Aitak egindako sexu-abusuari izena jartzea kosta

*Testua idatzi duen pertsonak nahiago izan du idatzia bere izenean ez argitaratu.

53 urterekin ikusarazi didate psikoterapian aitak sexu-jazarpena egiten zidala. Aurrena, psikologoak aitak egiten zidana sexu-abusua zela esan zidanean, nik segituan ukatu nuen, baina pixkanaka konturatu naiz hala zela. Oraindik harrituta nago nolatan ez naizen jabetu, nola izan dudan barrenean ezkutatuta.

12 urte inguru izango nituen aitak nirekiko sexu-jokabide zikinak hasi zituenean. Gure etxean, oherakoan, aitari eta amari bi musu ematen genizkien, edo beraiek seme-alaboi. Gogoratzen dut aita saiatzen zela musuak ezpainetatik gertu ematen. Nik mugitu egiten nuen burua hori ez gertatzeko. Nazka momentua izaten zen; sufritzen egoten nintzen oherako garaia iristen zenean. Musu baboso bustiak ziren. Joaten zenean, disimuluan, eskuaz txistua kentzen nuen; eta hurrengo gauera arte.

Beste une nazkagarri bat postre garaia izaten zen: aitak, apropos, platanoa eskatzen zuen, eta sagarrak, mandarinak edo laranjak. Barre txiki nazkagarriarekin, niri begiratuz, platerean organo maskulino itxuran ipintzen zituen frutak. Nik hori ikusi eta bestaldera begiratzen. Baina konturatzen nintzen berak niri begira jarraitzen zuela. Bazkaria bukatu eta bakea hurrena arte.

Momentu zikin horiek pasa egin nituen, nola edo hala. Ez nion sekula inori ezer esan; ez zitzaidan burutik pasa ere egin inori kontatzea. Banekien ez zela normala edo zuzena aitaren portaera, baina ez nuen nire kontrako erasotzat identifikatzen.

Hilekoarekin kristoren morboa zuen. Begi-ondoak seinalatzen zizkidan hilekoa ote neukan jakin nahian. Etxekoak ez konturatzeko moduan egiten zuen, bai hau eta bai aurretik kontatu ditudanak.

Behin, jangelan bakarrik nengoela, sartu eta, bat-batean, bere txilibituak 18 cm neurtzen zuela esan zidan, neurri normala bere hitzetan. Orduantxe neurtzetik zetorrela esango nuke. Seko harrituta, beldurtuta eta nazkatuta gelditu nintzen: zer esango edo egingo ote zidan hurrena?

Aitaren jokabide zerriaren adibide gehiago badauzkat, baina ez naiz luzatuko. Hitzezko jazarpena eta abusua izan zen, uste dut; hala ere, badaukat zalantza bat, gau batean kamioi bidaia batean, hoteleko gelan lo egin genuenean (kamioilaria zen aita eta niri kamioian ibiltzea eta gidatzea gustatzen zitzaidan), ez ote zen niri heltzen saiatu, ez bainuen ondo lo egin eta kamiseta kenduta esnatu bainintzen.

Ordura arteko guztiak isilik pasa ziren gure etxean, aita eta ni izan ezik beste inor konturatu gabe. Akaso ez zen hala izan, orain jakin baitut, ahizpak kontatuta, amak aitari esan ziola nirekin gehiago ez zuela lo egingo, neska eginda nengoela eta.

Aitaren nirekiko grina (?!) mutilekin koadrilan irteten hasi nintzenean bistaratu zen: ez zuen nahi ni “kalamidade” haiekin ibiltzerik. Kristorenak montatu zizkidan etxean. Ama eta anai-arrebak harrituta geratu ziren, baina gehiegi maite ninduela pentsatu zuten. Errematea mutil batekin hasi nintzenean izan zen: debekatu egin zidan harekin ibiltzea, harekin jarraitzen banuen ez nintzela gehiago bere alaba izango, mutila jotzen saiatu zen, bere burua hilko zuela mehatxatu… Portu bazterreko batekin nola ibil nintekeen, hori zen bere aitzakia. Nik banekien, ordea, hori ez zela arrazoia, eta beretzat nahi ninduela. Ez nuen etsi: mutil horrekin bizi izan nintzen ia hogei urtean, eta seme-alabak ere izan nituen.

Bolada batean, aitarekin hitz egin gabe egon nintzen. Alaba jaio zenean esango nuke hasi ginela “normalago” hizketan, lehengo konturik aipatu gabe, ezer pasa izan ez balitz bezala.

Hasieran esan dudan bezala, orain, psikoterapia egin dudanean (semearekiko harremanetan arazoak nituelako hasi nintzen), konturatu naiz aitak tratu txarra eman zidala, sexualki jazarri ninduela eta nirekiko sexu grina zuela. Aurreko batean, deitu egin nion esanez lehengo kontuak argitzeko hitz egin nahi nuela berarekin. Bere bila ez joateko erantzun zidan, eta, gaxtetan egin zizkidanaren pare bat adibide eman nionean, “pega eta montajeekin” ez joateko beregana. “Porkulo” hartzera bidali nuen.
Sekula ez du onartu nirekin izan zuen lainezaz betetako portaera txoro-zikina, ezta orain 80 urte dituenean ere. Nire anaien eta ahizparen aurrean ezer txarrik egin ez balu bezala portatzen da.

 

*Artikulu hau Copyright lizentziarekin babestuta dago

Sinadura anonimoa

2 Iruzkin

  1. Kaixo,

    ez dut hau ‘konfesioen liburu more’ batean bilakatu nahi. Baina, nahiz eta sinatu ez, seguruenik pasako zarenez zure istorioa birpasa eta berriz ere irakurtzera, idaztea ezinbesteko nuen.

    Mila esker, bihotz-bihotzez!

    Batzuetan sentitu izan ohi dut gizarte honetan emakumeon aurkako eta botere-harremanetan oinarritutako indarkeria batzuk soilik ikusarazten direla. Baina eskerrak beti ez den horrela. Izan ere, gure bizitzan hain garrantzitsuak diren lehenengo pertsona hauengandik (gurasoak, familiakoak…) datorren indarkeria, batzuetan zenbaterainoko inpaktua izan dezaketen ez da ezer ere errekonozitzen eta norbanakoarengan oso efektu latzak izan baititzakete…

    Gainera, gutxi hitz egiten da eraldatu (ia) ezin daitezkeen indarkeria egoera hauetaz. Orain dela hilabete inguru, nire oporrez gozatzen nengoela gurasoekin (edo hori uste nuen nik), amarekin izandako eztabaidatxoak aitaren ondoko jokabidearekin bukatu zuen: zoratuta nengoela esan zidan, ‘hain harroputz’ jarraitzen banuen etxetik botako zidala esan zidan (berriro diot, ‘bisita’ bat egiten ari nintzen, 23-24 urte nituenetik izan naiz ekonomikoki praktikoki independientea) eta gero guztia ukatu zuen, argudiatuz ‘denboratxoa daramadala handikeritan eta harroputza izanik jokatuz’. Kontu hauek orain dela urte eta erditik esaten dizkit, nire bizitza erdigunean jarri eta nire poztasuna beste edozerren gainetik ezartzen dudanetik. Lehenagobeti nengoen beraien aprobazioa lortu nahian eta aita eta amaren iskanbilen artean sartzen… ikasidut horrela ez dudala poztasunik lortzen eta nire aitak bazekienez 2018an banoala Euskaditik, ‘si no eres mía, no serás’ erabakitzen dutenen antzera, erabaki zuen bere alaba ez zela etxetik joango, berak botako zuela. Berak betiizan behar arrazoia, errealitatearen bertsio posible bakarra eta guztiok ‘amen’ esan behar.

    Esaten ez dugunontzat eta gure ongizatea lehenesten dugunontzat, zoratu ote garen galdera eta isiltasunaren legea zaintzearen betebeharra. Gu maltzurrak, haiek ‘horrelakoak diren koitaduak’.

    Ez dakizu zenbat ulertzen zaitudan, zein gertu sentitu naizen zure istorioarengandik eta hori teknikoki indarkeria mota desberdinak zirela, baina bai biok bizi izan dugula eskema eta logika berdinaren barruan.

    Eskerrik asko zure hitzengatik eta, nire nagusi ohi batek esaten zuen bezala: ‘aurrera, beti aurrera!’

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *