Ikasturte berria hasteko astebete falta den honetan, ezin izan dut begirada atzera botatzea ekidin. Gogoan dut iaz elektronikako irakasleak Ohm-en lege termikoa zertan zetzan azaldu zigunean, mundua bera era gordin baten ulertzeko moduko ohartxoa bota zigula: “badakigu lege hau ez dela guztiz egiazkoa, baina gure interesen arabera moldatuko dugu”.

Begi bistakoa da, zenbait adarretan salbu, gizon baino emakume gutxiagok betetzen ditugula gelak ingeniaritzetan, nahiz eta azken urteotan emakumeon sarrerak gora egin duen.  Oso datu esanguratsua dela esango nuke eta ez da harritzekoa. Emakumeek historian zehar gizonen moduko hezkuntza maila jasotzeko zailtasunez gain, aipatu beharko genuke garai bateko gizarte matxistak ze puntura arte erabili zituen bere armak emakumeen artean interes zientifikoa sustatu beharrean, etxean mantentzeko. XI.mendean Francis Bacon dugu lehenengoetariko zientziaren filosofoetako bat. Tipo honek metafora erabat misoginoak erabiltzen zituen gizonak eta bakarrik gizonak zientzian interesatu zitezen, haren hitzetan “gizon batek ez du beldurrik izan behar zulo eta zirrikituetan sartzeko, egia ezagutzea bere helburua denean”, horrela metodo esperimentala emakumearen bortxaketarekin parekatuz (Harding) edota natura tresna mekanikoen bidez torturatu beharreko emea bailitzan aurkeztuz, tresna horiek sorgin ehizan emakumeak torturatzeko erabilitakoekin berdinduz  (Merchant).  Sartzea lortzen zuten gutxiengoek beraien kide matxisten (egungo liburuetan agertzen diren zientzialari  famatu horiek: Planck, Einstein…) mespretxuak eta traba instituzionalak jasan behar izan zituzten, laborategietan sarrera debekatua izanagatik trastelekuetan ikerketak egitera behartuak izan zirenak. Amorragarria da berez emakume zientzialarien erreferenterik erakutsi nahi ez gaitzaten, baina are amorragarriagoa da zientzialari gizon hauek izendatzen direnean bere barren matxistaz txintik ez aipatzea. Egon bazeudelako eta bagaudelako, emakume indartsuak, borrokalariak, militanteak, hainbat prekarioak eta feministak, bonbak eta gerrarako tresneriara zuzendutako zientziari uko egin ziotenak, batzuk instituzionalki ez aitortuak eta ukatuak. Lise Meitner eta Irène Curie dira deskribapen honetan sartzen diren emakume erreferente  bi. Eta zer esanik ez anonimoki ibili zirenak, izen eta abizenik gabekoak,  sorgin ezizenez ezagunak ziren lehen medikuak, mundu maskulinista horretan (honetan) sartzeko trabestitu zirenak…

Hala ere, ez dut uste egungo arazoa kuantitatiboa denik, “berdintasuna” fifty-fifty sinple batera mugatzean,  bertoko gutxiengook pairatzen dugun errealitateari mesede egitea baino, bere horretan jarraitu dezan ahaleginak egiten ibiliko gara, arazoa atzetik eta barnetik datorrelako. Ikastegian argi ikusten baita; kasualitatez garbiketako langile gehienak emakumeak dira eta “segurata”  gehienak gizonak. Irakasle zein ikasleengatik datozen jarrera sexistak erabat normalizatuak daude: komentarioak, ormetan margozten dituzten faloak, bortxaketarekin egiten dituzten “txisteak” eta “feminaziekin”  adierazten dituzten euren kezkak, erabakiak hartzeko orduan jartzen dizkiguten oztopoak, gure ideiak entzun ez baina mutilenak (hainbatetan guk esandakoen berdinak) aintzat hartzen direnak, laborategi praktiketan esperimentatzeko uzten diguten espazio eza baina txostenak prestatzeko zein kalkuluak egiteko uzten diguten barra librea… Zer esanik ez apunteetan emakumeok dugun presentzia nuluaz, aurreko ikasturteko irakasgai batek zituen 500 orrietatik birritan agertu ziren emakumeen irudiak, batean PLC bateko iragarki baten eta bestea denda batera sartzen. Terminologiak ere badu bere xarma, “barne zuloak egiteko elementu”ari  MATXOA deritzo adibidez. Eta argi geratu zaidan beste gauza bat neutraltasunaren sinonimo gizon zuriak izaten jarraitzen duela da, batik bat Sanmameseko ingeniarien goi eskolako atarian “Ingeniarien eskola”ren gaztelerazko itzulpenak “Escuela de ingenierOs” izaten jarraitzen duelako eta gizaki eta makinaren arteko elkarrekintza azaltzeko, roboten eta gizon zurien arteko irudiak bakarrik erabiltzen direlako. Eta nire galdera da, zertarako nahi dituzte gelak emakumez bete, gero berton gaudenoi ez dagokigun lekuan sentiarazten bagaituzte? Itxurakeria.

Ohm-en lege termikoarekin gertatzen den bezala, egungo zientzia eta teknologia ereduak interes androzentriko eta ekonomikoen arabera idealizaturik daude eta horregatik beragatik ezin du tresna ahalduntzaile gisa jokatu mendebaldeko proiektu burges, maskulino, elitista, sexista eta arrazista delako. “Berdintasunaz” hitz egitean jakin beharko genuke zerekiko gura dugun, nire helburua behintzat ez da erdi-goi mailako gizon zuriarekin berdintasuna lortzea, ez zientzian ezta ezertan. Horregatik, kritika feministak ezinbestekoak ditugu, iraultza intelektual, moral, sozial eta politikoa izanik, emakumeak zientzian aztertzeaz haratago doazelako, zientzian feminismoa aztertzen baitute eta indarrean dauden estruktura hegemoniko guztiak jartzen dituztelako zalantzan, eta zientzian bereziki, ohikoa ez den jarrera da hau, Sanmameseko Herri unibertsitateko desalojoa eta ekintza feministen debekua ditugu adibiderik gertukoen.

Harding-ek esan zuen bezala, gure buruei  emakumeek zientziaren munduan interesik zergatik ez duten galdetu beharrean, hobe genuke planteatzea ea emakumerik ez egoteko zer demontre gertatzen zaion zientziari. Ze, zinez diot ez nauela harritzen Estatuaren mesedetan jarduten duen eta aplikazio industrial zein militarretara zuzendua dagoen zientziara sartu nahi ez izatea.  Ahots femeninoa behar dugu, baina feminista ezinbestekoa da.

Eva Perez-Pons
Eva Perez-Pons

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *