Toalla gerri bueltan batuta aldatu da zortzi urteko neskatoa, inguratzen duen biluztasunari jaramonik egin gabe. Titiak pausuaren erritmora dantzatuz dihardute batzuek itsas ertzean eta besteek ilez betetako zein azken ilera arte depilatutako paparrak astintzen dituzte hara eta hona.

Neskatoari aldiz, aurpegia gorritu zaio ondokoa kulero hutsean ikusi duenean. Berak toallan bilduta aldatu nahi du oraintxe atera berri zaizkion lehen iletxoak inori ez erakusteko. Titi buruak ere ondo tapatuak dauzka, pasatu zaio titiak lotsarik gabe erakusten diren ume aroa eta oraindik ez zaio lotsagabeki topless egiteko adina iritsi.

Noiz bihurtzen ote dira aluak lotsati? Noiz eta nork erabakitzen du titiak ezkutatzea edo tosplessaren aitzakiapean libre uztea?

Toallan kateatuta eta hanka baten gainean kuleroak janzteko ahaleginean oreka ezin mantenduta dabilen neskatoari begira geratu naiz eta erdi amorratuta bronka txiki bat bota diot gizarteak gugan sortu dituen trauma zentzugabeak zortzi urteko umean iltzatuak ikusi ditudalako.

Hondartzako egunaren bukaeran toalla batean bilduta hanka kuleroetan kateatuta eta bi eskuekin lau gauza batera egiteko ahaleginean topatu dut neure burua. Lehen ileak aspaldi hazi bazitzaizkidan ere inork ikusterik nahi ez banu bezala. Barregarri suertatu zait neskatoaren egin ahala bere aluko ile hazi berriak ezkutatzeko, eta begira non nik ia muturrak apurtu ditudan toalla batean kateatuta neureak gordetzen.

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *