-Amona, gauza bat kontatu behar dizut, baina ez dut nahi zu triste jartzerik.

Eta amona erabat izututa, sukaldeko aulkian jezarrita, kezka aurpegia areagotuz. Auskalo zer zuen buruan.

-Ni oso pozik nago, zoriontsu, eta beraz nahi nuke zu ere pozik egotea nigatik.

Ausardiaz abiatu banintzen ere amonari kontatzera, beldurra nuen mingainaren puntan.

-Mutil batekin zabiltza.

Bekokia ilun amonak.

-Neska batekin.

-Ene! A ze lasaitua eman didazun!

 

Eta hor hasi zen ordubeteko erretolika, 81 urteko amona katoliko zintzoari nahigaberik sortu nahi ez eta, niretzat zoriontasun iturri izanagatik ere, urtez ezkutatu nion sekretua kontatu eta pozez gainezka egin zuenean. Hasi baitzen lehenengo, niri argudioak azaltzen: hori ez dela batere txarra, berari ederki iruditzen zaiola, ez dagoela ni haurdun geratzeko arriskurik, eta gainera, askoz lasaiago biziko naizela.

Bere inguruko emakumeek gazte zirela jasan behar izan zituzten ankerkerien zerrenda azaltzeari ekin zion gero: lantegian ezagututako lagunari senarrak nola ematen zizkion tratu txarrak, ezkondu eta urtebetera oraindik haurdun geratu ez zelako (errua emakumeak zuela zabaldu zen, noski, herrian eta hamaika mediku eta botika tortura saiotara eraman omen zuten gainera); ondoko herriko laguna, berriz, ezkondu aurretik haurdun geratu eta mutil-lagunak abandonatuta, bakarrik eta herri osoaren begiradak epaitzen zuela hazi behar izan zuela alaba; beheko kaleko adiskideak jasan behar izan zuen miseria, sei seme-alaba izanda ere, senarrak irabazitako dirua etxera eraman beharrean, ardotan gastatzen zuelako –“Nik beti diot: askoz gehiago balio du norberak irabazitako peztak, gizonak ekarritako duroak baino”, azalpena tinko amonak-; bizilagunak arratsaldeko zazpietatik aurrera sentitzen zuen beldurra, senarra etxeratzerakoan, alkohol kiratsa ez ezik, haserrea ere ekarriko ote zuen; eta albisteetan ikusten dituen hilketa guzti horiek: “Emakumeak euliak bezalaxe hiltzen dituzte eta inori ez zaio axola”.

Orainera itzuli eta poz-pozik agertu zen amona, nire bizitzan halakorik jasateko arriskurik izango ez nuela ulertu baitzuen. Eta galdetu zidan nire “laguna” deitzen dion horren izenaz, adinaz, lanaz, euskaldun jatorra ote den… eta momentuan bertan esan zidan ezagutu nahi zuela: beste egun batean, etxean janzten duen mantal zikinik gabe eta ile apaindegitik pasa eta gero; dotore jarria, bere biloba zaharrenaren bikotekidea ezagutzeko momentuak merezi duen bezala.

Amonak ez du bere burua feministatzat eta ez zaizkio feministak gehiegi gustatzen ere, ustez telebistan bakarrik ikusten dituelako, askotan Elizaren edo jeltzaleen kontra egiten, “itxura pordioseroekin” gainera. Amonak ez du sekula entzun Wittig, Foucault, edo Butlerren inguruan, baina inongo teorizaziorik gabe ulertu du bere inguruko esperientzian gizonek eta, batik bat, senar eta ugazabek ekarri dietela bortxa emakumeei. Hitz potolorik erabili gabe ere, amonak ulertu du lesbianismoak logika heteropatriarkalari ihes egiten diola, emakumeak bortizki bortxatzen dituen sistemari bizkar ematen diola, eta bizitza askeagoa bermatuko diola bilobari.

Alderantziz izango zela sinetsita banengoen ere, 81 urteko amona katoliko zintzoak eman zidan niri sorpresa, ederra gainera. 1936an Goierriko baserri baten jaio eta hazitako emakume horrek jasotako hezkuntzan pentsatzen dut eta ezin dut miretsi besterik egin amona. Ordura arteko nire armairuko irteera guztien kontrara, lesbianismoaren potentzialtasun politiko guztia segituan harrapatu du eta, nigatik pozik egoteaz gain, maite du nire bikotekidea ere.

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

3 Iruzkin

  1. Biba zure amona! Eta Biba zu, Ana. Zurekin batera ziren bi lagunek osatutak mahaingua aurkeztea ohorea zela esan nuen aurkezpenean, baina zinez diot, zure hausnarketek eta zure parte hartzearekin gauzatu zela «ohore» hitza. Oso «moña» dirudien aitortza benetakoa da eta izugarrizko poza hartu nuen zure ahotsa irratian berriz ere entzutean, kazetari bikaina zarelako eta «infiltratu» ezinhobeagoa ere.

  2. Mila esker, Aitziber! Ohorea nirea, horrelako plaza baten hitz egiteko aukeragatik 🙂 Laster ikusiko dugu elkar, ziur!!

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *