Alaitasunez eta normaltasunez?

Gaitzesgarria da lau sexu eraso jazo diren festen balantzean “alaitasuna eta normaltasuna” azpimarratzea.

Pasa dira Iruñeko San Ferminak eta pasa dira festa bereizgarri bihurtzen duten ikur guztiak: galtza zuri, zapi gorri, antipodetatik mozkortzera etorritako turistak, estreinatu berri ikurrina, zezen-zaleak, animalien eskubideen alde borrokatzen dutenak, entzierroak, kalimotxoa eta sexu erasoak.

Pasa dira guztiak eta, beste behin ere, ikur guztiek bere horretan jarraitzen dute. Festa giroko sexu erasoak salatzeko antolatu zuten mobilizazioaren berri eman genuen Klitto!-n, egun gutxitara, 19 urteko neska batek jasandako erasoaren berri eman genuen eta, biharamunean, baita hori gaitzesteko egindako elkarretaratzearen berri ere. Beste hiru sexu eraso ere ekarri dituzte aurtengo San Ferminek, ordea, balantze ofizialaren arabera.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak “onartezintzat” jo ditu eta erasoekin bukatzeko konpromisoa hartu du. Paradoxikoa da, hala ere, balantzearen goiburu “alaitasuna eta normaltasuna” izatea. Paradoxikoa edo, behar bada, adierazgarri paregabea: lau sexu erasoren ostean, zer azpimarratu eta normaltasuna.

Normala da bai, tamalez, emakumeok indarkeria jasatea: esfera pribatuan, publikoan, etxeko sukaldean, lanean, kalean, jai giroan… Lau sexu eraso ekarri dituzte aurtengo San Ferminek. Bada garaia, “normala”ren etiketa kendu eta sexu erasoak benetan gaitzesten hasteko. Bada garaia sexu eraso baten ostean -gizonen- mundua, normaltasunetik at, hausnartzen hasteko.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

2 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *