Argazkia: Eginklik

Bazkaria eztarritik behera joateko moduko izan da eguerdiko albistea. Ez da ezustean iritsi. Hilabete luzez egon zaizkigu begi-belarriak prestatzen etor zitekeenerako. Gaur goizean irratiko ahots ugariri entzun diet esaten posible zela halako epai bat iristea. Desadostasunak omen zeuden epaileen artean. DESADOSTASUNAK. Izan ere, ez omen zen niri iruditu bezain erraza epaia: San Ferminetan etxeko atari batean emakumezko bat bortxatu zuten bost gizonezkok (horietako bat Guardia Zibila eta beste bat militarra), mugikorra lapurtu zioten, erasoa grabatu zuten, eta, gainera, bortxaketaren inguruko txantxak egin zituzten whatsapp bidez. Hala ere, badirudi emakumea ez zutela jipoitu, beltzitu, hil; eta, beraz, ez omen da indarkeriarik egon, ez omen da erasoa izan. Epaileetako batek, GAINERA, absoluzioa eskatu du, ikusi duen delitu bakarra mugikorraren lapurretarena izan dela argudiatuta. Eta zer nahi duzue esatea. Ordenagailuko teklak gero eta amorru handiagoz zanpatzen ari naizen honetan, hitzak idazten baino oka egiten dihardudan honetan, esaldiak idatzi aurretik bukatzen ditudan honetan, hitzik gabe, ahotsik gabe utzi nauten une honetan tripak ari zaizkit oihuka.

Azken egunetan behin eta berriz entzun dut jurisprudentzia egingo zuela epaiak, aurrekaria izango zela datozen kasuetarako. Hau ez bada bortxaketa bat, hau ez bada eraso bat, hau ez bada indarkeria, hau ez bada terrorismoa. Zer da? Bost laguneko talde antolatu batek erasotu, bortxatu, jazarri, zapaldu du neska bat. Hilabete luzez epaitegietako eta komunikabideetako zaborra, bortxa jasan behar izan du erasotuak. Etengabe jarri dute bere hitza zalantzan, iraindu egin dute, umiliatu egin dute, gutxietsi egin dute eta gaur, bigarrenez, bortxatu, erasotu, jazarri eta zapaldu dute.

Baina guk sinesten zaitugu. Erakunde matxisten atzaparretatik ihes eginda hartuko ditugu, kaleak, plazak, etxeak, tabernak, jaiak, gorputzak. Babesten ez bagaituzte elkar babestuko gara. Ez gaituzte isilduko.

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *