Anorexiaz eta inkisidoreen dantza ilunaz zenbait obserbazio
Amaia Lekunberri 2016-11-10

Eugenia Cooney, 22 urteko youtube izar estatubatuarra, mintzagai bilakatu da ‘Change.org’ plataformaren bidez hedaturiko eskakizun bat medio: 10.000 sinaduratik gora bildu zituen honen youtube kontuaren behin behineko itxiera erreklamatzen zuen eskaera orri birtualak. Gorpuzten duen muturreko argaltasuna, horra gaztea jendartearen partetik jasotzen dabilen lintxamenduaren zergatia.

‘Youtuber’ honen kasuak erraz lortu du hedabideen agendetan tarte bat egitea, anorexiaren gaiak eragin ohi duen morboak hutsik gabe erakartzen baitu egiatik ezer gutxi daukaten diskurtsoekin asetzen den publikoaren jakin-mina. Aipatu kasuan gertatzen ari den bezala, jendeak ezatsegina den eta xedatutako morala dinamitatzen duen kasuan kasuko hezur-azalezko gorputza ezkutuko erakarpen batez arakatzeari ekiten dion bakoitzean, errepikapenaren errepikapenaz egia absolutu bilakatu den anorexiaren bueltako diskurtso nagusitu eta zaharkituak iritzi publikoa nahieran moldatzeari ekiten dio, kausalitatez – kasualitateak ez du hemen tokirik – indarrean den ordena sozial heteropatriarkala egonkortzen duen anorexiaren irakurketa bat hedatuz. Kausa-efektu erlazio honek, zientzia biomedikoak sinaturiko anorexiaren gaineko diskurtso nagusitua dena dinamitatzera datorrenez gero, lehen kolpean mesfidantza eragin dezake. Cooney gaztearen kasua ostera, lortu duen irismena tarteko, argigarri suerta daiteke diskurtso hegemoniko honek ordena sozialaren mantenuan betetzen duen papera begiztatzeko orduan.

Eredu txarra izatea, horixe izan da Cooney-ren youtube kontua ixteko arrazoi potoloena, nahiz eta honek sareratutako bideoen edukia antzerako beste hainbat eta hainbat ‘youtuber’-ek sareratutakoaren kasik berbera izan. Gaztearen ahotik ez da sekula muturreko argaltasunaren apologia egitera zetorren hitz erdirik atera, baina badirudi horrek ez duela libratzen bere atari digitala anorexia eta bulimia bultzatzen dituzten web orrien kontrako borrokaren jo puntu bilakatzetik. Afera guzti honetan gorpuzten duen argaltasuna da arazoa, ez ei da – honek egiten duen erara – erakusgarria, eta puntu. Osasuna aitzaki, argumentu lodifoboen ezpal bereko arrazoiak ordena heteropatriarkalaren arabera onargarria zer den eta zer ez xedatzeko.

Edertasun ideal eskuraezin batek xedaturiko neurriekin bat datozen manikiz jositako erakusleihoetan azken moda tendentziak begiz jo, eskala txikiago batean neurri berberak erreproduzitzen dituzten panpinak etxeko txikienei oparitu eta – besteak beste – neurri horietara ahalik eta gehien gerturatu asmoz osasunari dagokionez guztiz kaltegarriak diren dietak jarraitzen dituen emakumez jositako jendarte batean Cooney bezalako neskatoei eredu txarra izatea egoztea jarrera hipokrita da gutxienez. Lehen begiratuan antzeman daiteke neskatoari ez doakiola lar ondo bere buruarekin, baina zintzotasunez galdetu diezaiokegu geure buruari ea nola doakigun geuri, ea zein motatako harremana daukagun ispiluan islatuta ikusten dugun gorputz horrekin eta elikadurarekin. Okela kopurua al da eredugarritasunaren neurri?

Egia esan behar badut, nire ingurura so egiten dudanean, elikadurarekin jarrera nahiko patologikoa daukaten emakumeak ikusten ditut han eta hemen. Nik patologikotzat jotzen dudana ordea, naturala omen da Cooney anorexiadun emakume gisa diagnostikatuko lukeen ikuspegi biomedikoarentzat (eta eskas elikatuta eta ahul nahi gaituen honen adiskide heteropatriarkatuarentzat). Emakumeek gizonen aldean errazio txikiagoak eta gantz gutxiagodun elikagaiak barneratzeak arrazoi biologikoak besterik ez omen dauzka, horrela ei gara, naturala omen da lehenengoek bigarrenek baino kilokaloria gutxiago irentsi behar izatea eguneko, metabolismo ezberdintasunak ere generoak markatzen ei ditu, batarentzat eta bestearentzat ezberdinak diren zientifikoki frogatutako elikadura-piramideak horren adierazle. Baina geldi hor. Campofriok produzitzen duen hilotz light-ena nerbio atake baten ertzean irudikatzen gaituen emakumeoi saltzeko frogapen zientifiko berbera darabilela kontutan hartuta, sar diezaiotela ziria beste bati. Jakin badakigu marketin pseudozientifikoaren erabilpenak irabaziak eta manipulazioa besterik ez dituela bilatzen.

Emakumeok espazio publikoan tokia egiten eta maskulinitateak bere propietate gisa markaturiko espazioak okupatzen joan ahala, geroz eta zorrotzagoak diren kanon estetikoekin bonbardatu gaituzte. Espazio publikoan pausu bat aurrera emateak eskaini beharko ligukeen edozein arnasgune ito asmoz, emakumeoi inposatutako edertasun kanona gorpuztea eskatzen zaigu onartuak izan nahi baldin badugu. Naomi Wolf-ek ezin hobeto azaldu bezala, “argaltasun femeninoarekiko obsesio kultural bat ez da emakumeen edertasuna gaitik obsesio bat, hauen obedientziagatiko obsesioa baino”. Emakume gisa heldu zaitezke igeriketan urrezko domina irabazi edo enpresan kargu garrantzitsu bat betetzera, baina hango aldizkariko modelo photoshopeatuaren kalko bat izan ezean ahaztu guztiz onartua izateaz. Oinarri patriarkalen gainean eraikitako jendarte eredu honetan onartuak izateko daukagun aukera kanon estetikoak markatzen duen heinean, berdintasuna falazia hutsa da. Utz diezaiokezu beraz, gaurdanik, Campofioren indioilar nazkagarria kontsumitzeari. Herbalife irabiatuetan dirutza xahutzeari. Etorkizuneko liposukzio posible horretan pentsatuz aurrezteari. Zelulitiaren aurkako kremaz azala lohitzeari. Autokontrolaren diziplina konstanteaz geure buruak geroz eta estu, ahul eta ixilagoak bilakatzeari. Ondo dakigu, baina, inposatutako emakume prototipoaren diktadurarekin apurtzearen afera ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Inposatutako feminitate hertsitik askatzeko desirak bultzaturiko apurketa hori generoarekiko atzera biderik ez duen ibilbide latza bilakatu daiteke, eta sarri askotan ibilbide hori gorputz-lan konstruktiboa ordez, auto-suntsitzaile bilakatu daiteke. Anorexia kasu gehienak auto-suntsiketa ibilbide horien lekuko ditugu, [ ironia modua ON ] diskurtso medikoari esker [ ironia modua OFF ] hondamendi pertsonala betikotzera kondenatuta ikusi daitezkeelarik. Kontrolatu nahi zituen hori kontrolatzeko autodefentsa ahaleginean iparra galdutako Cooney-ak ugari ditugu inguruan, baina hauen naufragioaren eragileak estruktura soziokulturalean ordez beraiengan bilatzen dituzten diskurtsoei bestelako diskurtsoak gailentzen ez zaizkien artean, anorexiak emakumeon osotasunarentzat mehatxu larri izaten jarraituko du.

Genero arau bitar hertsian eraikitako emakume eta gizonak garenez gero, geure errealitateak femeninotasunaren eta maskulinitatearen mugetara murrizten dira, hurrenez hurren. Murrizketa hori edozein izakirentzat itogarria bilakatu daitekeen arren, ordena sozialak bi errealitateetatik bakarra pribilegiatu bilakatzen badu, guztiz logikoa da pribilegiorik gabeen artean ondoeza sortu eta somatizatzeko joera askoz handiagoa ematea. Emakumeoi begi bistakoa zaigu, mundua behatzeari ekiten diogun momentutik, inguratzen gaituen egitura kapitalista heteropatriarkalean esleitzen zaigun tokia zein den. Amaren barrenetik ateratzea erabaki eta lehen aldiz birikak airez bete bezain pronto – datorkiguna aurreikusiko bagenu legez kexati – martxan jartzen den enkulturazio prozesua goitik behera markatzen du emakume kondizioak, honek berarekin dakarren zapalduaren kondizioa miramendurik gabe irentsi beharrean aurkitzen garelarik, logika patriarkalaren arabera desberdintasun naturalak direnak geuretzat ere natural bilakatzera derrigortuta. Aurrerago, eta existitzen ez den berdintasun baten sentsazioa sortu asmoz, barneratutakoarekin kontraesankorrak diren mezuak hedatu ohi zaizkio enkulturazioak bere oinarriak desberdintasunean eraiki arazi dizkion neskatoari: berak nahi duena izan daitekeela errepikatuko zaio zapaltzen duen sistema berbera betierekotzen duten hezkuntza-instituzioetan, den bezalakoxea ere ederra dela aipatuko dio kontraportadan sabelalde laua promesten duten pilulen iragarkia dakarren aldizkariak, edota beste kultura batzuekin alderatuz gero emakumeak geurean dituzten abantailez mintzako zaio bortxaketa baten aurrean errugabetasun-presuntzioa bortxatzailearentzat gordetzen duen egunkariak. Kontraesan horien artean naufrago, genero identitatea oztopo edota biolentziazko tratuen iturri bezala bizitzeak ez gintuzke harritu behar, eta honek zenbaitzuen logiketan zirkuitulabur bat eragitea guztiz logikoa iruditu beharko litzaiguke, ez patologikoa, eta are gutxiago berria. Beraien emakumetasun kondizioari izkin egin asmoz elikatzeari uko egitea heteropatriarkatua bezain estrategia antigoalekoa da. Kontzientea edo inkontzientea, baina estrategia azken finean.

Gaian sakondu duten hainbat ikerlari feministak aditzera eman dutenez, elikagaiak barneratzeari uko egin izan dioten emakumeak asko izan dira historian zehar, anorexia gaitz modernoa delako sinesmena ukatzera datorren datua. Jada I. mendeko erroman derrigorrezko ezkontzak ekidin asmoz beraien emakumetasun zantzuak muturreko argaltasuna gorpuztuaz ezabatzea zerabilten estrategia gisa garaiko emakumeek, eta Errenazimendu garaietan estrategia berbera erabili zuten amatasun paper biologikoari muzin egin nahi izan zietenek. V-XVI mende bitartean aldiz, hainbat emakume baraua barnebiltzen zuten praktika aszetikoei lotu zitzaien emakume bezala beraietaz espero zenari alternatiba bat bilatu asmoz. Anorexiaren santifikazio horretatik barauaren kriminalizaziora pausu bakarra zegoen ordea, inkisizio garaian barauaren praktika sutera kondenatzeko adinako deabrukeriatzat jo baitzen. Inkisizio ondorengo mendeetan berriz, sinesmenaren eta arrazoiaren artean izandako borrokan bigarrena gailendu izanaren ondorioz, anorexia gaixotasun mentalen artean kokatuko zuen medikuntzak. Gaur egun ere hortxe aurkitu dezakegun arren, benetan sinesten al dugu anorexia gaixotasuna dela eta ez bortxatzen gaituen emakume kondizioaren somatizazioa? Gaian aditua den mediku Paloma Sanchez-en hitzetan, anorexiaren manifestazio tipikoekin, garaiaren eta bizi duen testuinguru kulturalaren arabera, emakume gazte bat gaixotzat, mistikotzat, sorgintzat zein herejetzat joko da. Hitzok anorexia ikuspuntu feministatik jorratu duten hainbat ikerlari esatera datozena laburbiltzen dute, anorexiaren oinarriak faktore biologikoetan baino faktore soziokulturaletan bilatu behar ditugula alegia. Nola ulertu bestela ia kasuen gehiengoa emakumeetan ematen den ondoez bat?

Anorexiaren intzidentzia geroz eta handiagoaren aurrean, gorabehera minimo batzuk tarteko, alta medikoen zifrak aldagaitz mantentzen dira urteak joan eta urteak etorri: urtero-urtero, anorexiagatik erregistratzen diren alta medikoen %90 inguru emakumezkoena izan ohi da. Hala bada, argi eta garbi, anorexia gaixotasuna izatetik baino gertuago dago genero arazo izatetik. Behin hau azpimarratuta beraz, ezin ulertu dezakegu diskurtso hegemonikoaren genero perspektiba barneratu eta anorexia genero arazo dela onartzearenganako ukapena termino politikoetan ez bada. Ausartuko naiz esaten, beraz, anorexiaren bueltan diskurtso politiko feminista bat eratu eta zabaltzeak berebiziko garrantzia daukala anorexia benetan dena bezala tratatu nahi bada: emakume kondizio eraikiarekiko deserosotasunaren gorpuztea, gizon eta emakumeen artean existitzen den desberdintasunaren munta adieraztera datorrena. Diskurtso hegemonikoa saiatuko da behin eta berriz hau gezurtatzen, baina anorexia kasuak geroz eta adin-tarte goiztiarragoetan eta intzidentzia handiagoz ematen ari direla dioten datuak argibide ditugu honen eraginkortasun eza nabarmendu eta honen egikaritza ondoezaren prebentzioari baino ordena sozialaren mantenuari lotuago dagoela ondorioztatzeko. Eskuak burura eramango genituzke alkoholismoaren tratamenduak adikzioa daukan norbanakoa ostera ere tabernako edanera bultzatzea bilatuko balu, baina anorexiadun emakumeari ia arnasarik gabe uzteraino ito duen genero arau zurruna berriro ere betearazi eta patriarkatuaren alaba fin gisa gizarteratzeari ezin arruntagoa deritzogu. Logika patriarkala, beti legez, bereak egiten.

Itzulingururik barik esango dut, beraz, Cooney gaztearen irudiak – muturreko argaltasun bat gorpuzteagatik dekantatu diren beste hainbesterenak nola – hainbeste haserre sortzen badu ez dela gainontzeko gazteentzat izan daiteken eredu kaltegarriagatik, hau bere gorputzaren bidez gordinki adieraztera datorrenagatik baino. Hain da argia eta gordina argaltasun muturrekoa salatzera datorrena, ezen ordena patriarkalaren zaindari den zientzia biomedikoak, bere maskulinitate propioaren alde borrokan, mezu honen neutralizatzaile gisa erabili duen objektibotasunez gaizki mozorrotutako bere diskurtsoa. Diskurtso honekin Cooney-ri egindako lintxamenduak eta inkisidoreek hedatutako denuntzia sozialaren praktikak gordetzen duten edozein antzekotasun ez da kointzidentzia hutsa.

Amaia Lekunberri
Amaia Lekunberri

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *