Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka
Maider Galardi 2018-03-20

2017.11.16. Belen Gonzalez Peñalba euskal militantea hil zen minbiziaren ondorioz Donostiako Onkologikoan. Etxean egon zen azken 8 urteetan, baina preso. Eta preso hil zen, segurtasunezko eskumuturrekoa jarrita. Gutxi izango ziren milurte berria hasi aurretik ardurazko postuak hartu zituzten andreak. Bera izan zen horietako bat, eta Aljerren aritu zen negoziazioetan. Bazuen ahotsa gizonezkoen espazio monopolizatuan.

2017.11.26. Azken agurra antolatu zioten senide eta lagunek Gonzalezi. Ez ohikoa agerraldi hori ere. Emakumeek bete zuten oholtza, eta andrazkoen hartu zuten ahotsa. Emakume ausarta izateagatik gogoratu zuten Gonzalez, eta hedabideetan jasotzea arrunta ez den argazkia utzi zuen egunak: emakumezko militanteak eta kideak lehen lerroan. Ekitaldi feminista, militante feministek egina, inondik ere.

2018.03.20. Miren Zabaleta, Olatz Dañobeitia, Oihana Garmendia eta Antton Lopez atxilotu ditu Guardia Zibilak azaroko ekitaldian terrorismoari gorazarre egiteagatik. Arrunta ere ez da gaurko eguna, 4tik 3 militante emakume atxilo, kide feministak eta aurrez espetxean egondakoak. Lauak gatazkaren konponbidearen lanean engaiatuak, memoriaren berreraikuntzan ekarpenak egiten jardun dira urteotan.

Luze iraun dezake gatazkaren memoriaren kronogramak. Luze gorputz herratuen kartografiak. Gogoan dut Dañobeitia, Foro Sozialak antolatutako “Nik sinisten dizut” mintegian. Gogoan dut emakume espetxeratu eta militanteen inguruan egiten ari den istorioen bilketa. Gogoan dut Garmendia, Usurbilen antolatutako Kalera Kalera egitasmoan emakume presoen ahotsa plazara ekartzen. Gogoan dut Zabaleta Bateragune auzian. Gogoan ditut gatazkaren ondorioak gorputzean ongi iltzatuta dituzten hamaika emakume. Lehen lerroa zein lausoa den erakutsi didate guzti guztiek. Presoa espetxean sartzen denean nor bihurtzen da ba, euskarrirako ezinbesteko zutoin? Nor bihurtzen da kontakizunaren narratzaile? Nor zaintzaile, maitale, ezinbesteko eusle?

Ikusezina izan da lan hori urte luzez, eta intimoa izanagatik, espazio politikotik desagerrarazi dira gorputz horiek guztiak. Gorputz kolektiboak, ordea, badaki zein beharrezkoa izan den kanpoko sustengua barrukoa zutik mantentzeko. Eta, akaso, gure gorputz kolektiboak ongi dakien moduan, beste batzuk ere jabetu dira kanpoko babesaren garrantziaz. Ez da lehen aldia (gogoan dut Arantza Zulueta), baina baieztapen horiek egiten dute, justuki, maitasunez egindako lan “intimo hori” politiko.

Gatazkaren memoriaren zamarekin jaiki gara gaur, sumatzen da memoriaren gatazkaren giroa. Zergatik da hildako bati egindako agurra ezeren gorazarre? Eta, noiztik da, maitasuna delitu? Hitzartzean aldarrikatu zuten Gonzalezek emakume eta militante gisa egindako lana. Feminismotik aritu dira lanean Dañobeitia, Garmendia eta Zabaleta. Feminismotik ezagutu dute espetxea, izan dira ohiko “lehen lerroko” gorputz. Eta orain, bigarren lerro lauso bezain ezinbesteko horretan lanean ari zirela, memoria kolektiboari ekarpenak egiten ari zirela, herri honen zauriak apurka ixteko bidean ari zirela, berriz ere atxilotu dituzte.

Zimurrak dituen gorputza gara, tolesdura bakoitzean sumatzen dugu gure historia garaikidearen orbain bat. Gatazkaren memoriak iraun du gorputz gazteon eta feministon begi ninietan, eta badatorkigu memoriaren gatazkaren aroa. Guztion artean eraiki behar dugu herri honi dagokion kontaketa. Eta, horretarako, beharrezkoa izango da lerroak mugitzea. Ari ziren Dañobeitia, Garmendia eta Zabaleta, egin zuen Gonzalezek orain zenbait urte, eta maitasunez beteriko herri besarkadaz agurtu zuten azaroan. Gaur, maitasun hori zein politikoa den erakutsi digute. Besteek ere bai.

Maider Galardi
Maider Galardi

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *