“Always #LikeAGirl” bideoaz
Kalaka - Nerea eta Ilazki 2015-11-17

“Always #LikeAGirl” izenburupean birala bihurtu zen bideoan ikus dezakeguna kontuan izateko modukoa dela iruditzen zaigu. Hasiera batean neska eta mutil gazteei galdetzen diete ea neska batek bezala korrika egitea zer den, eta euren jarrera normal korrika egitea izan beharrean, korrika egiten ez dakien bat bezala hastea da. Galdera bera 10 urteko umeei egiten dietenean aldiz, beren jarrera guztiz desberdina da. Ahalik eta azkarren korrika egiten dute, “neska” bezala egitea ez da iraina eurentzat, beren identitatearen zati baizik. Neskak dira eta korrika egitea egin dezaketen gauzetako bat da, besterik gabe; konnotazio negatiborik gabe, alegia.

Bideoan bertan aipatzen dena da pubertaroan, 12-13 urtetik aurrera, izaera garatzen eta munduan gure lekua bilatzen ari garen horretan eragiten digutela era honetako komentarioek. Orduan hasten gara ohartzen “neskak bezala korrika egin, jo, etab.” esaten digutenean irain moduan aipatzen digutela. Hori barneratzen joaten gara eta horrek zuzenean gure autoestiman du eragina.

Garrantzitsua iruditzen zaigu era honetako bideoak zabaltzea, kontura gaitezen zein eratako kultura eta jendartean bizi garen: egun oraindik matxista eta guztiz patriarkala. Has gaitezen barneratuta ditugun baloreen inguruan hausnartzen eta hauek zalantzan jartzen. Garena gara benetan horrelakoak izan nahi dugulako? Txiki txikitatik, emakumeak izateagatik, gutxietsi gaituztelako? Puska ditzagun, gurekiko baldin bada ere (horrekin ere nahiko lan izango dugu eta), oztopo horiek eta berreraiki dezagun geure buruak ikusteko era. Gutxinaka egin beharreko lana da, gu aldatzeaz gain, beharrezkoa baita inguruak ere gure ikuspegi aldaketa ulertzea, euren babesarekin errazagoa izango delako prozesua. Gainera, gure inguruan inposatutako balore matxista hauek azaltzen baditugu, gure ikuspegia aldatzeaz gain, ziurrenik inguruko beste batzuena ere aldatuko dugu. Horrela soilik lor dezakegu etorkizunean jaioko diren umeek beste era batera baloratzea beren burua.

Neskak gara eta neskak bezala korrika egiten dugu, noski baietz. Baina hori nola izango da ba iraina? Esnatzen garenetik, lokartzen garen arte neskak gara eta egiten duguna neskak bezala egiten dugu.

Kalaka - Nerea eta Ilazki
Kalaka - Nerea eta Ilazki Kalaka komunikazio parekidea

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *