Alua izateagatik ezin dut jolastu
Mirari Ullibarri Ugarriza 2017-08-24

Ez da lehen aldia izango ezta azkenengoa ere; gaur alua izateagatik izan naiz diskruminatua. Gaur medikuak inposatu zidan sexuagatik baztertu naute.

Egunerokotasunean ikus dezakegu patriarkatuaren aztarna, egunerokotasunean paternalismo horren marka. Haatik, badaude zure barneko alarma pizten dizuten horiek ere, eta egun hauetan Gasteizen “ospatu” den Nazioarteko Errugbi Barneratzailearen Txapelketa da horietako bat.

Eta bai, ondo irakurri duzue, barneratzailea; integratzailea. Kontua da, moraltasunez eta aniztasunez beteriko diskurtsoak eraikitzen dituzten bitartean, beste behin ere aludunak arbuitau egiten gaituztela. Bazirudien banaketa binomikoa gainditua genuela (eguna eta gaua, kalea eta etxea, eremu pribatua eta publikoa). Hala ere, egunkariak XXI. mendean gaudela markatzen duen arren, ostia batez XVI.era itzuli gara.

IMAS (International Mixed Ability Sports) organismoak agindu bezala, aludunok mundial honetan ezin dugu parte hartu. Arrazoia: txapelketa maskulinoa da. Hau horrela irakurrita zentzuzkoa iruditu daiteke, baina testuinguruaz jabetzen garen heinean  esaldi horretan ageri den diskriminazioa azaleratu egiten da, nahigabean.
Munduan dauden errugbi barneratzaileko talde gehienak mistoak dira, hau da, gizonez eta emakumez osaturiko taldeak. Hori gutxi balitz, bertan jarduten duten laguntzaileak (dinamika hori aurrera eramateko zenbait kideren beharra dago) emakumezkoak zein gizonezkoak dira.
Hortaz, errugbi modalitate honek ezagutzen duen eredu hegemonikoa mistoa bada zergatik aldatu?

Aitziber Porrasekin, Gaztediko nesken jokalaria izandakoarekin, hitz egin ostean honelakoa azaleratu egin dit: “Ez da legearen inguruko informaziorik ez dugula, baizik eta, hura desobeditzeko hautua hartu dugula”. Berak esan bezala, 2015. urtean Bradforren nazioarteko txapelketa ofizialak emakumezkoenak edota gizonezkoenak izatearen hautua hartu zen, baina honelako erabakiak zuzenean diskriminazioa azaleratu zuen. Zergatik? Errugbia maskulinizatutako kirola dela oinarritzat hartuta, aludun gutxi hurbiltzen dira gaur egun honako eremura eta beraz, Emakumezkoen Errugbi Barneratzaileko Nazioarteko Txapelketa eratzea ezinezkoa edo ia ezinezkoa dirudi.

Egun hauetan, Gaztediko neskok kritika ugari jaso izan ditugu txapelketan pairatzen den diskriminazioa azaleratzeagatik, askoren aburuz, urte guztian zehar egindako lana zikintzen baitu eta  askoren aburuz ere, azken orduko kontua izan da gure haserrea. Guzti horoiei erantzuteko bi gauza garrantzitsu esan behar ditugu; batetik, diskriminazio honen aurrean egin duzuen gauza bakarra bizilagunaren trapu zikinak erakustea izan da, honen gaineko desobedientzia erakutsi beharrean eta bestetik, urte luzetako haserrea da gurea, eta hori guztia ez zen duela aste bete edo Bradforren duela bi urte hasi, hau guztia patriarkatuarekin hasi zen.

Diskurtso gehiegi entzun ditugu azken orduotan, guztiak aniztasunez blai, guztiak barneratzez blai, baina harrotasunez aireratzen dituzuen hitz horiek ez dute pertsonez berba egiten, gizonez baizik. Edo agian aludunok ez gara pertsonak, edo agian oraindik ez ditugu eskubiderik.

Mirari Ullibarri Ugarriza

1 Iruzkin

  1. Ziur gaude IMAS-i leporatzen dioguna? Desobedientzia gitxi egin dugula eta trapu zikinak baino ez ditugula atera uste (batzuk noski)?

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *