi ordu eta erdiko elkarrizketa behartua, hainbeste denboraz ekindindako trantzearen mamitzea. Aitaren indiferentzia shocka eta amaren negar eta beldurrak baretu nahian azaldu nien ez zitezela kezka, neure gainontzeko talde sozialetan lesbiana naizela esplizituki eta inork ez duela arazorik horrekin eta ez dudala sufritzen gizarteak eragindako homofobia jazarpenik, eta orduan bai lortu nuela anekdotarako erantzuna, amak ihardetsia: “zer esan nahi du horrek, aita eta biok izan garela azkenak jakiten gure alaba lesbiana dela?”.

Bost armairutatik irten naiz bi urtetan eta, Robespierrek gidatutako LGTB iraultza bat gertatu ezean, martxa berean jarraitu beharko dut hiltzen naizen arte ala heteroarauaren erraztasun eta erosotasun sozialak irensten nauen arte. Gurean berdintasuna ukigarria dela sinisten dutenentzat, alda dezagun lehen paragrafoa: homofobiarik ez da neurtzen Euskal Herrian.

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

2 Iruzkin

  1. […] Iritzia atalean, Danele Sarriugarteren “Ifemelu beltz egiten zuena”; Kattalin Minerren “Ulertzen nauzuenoi” eta sortzaileetako baten, Ana Iruretagoyena Rodríguez-en, “Armairuetan sartu ninduzuenetakoa”. […]

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *