“Arkitektura jendarte jakin bateko baloreak materializatzen dituen tresna da eta ankerkeria asko egin daitezke hura erabiliz”
Maider Galardi 2017-04-26

Arkitektura teknikoa ikasi eta Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze eta Zaharberritzearen masterra egin du Garazi Lizaso usurbildarrak. Ikuspegi feministatik Saturrarango kartzelaren inguruan osatu du master amaierako lana, eta agerian utzi du kartzela egiturak emakume presoekiko duen eragin zapaltzailea. Frankismo garaitik abiatuta, egun ere espetxeak andrazkoengan duen funtzio birsozializatzailearen inguruan aritu da hizketan Klittorekin. 

1) Nondik nora aztertu duzu Saturrarango kartzela-egiturak emakume presoengan izandako eragina?

Ondarearen ikuspegitik abiatuta egin dut lana. Ez da kasualitatea Saturrarango emakume kartzela  ahanzturan erori izana. Arrazoietako bat da garai batean ez zela ondare historiko izendatu. Babesa edukiko balu, akaso, bere horretan mantenduko litzakete eraikina. Izendapenik gabe, eraitsi egin zuten, eta hortaz, ezer gutxi dakigu kartzelaren egituraren inguruan. Arkitekturari ere erreparatu diot lana egiterakoan. Arkitektura tresna bat da, eta ez soilik artea edo zientzia objektiboa. Jendarte jakin bateko baloreak materializatzen dituen tresna da, eta horri ematen zaion erabileraren arabera, ankerkeria asko egin daitezke, eta agerikoa da intentzionalitatea, egon badagoela.

Saturrarango kartzela ez zen espetxea izateko sortu, ez zen horretarako diseinatu. Baina, hala ere, intentzionalitate asko agerikoak dira, eduki duen erabileragatik. Ez da kasualitatea emakumeak, ezaugarrien arabera pabiloietan banandu izana. Horrek elkarren arteko harremanak zailtzea zekarren, eta matxinadak ekidin zituzten. Hezetasuna eta ura zuten ziegak zigor-gela moduan erabili zituzten, gainera. Gainpopulazioa ere arazo larria izan zen Saturrarango espetxean; 160 pertsonako komun bakarra zegoen, esate baterako. Komunek, berriz, ez zuten aterik; horrek eginbehar fisiologikoak zigor bilakatzen ditu. Umilazio konstante bat bizi zuten bertako emakumeek. Kaka egiterakoan, guztien aurrean egin behar zuten, eta, jakina, zinkezko ontzian utzitakoa, ondoren zetorrenak ikusten zuen. Era berean, kontuan hartu behar dugu espetxean ez zeudela soilik emakumeak, haurrak ere bazeuden eta. Higienea ukatu zitzaien eta horrek norbere buruarekiko sortzen duen higuina zigor handia izan zen.

2) Emakume horiek egunerokotasunean jasandakoak, badu, zigor penala bete behar izateaz gain, beste mota bateko zigorrak eraransteko helburua.

Nik zapalkuntza bikoitza aipatu dut lanean.  Batetik, kode penalak ezarritako zigorra bete behar zuten, altxamendu frankistaren aldekoak ez izateagatik. Bestetik, zigor soziala ere jasan dute emakume presoek, emakume on  ez izateagatik kastigatuak izan baitira. Rol hori “ongi” ez betetzeak estigma soziala eragin du. Ikerketan bere horretan utzi nuen arren, orain hirugarren zigor mota bat gehituko nuke: autozigorra. Zigor sozialak badu emakume horiengan eragin pertsonal handia;  haien burua kastigatzen dute sozialki erakutsi diguten ama on hori ez izateagatik. Zaintzaile rola edukitzetik zaindutako subjektu izatera igarotzeak sekulako barne gatazka sortzen du emakume presoengan.

Hiru zigorren pilaketaren adibide garbia da ondorengoa: Saturrarango espetxean zeuden haurrak edo jaio berriak, bataiatu egiten zituzten eta ondoren prentsan argitaratu. Kontuan hartuta espetxeko presoak, orohar errepublikanoak eta laikoak zirela, umilazio ikaragarria zen hori haurren amentzat: zigor soziala eta autozigorra, erabatekoa, noski.

3) Gaurkotasun handia du espetxean ama diren presoen gaiak.

Saturrarango kartzelaren lehen aldian, haurrek euren amekin 6 urteak arte bizitzeko aukera zuten. Hor atzean badago idatzi gabeko lege bat. Haurrek aita izan arren, ez dira horiekin egoten; sozialki erabat barneratua baitago amek izan behar dutela haurren zaindari. Gerra Zibila bukatu ostean, hiru urterekin haurrek kartzela utzi behar zutela zioen legea jarri zen indarrean. Beraz, hiru urtetik aurrerako ume guztiak atera eta haur lapurtuen auziari eman zitzaion bide.

Agerikoa da beraz, lehen eta orain, autoritateak “haurrak kentzearekin” mehatxu eginez, beldurtzen dituela emakume presoak.

4) Zein da kartzela egiturak emakume presoekiko betetzen funtzioa?

Sarri egin ohi den konparaketa da EME/UMErena. Andrazkoak infantilizatzeko sekulako joera dago kartzelan. Gaur egungo espetxeetan ere gauza bera gertatzen da. Saturraranen, ordu luzeetako sermoien bidez eta dotrinaren bitartez, “berbideratu” nahi izan zituzten emakumeak; alaba, emazte eta ama “on” bilakatzeko; ingurukoak zainduko zituztenak eta sistema bere horretan errepikatuko zutenak.

Gainera, estatu faxistak eta elizak tratua egin zuten. Frankismoak lurrak eskuratu ahala, preso kopuruak ere gora egin zuen eta horiek atxikitzeko espazioak behar zituztenez, elizak, eskolak eta konbentuak jarri zituen estatuaren esku; hainbeste preso pilatuta, edozer bilakatu zuten espetxe.  Horrela sortu zen, besteak beste, Saturraran. Konbentuko mojak, berriz, kartzelazainak bihurtu ziren. Elizak, ordainetan, katekizatzeko masa bildu zuen, errepublika garaian asko murriztu  baitzen eliztar kopurua.

5) Helburu birsozializatzailea dauka, beraz, kartzelak?

Erabatekoa. Kartzela egitura paternalista da, infantilizatzailea. Emakumeen eredu bakarra sustatzen du espetxeak eta kosta ahala kosta bideratu nahi ditu andrazko gatibuak molde horretara. Eredu horri jarraituta, emakumea ez da inoiz bere kasa ekin eta pentsatzeko subjektua, eta haren ordez erabakitzen dute gizonezkoek. Horretarako, kartzelak lan handia egiten du: emakume presoen “morala zuzentzea” da egin behar garrantzitsuena.

6) Saturraranen inguruan osatutako lanean ateratako ondorioek balio al dute egun andrazko presoek bizi duten egoera ulertzeko?

Antzekotasun handia dago. Historikoki, pareko patroiak jarraitu izan dira emakumezkoak zigortzeko eta “eredugarri” diren andrazkoak birsortzeko. Michel  Foucault pentsalariak kartzela egitura aztertu zuenean, ez zituen kontuan hartu duela hiru edo lau mende emakumeentzako espreski sortutako Galera etxeak edo Miserikordia etxeak. Izan ere, gizonezkoak zigor fisikoarekin zigortzen ziren garaian, emakumeei askatasuna ukatuz ezartzen zieten zigorra. XIX. Mendera arte, emakumeentzat soilik diseinaturiko kastigua zen askatasuna mugatzearena, baina, orduan, zigor fisikotik giltzapetzera egin zen jauzia mendebaldeko estatuetako zigor kodeetan.

Giltzapetzeaz gain, badaude bestelako antzekotasunak. Esaterako, espetxean jasotzen dituzten tailerrena. Nik Gerra Zibilaren garaiko kartzela baten inguruan egin dut ikerketa. Garai horretan, preso zituzten gizonezkoek kanpoan egiten zuten lan. Esklabu gisa aritu ziren, ez dago zalantzarik, baina, espetxetik kanpo. Emakumezkoak, berriz, ez ziren kartzelatik irteten sekula. Gainera, lan egiteagatik dezente gutxiago ordaintzen zitzaien; eta gaur egun ere, gauza bera gertatzen da kartzeletan. Gizonen egin beharrak, lan banaketa sexualaren araberakoak ziren erabat. Emakumeek ere sozialki esleitutako rolaren araberako lanak egiten zituzten: etxeko laboreak, josketa, sukaldaritza… Gaur egun ere, gauza bera gertatzen da kartzeletako tailerren eskeintzan; agerikoa da da sexu-genero rolen banaketaren arabera batari eta besteari egiten zaion eskaintza oso maskulinizatua eta, batez ere, feminizatua dagoela. Preso egondako emakume askok salatu dute, gainera, kartzelako ekintzetarako eskaintza, gizonek aukeratu ez dutenaren araberakoa dela, alegia, horien soberakinekin bizi direla espetxean.

Azkenik emakume presoek jasan behar duten zigor soziala eta espetxeak haiekiko duen funtzio birsozializatzailea Saturraranen bezala, gaur egun ere gertatzen dela oroitarazi nahi dut, baita haurrek soilik amekin egoteko duten eskubidearen atzean dagoen isilpeko lege hori salatu ere.

Maider Galardi
Maider Galardi

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *