“Neska gazteok elkar ezagutzeko eta batera hausnartzeko espazio feminista bat sortu nahi genuen”
 klitto! 2017-07-20

Eraikuntza lanetan ari gara dinamikan erein zituten haziak Gazte udaleku feministak. Hilabetetako lanaren ostean, datorren irailaren 1tik 4ra bilduko dira Euskal Herriko neska gazteak Ozaetan. Emakume feminista moduan ahaldundu, ideiak eta tresnak elkarbanatu eta  tokian tokiko borroken berri eman eta saretu nahi dute egun horietan. 100 lagunentzako prestatu dituzte jardunaldiak, eta izen ematea dagoeneko zabalik dagoela azaldu diote Klittori Esti Mitxelena eta Ainara Santamaria taldekideek.

 

  1. Nola sortu da emakume gazteen udaleku feministak antolatzeko ideia?

Eraikuntza lanetan ari gara dinamikak izandako asanblada ezberdinetan sortutako proiektua da Udaleku feministena. Asanblada horietan lehen harritxoa jarri  ondoren, neska lan-talde bat osatu genuen datorren irailean Udaleku Feministak egin ahal izateko. Kurtsoan zehar hainbat bilera egin ditugu hauen prestaketarako, eta aurrera goaz!

 

  1. Zein helburu dituzue lehen topaketa hauetarako?

Neska gazteok elkar ezagutzeko eta batera hausnartzeko espazio feminista bat sortu nahi genuen, eragile eta norbanakoen saretzea eta aliantza indartuz. Denon artean gure errealitateari argazkia atera eta gure beharrak identifikatuko ditugu, hauei aurre egiteko tresnak elkarbanatuz eta sortuz. Neska gazteok emakume feminista gisa ahalduntzea da gure beste xedeetako bat, modu honetan gure formakuntza eta autoestimua indartuz. Eta nola ez! Aisialdiaz gozatu nahi dugu, espazio “formaletatik” atera eta espazio informalei indarra emanez.

 

  1. Zein izan da udalekuak antolatzera arte egin duzuen prozesua?

Lehen aipatu bezala, aurreko urtean udalekuak aurrera eramateko erabakia hartu eta neska talde bat osatu genuen. Udalekuen nondik-norakoak zehaztu ahala eta beharrak sortu ahala, hainbat lan-taldeetan banatu ginen hainbat arlo lantzeko: egitaraua, komunikazioa, zaintza, azpiegitura, sukaldea, dirua… Hilean behin ala bitan elkartu eta batak bestearen berri ematen diogu, lana elkarbanatuz.

 

  1. Emakume gazteei egin diezue udalekuetara hurbiltzeko deia. Zergatik da garrantzitsua adin tarte horretako andrazkoentzat espazioak sortzea?

Gure ustez garrantzitsua da neska gazteontzako espazio berezitu bat sortzea, zapalkuntza ezberdinak gurutzatzen diren heinean adinaren aldagaiak pisu handia hartzen duelako gure eguneroko errealitatean. Hau da, 20 urteko neska gazte gisa ditugun bizipenak ez dira 40 urteko emakume baten berdinak izango, eta guk espazio bat sortu nahi genuen neska gazteon errealitate horri protagonismoa emateko, maiz gutxietsia baita.

Hala ere, ezinbesteko iruditzen zaigu emakume gisa bizi dugun errealitateari heltzeko espazioak ere izatea, zeinetan adin ezberdinetako emakumeak elkarrekin bilduko garen… beste udaleku batzuk agian? Ez zen gaizki egongo!

 

  1. Euskal Herrian feminismoan aritzen den belaunaldi berri bat hasia dela esan dute teorilari zenbaitzuk. Hala dela uste duzue? Gazte izateak perspektiba berria emango dio Euskal Herrian feminismoei?

Gu ez gara inongo teorialariak eta zentzu horretan ez dakigu Euskal Herriko feminismoak berrituko dituen arnasik ekarriko dugun ala ez, baina garrantzitsua iruditzen zaigu gazte gisa bizi dugunetik ekitea feminismoari eta Udalekuen formatua polita izan daiteke horretarako.

 

  1. Gainera, azaldu duzue euskaratik eragin nahi duzuela. Euskara izango da komunikatzeko hizkuntza udalekuetan, eta azkenaldian Euskal Herriko feminismotik egiten ari den hausnarketa da hori. Zergatik egin feminismoa euskaraz?

Hasieratik genuen argi udalekuak euskaraz burutu nahi genituela, modu natural eta kontzientean  egindako hautua izan da hori; prestaketa lanetan aritu garenok euskal hiztunak garelako. Baina ez dugu euskaraz ez dakien inor baztertu nahi. Hau dela eta, laguntza mota desberdinak eskainiko dizkiogu euskaraz ez dakien pertsona orori, haiek ere udalekuetan parte har dezaten modu eroso batetan.

 

  1. Feminismoek askotan tokian tokiko errealitateei ematen diete erantzuna. Zuek, hala ere, Euskal Herriko emakume gazteei egin diezue deia. Garrantzitsua da oinarri komunak ipintzea maila nazionalean ere?

Argi dago mamia tokian tokiko errealitatean dagoela. Guk tokiko bizipen eta iritzi ezberdin guzti horiek komunean jartzeko espazio bat gehiago eskainiko dugu, uste dugulako aberasgarria eta emankorra dela ezberdinen batuketa.

 

  1. Elkarrekin biltzeak ahalduntzerako bide emango duela ere aipatu duzue. Udalekuetatik kanpo zein guneetan eragitea izango litzateke zuen ustez interesgarria ? (Herri mugimenduetan, komunikabideetan, militantzian…)

Galdera honen erantzuna Udalekuen osterako utziko dugu, jejeje, bertan marraztuko ditugulako bide berriak.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *